Anaitz Arbilla. Eibarreko jokalaria

«Golak sartzen badizkigute, talde osoaren erantzukizuna da»

Bada nor Eibarren Anaitz Arbilla, laugarren sasoia baitu. Lasaitasunez hartu ditu taldearen emaitzak, eta pozik da bere lanarekin, aurreko sasoian belaunak sufrikarioa eragin eta gero.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
<i>Arrasate</i>
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Entrenamendua bukatu eta elkarrizketa hastera doala, Anaitz Arbillaren (Iruñea, 1987) lana goretsi du Andoni Azkargortak, Eibarreko bigarren entrenatzaileak: «Ligako atzelari onenen artean dago. Hala diote datuek». Jokalariak Barrez hartu du baieztapen hori.

Nork esango zuen duela bizpahiru aste taldea sailkapenaren erdialdean egongo zela?

Hasiera ez zen oso ona izan, baina bagenekien horrela izan zitekeela, lehen hiru partidak kanpoan izateak ez zigulako gauza onik ekarriko. Bagenuen gogoa etxean jokatzeko, baina Espanyolen aurkako partida horretan ere galdu egin genuen. Onena izan zen jokoa hobetzen hasi ginela, eta azkeneko lau partidetan berretsi dugu hobekuntza: bi irabazi, eta bi berdindu ditugu.

Zergatik esan duzu kanpoko lehen hiru partidetan ez zenutela ezer onik espero?

Emaitza onak lortzeko gai ginela sinesten genuen, baina zaila izango zela ere bai. Mallorca igo berria da, eta lehen partida jokatuko zuen etxean. Osasunaren aurkakoa ere antzekoa zen, oso zaila, eta puntu bakarra atera genuen bi partida horietan, batere ondo jokatu gabe. Hirugarrena Atletico Madrilen zelaian zen, eta zaila da han puntuak ateratzea. Baina, tira, pasatu da garai hori, eta orain betiko hurrenkeran gabiltza, etxean eta kanpoan txandaka jokatuz.

Ipuruan beste segurtasun batekin jokatzen duzue?

Bai. Azken denboraldietan, askoz hobeto aritu gara etxean, eta emaitza hobeak atera ditugu. Ikusi besterik ez dago aurreko denboraldia. Badakigu etxean aterako ditugula beharrezkoak ditugun puntuak, eta, kanpoan ere puntu batzuk aterata, ez gara gaizki ibiliko.

Etxetik kanpo etxean bezala jokatzen duzue; uste duzu kanpoan beste modu batera jokatuta puntu gehiago aterako zenituzketela?

Gure helburua da gure jokoa edukiz betetzea, etxean eta kanpoan: denek ikustea zein den Eibarren filosofia, Ipuruan eta Ipuruatik at. Gu horrela jokatzeko entrenatzen gara, eta badakigu etxean oso indartsuak garela, baina kanpoan ere jokatu izan ditugu partida onak, emaitzak hainbeste azaldu ez badira ere.

Zer kostatu zaio gehien taldeari liga honen hasieran?

Ez dakit. Uste dut denboraldi guztietan egin dugula hasiera erdipurdikoa, eta orain ere hala gertatu da. Fisikoki ere pixka bat gehiago kostatu zaigu sasoi hasiera honetan, baina Atletico Madrilen aurkako partidan ongi aritu ginen, eta ordutik aldatu egin dira jokoa eta emaitzak, onera.

Emaitza txarretan errudun bat aurkitu behar izaten da, eta azkar joan ziren begiak zuengana, atzelariengana. Hala da?

Horrela izan zen, baina gure jokatzeko modua oso oldarkorra da, eta batzuetan arazoak izaten ditugu, atzeko lerroa oso aurreratuta egoten baita, eta aurkariarentzat errazagoa baita guri bizkarra hartzea. Uste dut, hala ere, talde osoak elkarrekin egiten badugu presioa, aurrean eta atzean, oso talde oldarkorra garela, eta gure jokatzeko modua asko hobetzen da horrela. Zelaiko leku batean gauzak ez baditugu ondo egiten, errudunak denok gara, ez soilik leku horretan jokatzen ari direnak. Golak ez baditugu sartzen, ez da aurrelarien errua; besteona ere bada, baloiak ondo ez jartzeagatik edo emateagatik aurrelariei. Golak sartzen badizkigute ere, errua denona da, ez atzelariena bakarrik.

