Bandres-Karolo, ate joka

Urteroko lasterketa da Euskal Herriko mendiko eskiatzaileentzat, urteroko proba kutuna: Antxon Bandresen eta Karlos Imirizaldu 'Karolo'-ren oroimenezkoa. Mendiko Eskiko Euskal Herriko Txapelketa jokatuko da asteburuan Izaban, ohi bezala, festa giroan.

Eskiatzaileak mendian gora, Bandres-Karolon. BANDRES-KAROLO.
Unai Ugartemendia.
2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Urtero legez, mendiko eskiko Bandres-Karolo probako parte hartzaileak hasiak dira astebururako falta diren orduak zenbatzen. Aurten, gainera, beste askotan ez bezala, badirudi eguraldia ere lagun izango dutela ia 250 parte hartzaileek. Euskal Herriko txapelketak izango dira jokoan Izaban (Nafarroa), bai banakakoa eta baita kronoigoerakoa ere.

Larunbatean hasiko da Antxon Bandresen eta Karlos Imirizaldu Karolo-ren omenez antolatzen duten proba. Banakako proba izango da jokoan, eta eskiatzaileek 1.900 metroko desnibel positiboari aurre egin beharko diote. Okerrik ezean, Kartxela, Lakora eta Txamantxoia mendien inguruko paraje elurtuez gozatu ahal izango dute parte hartzaileek.

Igandean berriz, kronoigoera jokatuko dute. Aurten, berrikunta moduan, eskiatzaileak hamarreko taldeetan aterako dira, bezperako lasterketan lortutako postuaren arabera. Lehia irekia izango dela aurreratu dute antolatzaileek.

Azken urteetan gertatu den moduan, izen handiak izango dira irteeran. Emakumeetan, beteranoekin hasita, Izaskun Zubizarreta eta Uxue Fraile. Euskal selekzioko gazteek ere parte hartuko dute, Igone Camposek, Lide Leibarrek eta Ane Iturriak, besteak beste.

Gizonezkoen zerrenda ere ez da makala: Igor Alzelai, Javi Dominguez, Arkaitz Irureta, Axier Alonso eta Lander Alvarez beteranoak, eta baita Ander Gaviña, Rafa Urbizu eta Aitor Ajuria euskal selekzioko gazteak ere.

1. Zenbagarren aldia izango duzu Bandres-Karolon?

2. Zein probatan hartuko duzu parte, bakarkakoan edo kronoigoeran?

3. Aurretik beste lasterketarik egin al duzu?

4. Zerk ematen dizu beldur handien?

5. Zerekin konformatuko zinateke?

6. Zenbat denbora daramazu prestatzen?

7. Beste probaren batean parte hartuko al duzu denboraldia amaitu aurretik?

AITOR SARRIEGI GALPARSORO  Beasain, Gipuzkoa, 1976

1. Lehenengoa.

2. Bakarkako motzean.

3. Mendiko eskikorik ez.

4. Jendearen erritmoak. Ez nago ohituta, eta nire martxan egiteko asmoa daukat.

5. Bukatzearekin eta mendiko eskiko egun eder bat pasatzearekin.

6. Ez naiz bereziki prestatu. Aukera izan dudan asteburuetan mendiko eskiko irteerak egin ditut, baina gehiago gozatzealdera, prestatze aldera begira baino.

7. Ez zait iruditzen. Irteera eta zeharkaldiak bai, baina presiorik gabe. Mintxo Astizek Aimar Karrika eta biok engainatu gintuen probaren ondoren bertso poteoa egiteko aitzakian, eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Oraingoz, horrelaxe gustura, baina batek daki.

LUR BASTERRETXEA  Elorrio, Bizkaia, 1979

1. Aurtengoa hirugarrena izango da.

2. Bietan hartuko dut parte.

3. Aurten, gutxi. Gabonetan Alpeetan egon ginen, Areches-Beauforten, eta han kronoigoera bat egin genuen; oso gustura. Ondoren, Causiat Extremen parte hartu behar nuen, baina bakarkako lehiaketa bertan behera geratu zen. Asteburu horretan erreleboetako lasterketa bakarrik jokatu nuen.

4. Lasterketa guztietan urduritasun puntu bat izaten dut, baina beldurrik ez. Ea asteburu horretan eguraldi ona daukagun eta primeran pasatzen dugun!

5. Ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz; ez daukat buruan postu bat. Gainera, gauzak asko alda daitezke egun horretan dauden parte hartzaileen, ibilbidearen eta nire sasoiaren arabera.

6. Ia egunero egiten dut kirola; aste barruan, mendian korrika eta bizikleta; eta, asteburuetan, Candanchura [Aragoi, Espainia] joaten naiz mendiko eskiaz gozatzera, baina ez nuke esango lasterketa hau propio prestatzen ari naizela. Mendia maite dut, eta mendiarekin zerikusia daukaten kirol guztiak gustatzen zaizkit. Horrekin sasoiari eusten badiot, hobeto!

