KRITIKA. Musika

'Vox Luminis, vox dei'

Vox Luminis eta Freiburger Barockconsort. FOPPE SCHUT.
2021eko martxoaren 11
00:00
Entzun

Vox Luminis & Freiburger Barockconsort

Zuzendaria: Lionel Meunier.Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Martxoak 8.

Lionel Meunier zuzendari eta baxu belgikarrak 2012. urtean sortutako Vox Luminis taldeak berehalako arrakasta lortu zuen hasieratik, eta aise bilakatu zen errepertorio barrokoan eredu. Bidez, gainera, kide bakoitza taldean zein bakarlari gisa maila bikainean aritzeko gai baita. Azken urteotan Freiburger Barockconsortekin eratu duen harremanaren bidez garatutako interpretazioek erreferentzia gorena izateko osagarri guztiak dituzte.

Hala suertatu zen astelehenean, XVII. eta XVIII. mendeen artean kokatzen diren bi konpositore ez hain ezagunen obra sakro nagusiak bildu zituen kontzertuan. Programaren ordena irauliz, H. I. F. Biberren Requiem fa minorren eskaini zuten lehenik, historia eta estilo irizpideak batzen dituen osaketan. Hasierako Introitus eta Kyrie ataletatik antzeman zen taula gainean zeuden musikarien trebezia eta gustu ona, Biberren partiturak zabaltzen duen dolu introspektiboari berezko arnasa eta intentsitatea emanez. Dies irae zatian bereziki nabarmendu ziren Jan Kullmann kontratenorraren kolore eta sentsibilitatea, erregistro altua ahaztu gabe erregistro baxuan ere tinbre aberatsa aurkeztuz. Agnus Dei eta Communio-an abesbatzak dinamika zehatz eta landuak hedatu zituen, eta hariek zein kontinuoak aldiro zaintzen zuten fraseatzea eta norabidea.

Bigarren zatian garai hartan operengatik ezaguna egin zen A. Steffaniren Stabat Mater entzun zen, bere eskutitzek diotenez, idatzi zuen azken obra. Oraindik ere XVI. mendeko polifoniaren kutsuak dituen estiloan, Mariaren oinaze gordina zabalduz doa bakarlarien, solistaren eta instrumentuen hartu-emanean. Vox Luminis taldeak duen abesbatza izaera agerian geratu zen Pro Peccatis atalaren ñabardura ederretan, eta baita Quando corpus morietur zatiaren harmonia zabalean zein Fac, ut animae donetur pasarte fugatuaren doitasunean. Freiburger Barockconsorteko musikariak sen onaz eta fintasunez aritu ziren hasieratik bukaerara, viola da gamba bereziki dotore. Jainkoaren ahotsa ezean, giza ahotsak izango zaizkigu kontsolamendu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.