Zalantzak edo konfiantza falta izan zenuten atzelariek liga hasiera kaskarraren ondorioz?

Denboraldian zehar normala da gorabeherak izatea, eta badakigu ez dugula sekulako garai ona harrapatuko denean eta denok batera. Jokalari asko gaude aurreko denboraldietatik, eta ez dizut ukatuko denok ez gaudela sasoirik onenean, baina jakinaren gainean gaude hori denbora kontua dela, eta ez dugu burua galdu behar. Konfiantza denengan daukagu.

Jokalari berriek ere egokitu egin behar dute taldera, eta horrek denbora eskatzen du. Hori ere kontuan hartzekoa da?

Bai; azkenean, dena da. Jokatzeko modu horretara berriak ahalik eta azkarren egokitzea lortu behar dugu, eta lan horretan ezinbestekoak gara jokalari beteranoak, lagundu egin behar diegulako. Hau, azken batean, denon lana da.

Ezin ukatu ere azkeneko emaitza onekin lan horiek guztiak errazago egiten direla, ezta?

Hori da, baina badakigu partidaren bat galtzen dugunean behean sartzeko arriskua dugula, aurreko jardunaldian atzeko ia talde guztiek irabazi egin zutelako. Guk gurean segitu behar dugu, geuretik atera gabe, eta aurretik ditugun taldeak gehiegi ez urruntzea lortu behar dugu, badakigulako iritsiko zaigula emaitza bolada txarra, talde guztiei bezala. Heltzen denean, atzekoak zenbat eta atzerago, orduan eta hobeto guretzat. Erdiko multzoan ibili nahi dugu, behekoengandik ahalik eta urrutien.

Aurreko denboraldietan baino zailagoa izango da behekoengandik urruntzea?

Orain hori ematen du, baina hau hasi baino ez da egin. Oraingoz, Leganes bakarrik geratu da atzean, eta lehen partidetan, adibidez, ongi aritu zen, partidarik irabazi ez arren. Talde oso ona dauka, eta ziurrenik laster irabaziko du partidaren bat. Denek dituzte jokalari onak, baina guk ahalik eta lasterren lortu behar dugu behetik urruntzea, garbi edukita urrian gaudela oraindik. Aurreko denboraldiaren hasieran ere ematen zuen ez zela talderik geratuko zuloan oso goiz, baina, gero, Huesca joan zen hondoratuz. Ikusiko dugu zer gertatzen den.

Bartzelona duzue aurkari larunbat eguerdi honetan, Ipuruan. Irabaziko diozue noizbait Eibarren?

Ipuruan irabazteko, talde guztiek sufritu egin behar dute, eta gure lana da hori. Bartzelonaren aurkakoa berezia izango da, talde handia baita, eta oso motibagarria baita haren aurka jokatzea. Sinetsi egin behar dugu irabaz dezakegula, eta gure zaleen aurrean aritzeak indarra emango digu. Aurreko denboraldian, berdintzea lortu genuen.

Bartzelonaren aurka, ia beti ondo jokatu izan duzue Ipuruan, baina ia guztietan galdu egin duzue. Azkenean, haien jokalarien kalitate teknikoa erabakigarri izan da aurreko partida horietan.

Jakina da haiek edozein unetan sartzen dituztela golak, eta beste taldeei askoz gehiago kostatzen zaigu. Hori da ezberdintasuna.

Zu zer moduz ari zara? Lekuz aldatzen zaitu Jose Luis Mendilibarrek: erdiko atzelari postuan eta hegalean, ezkerrean eta eskuinean. Nahiago zenuke leku finko batean aritzea beti?

Azken denboraldietan erdiko atzelari nabil, eta pozik nago, ondo aritu naizelako, taldea bezala. Seguruago jokatzen dut erdiko atzelari moduan, baina entrenatzaileak badaki edozein lekutan jar nazakeela, beti prest egoten bainaiz alde batean edo bestean jokatzeko.