7. Beste urte batzuetan Altitoyn parte hartu dut, eta, aurten ez denez jokatuko, ez nago ziur zer egingo dudan. Ziurrenik, Candanchun bertan egingo diren lasterketetan parte hartuko dut: alde batetik, Causiat Extremen eta, bestetik, binaka egin beharreko Espainiako Txapelketan.

ION UBIDE  Tolosa, Gipuzkoa, 1981

1. Lehenengo aldia izango da. Jende guztiak oso ondo hitz egiten du probari eta bertako giroari buruz, eta aurtengoan animatu gara.

2. Bietan.

3. Aurtengoan ez. Joan den urtean Altitoyn parte hartu nuen.

4. Beldurra baino gehiago, nagikeria, eguraldi txarra tokatuko balitz.

5. Denok ondo pasatzearekin, proba ongi irtetearekin eta inork minik ez hartzearekin.

6. Aurten lau edo bost egunetan ibili naiz foka larruekin, eta asteburu bat iraupen eskia egiten.

7. Grande Courseko lasterketa pare batean eman dut izena beste bi lagunekin, eta loteria tokatu zain gaude!

JUREK ZIEMKIEWICZ ARTABE  Dima, Bizkaia, 1987

1. Izena hiru alditan eman dut, baina behin bertan behera gelditu zen; beraz, bigarren aldia izango da aurtengoa.

2. Bietan. Ibilbide biak erakargarriak dira niretzako, eta behin bertara joanda, ahalik eta gehien eskiatu nahi dut.

3. Candanchun jokatzen den Causiat Extreme proba egin behar nuen, baina, atzeratu egin denez, oraindik denboraldi honetan lasterketarik egin gabe nago. Izaban ikusiko dugu ea nahikoa entrenatu garen!

4. Ez gozatzea lasterketa egunean. Argi dago nire mailako eskiatzaileok ez dugula ezer jokoan, baina lasterketa batean beti irteten zara ahalik eta gehien ematera. Hala ere, garrantzitsua da presio hori alde batera uztea eta lasterketaz gozatzea.

5. Beste bi lagunekin joango naiz asteburu-pasa. Haiekin batera lasterketa bukatuz gero, poz-pozik bueltatuko naiz etxera.

6. Ez naiz bereziki lasterketa zalea; nik gehien maite dudana da mendiko eskia lagun artean egitea, benetan erakartzen nauten proiektutxoak egiten. Honelako probak aitzakia izaten dira niretzako, apur bat serioago entrenatzeko. Aurten denboraldi hasiera arraroa izan da, baina ahalik eta gehien eskiatu dut. Ez dut zenbaki zehatzik, baina, adibidez, otsailean ia-ia egunero jantzi ditut eskiak.

7. Denboraldia laburra da, eta ez daukat denetarako astirik! Causiat Extreme atzeratu da, eta hori egiteko aukera baldin badut, nahikoa izango da.

JANIRE AGIRRE ARANBURU  Ataun, Gipuzkoa, 1996

1. Bigarren aldiz hartuko dut parte mendiko eskiko lasterketa honetan. Orain arte parte hartu dudan bakarra da, baina lasterketa egiten den leku ederra ikusita, errepikatu beharra zegoen.

2. Bakarkakoa nahiz kronoigoera proba, biak egiteko asmoa dut.

3. Mendi eskiko lehen proba izango da. Korrikako lesio batekin nabil, eta ez dut aukeraaskorik izan lasterketak prestatzeko.

4. Aurten bakarkako probako ibilbide luzean apuntatu naiz, eta beldur pixka bat badut, agian luzeegia izango delako.

5. Izaba inguruko paraje eta mendi ederrez disfrutatzea.

6. Ez dut propio prestatu. Neguko elurrak hasi zirenetik, Euskal Herriko eta Pirinioetako elurrak aprobetxatuz ahalik eta mendi irteera gehien egiten saiatu naiz.

7. Bai, gustatuko litzaidake besterik egitea, Alta Ruta Pyrene esaterako.

CARLOS HERNANDO  Donostia, 1961

1. Laugarrena edo bosgarrena.

2. Asmoa, behintzat, bietan parte hartzea da.

3. Ez, aurten ez dut aukerarik izan.

4. Kronoigoerak. Beti ateratzen gara ahalegin betean, eta zaila izaten da erritmoa kontrolatzea.

5. Bukatzearekin nahikoa da, baina han egonda, beti egongo da norbait hari jarraitzeko edo hura baino lehenago iristeko.

6. Ez dut bereziki proba hau prestatzen. Urte osoan entrenatzen naiz bestela ere.

7. Ez dut uste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.