Duela bi denboraldi, lan bikaina egin zenuen, baina, azkenekoan, ezinean aritu zinen, belauneko minez. Osatuta zaude jada?

Iaz arazo asko eman zizkidan belaunak, hasieratik. Sekulako ahalegina egin nuen denboraldi osoan jokatzen segitzeko, baina azkenean ezin izan nuen lortu, eta ebakuntza egin zidaten sasoia amaitu baino lehen. Bi hilabete galdu nituen denboraldi honetan hasieratik ondo egoteko, eta orain ondo nabil. Hala ere, minik gabe jokatu ezinda nabil.

Minez jokatzen ari den jokalari bat nola sentitzen da?

Ez da aitzakia, baina momentu txarrenak egunerokoak dira. Goizean, jaikitzerako, minez; entrenatzera etorri, eta belauna berotzea kosta... Psikologikoki gogorra egin zitzaidan egunero horrela bizi beharra bospasei hilabetez, baina gainditu dut bolada txar hori, eta orain askoz ere hobeto nago. Ea txar guztia pasatzen den, eta espero dut arazo guztiak gaindituak izatea.

Aurreko sasoian, belauneko minez, eta, hala ere, jokatzen segitu zenuen. Medikuak, agian, geratzeko esango zizun, baina zuk segitzea erabaki zenuen.

Denen erabakia izan zen jokatzen segitzea. Urtarrilean proba bat egin zidaten arte. Han ikusi genuen tendoia hausteko arriskua zegoela; duela lau urte, orpazurdako arazoak izan nituenean, sendagile batengana joan ginen Suediara, eta otsailean ere harengana jo genuen. Otsailera arte jokatzen segitzea erabaki genuen, nahiz eta lesioak okerrera egin zuen. Sendagileak esan zigun belauna oso gaizki nuela, eta nik, bueltan: «Bada, jokatu nahi ditut beste sei bat partida gehiago, eta gero egingo didazu ebakuntza». Hala egin genuen gero.

Zer ikasi duzu sufrikario horretatik?

Bizitzan antzeko egoerak lehendik ere bizi izandakoa naiz, eta dena ez da erraza izaten. Bizitza honetan burugogorra izan behar da, eta futbolean, goi mailan ibiltzeko, egoera txar hauek ere gainditu egin behar izaten dira. Ondo osatzea baino ez nuen buruan: ebakuntza egin, eta prestatzen hasi. Denboraldi-aurre honetarako puntuan egon nahi nuen, eta uztail aurreko hiru hilabeteetan horretan ibili nintzen.

Oporrak sakrifikatu behar izan zenituen horretarako.

Bai. Izan nituen, baina gutxiago. Lanean segitu nuen. Pasatu egin behar da hori ere, eta merezi izan du, orain ondo nagoelako, taldekideekin batera entrenatzen.

Pasatutakoak pasatuta, beldurrez jokatzen duzu?

Ez, batere ez. Hasieran banuen pixka bat, baina lehen bi entrenamenduak oso onak egin nituen. Sendagileek esan zidaten hirugarren egunean atseden hartzeko, baina nik ezetz. Azkenean, hirugarren egunean ere entrenatu nintzen, baina, bukatzean, hazi-hazi eginda neukan belauna. Pixka bat lasaitu, erritmoa jaitsi, eta kontrolpean ekin nion berriz entrenatzeari. Profesional hauek badakite gauzak nola egin.

Ez al dira, ordea, medikuak oso zuhurrak izaten?

Bai, eta tentsioa egoten da batzuetan medikuen eta entrenatzaile eta jokalarien artean.

Oso zorrotza omen zara zure lana aztertzen.

Dena begiratzen dut, gauza txarrak ere bai, hobetzeko beharrezkoa delako.

Egoera jakin batean jokoan bizi izan duzun zerbaiten ikuspegia aldatu egiten zaizu gero bideoan ikusten duzunean?

Batzuetan, aldatu egiten da ikusten denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.