Denak balio al du?

Nirmal Purja nepaldarrak sei hilabetean igo ditu hamalau zortzimilakoak. Balentria bat dela onartu arren, askok diote ez diola ezer berririk ekarri alpinismoari, besteak beste helikopteroa eta oxigenoa erabili dituelako.

Unai Ugartemendia.
2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Aurtengo urriaren 29a alpinismoaren historiara pasatuko da. Eguna soilik ez, baita Nirmal Purjaren (Myagdi, Nepal, 1983) izena ere. Munduan dauden hamalau zortzimilakoak igotzen amaitu zuen eguna da urriaren hondarrekoa. Apirilaren 23an ekin zion erronkari, Annapurna (8.091 metro) mendiarekin. Amaiera, berriz, Shisha Pangma (8.027 metro) igoz eman zion, handik 190 egunera. Sei hilabetean egin zuen, beraz, balentria. Tartean joan ziren beste hamabiak: Dhaulagiri (8.167 metro), Kanchenjunga (8.586 metro), Everest (8.848 metro), Lhotse (8.516 metro), Makalu (8.463 metro), Cho Oyu (8.201 metro), Manaslu (8.156 metro)... Bi datu nabarmendu behar dira Purjanek egindakotik. Lehena, Lhotse eta Everest egun berean kateatu zituela, maiatzaren 22an. Bigarrena, berriz, Pakistango bost mendiak, K2 (8.611 metro) tartean, 23 egunean igo zituela.

Lortutako balentriak hautsak ere harrotu ditu alpinismoaren munduan. Askoren arabera, alpinismoari ez dio ezer berririk ekarri. Euskal Herriko mendizaleen artean, Alex Txikon (Lemoa, Bizkaia, 1981) izan da azken urteetan Himalaiako lurretan gehien ibili dena. Aurreko neguan K2 mendia igotzen saiatu zen, esate baterako. Purjaren errekorraz ondorengoa nabarmendu du: «Dena da kritikagarria, baina, aldi berean, esandako guztia bete du. Ehuneko ehunean bete ditu agindutako denborak eta epeak, eta alde horretatik ezin zaio ezer esan. Hamalau mendiak lehen saiakeran egin ditu, eta hori ere aipatzekoa da».

Beste belaunaldi batekoa da Juanjo San Sebastian (Bilbo, 1955). 1994an igo zuen bere azkeneko zortzimilakoa Himalaian, K2. Aurretik igoak zituen Makalu, Cho Oyu eta Shisha Pangma. San Sebastianek ez dio batere arretarik jarri Purjak lortutakoari. Egin duena «ergelkeria bat» iruditu zaio. Alde on bakarra ikusi dio: «Nepalgo alpinistei presentzia eman die munduan. Hori izan daiteke gauzarik onena».

Egun gutxi dira Sonia Casas (Bilbo, 1976) Nepaldik etorri berri dela. Chobutse (6.686 metro) mendian bide berri bat irekitzeko asmoarekin joan zen, Mikel Zabalza alpinistarekin batera. Esperientzia handia du, eta goi mendietako gidari izateko baimena lortu zuen lehen emakumea izan zen. Hark ere argi dauka: Purjaren balentriak ez dio ezer eman alpinismoari. «Egindakoak Guinness errekorrerako balioko dio, beste ezertarako ez». Alpinismoak eskatzen dituen pauso guztiak alde batera dituela ere azpimarratu nahi izan du: «Egin duenari ezin zaio alpinismoa deitu; sentsazionalismotik gertuago dago».

Marken eta abiaduraren gaia beti egon izan da ezbaian. Azken urteetan alpinista askok abiadura izan dute mugarri. Orain bi urte, adibidez, Kilian Jornet kataluniarrak bi aldiz igo zuen Everest sei egunean. Aurretik, Karl Egloff ekuadortarra izan zen Aconcagua (6.962 metro) eta Kilimanjaro (5.895 metro) igotzeko abiadura markak apurtzen ibili zena. San Sebastianen esanetan, ordea, abiadurak ez du zerikusirik alpinismoarekin: «Hau ez da atletismoko pista bat. Hori ez da alpinismoa». Askok goraipatu zuten Jornetek egindakoa: «Duen gaitasuna aitortzen diot, baina egindakoak ere alpinismoari ez zion ezer berririk eman». Txikonek, hala ere, ondorengoa aitortu du Purjak lortutakoaren harira: «Edozein modutara eginda ere, Pakistango bost zortzimilakoak 23 egunean osatzea izugarria da». Atzera begira jarri da San Sebastian: «Bere garaian egindako errekorrak nahi gabe egindakoak ziren. Ez ziren balentria jakin bat egiteagatik lortzen». Casasek aho bilorik gabe mintzo da: «Kirol ikuspegitik ez zait beste munduko ezer iruditzen Purjak egin duena. Hala ere, egia da fisikoki izugarria dela sei hilabetean hamalau zortzimilakoak igotzea». Hirurak ados daude: «Hemendik aurrera sarriago ikusiko ditugu horrelako gauzak».

Hiru fasetan egin zuen Purjak sei hilabetean hamalau zortzimilakoak igotzeko balentria. Lehenbizikoan, etxe inguruko mendietara jo zuen. Apirilaren 23tik maiatzaren 24ra sei zortzimilako igo zituen: Annapurna, Dhaulagiri, Kanchenjunga, Everest, Lhotse eta Makalu. Horretarako, eta bideak errazte aldera, ezinbestekoa izan zuen helikopteroaren laguntza. Oinarrizko kanpaleku batetik bestera joateko erabili zuen. Ekainean atseden hartu eta gero, uztailaren 3an martxan jarri zen berriro ere. Bigarren fasean, Karakorum mendikatean ibili zen. Hilabete eskasean beste bost zortzimilako igo zituen: Nanga Parbat (8.126 metro), Gasherbrum I (8.080 metro), Gasherbrum II (8.035 metro), K2 eta Broad Peak (8.051 metro). Amaitzeko, abuztu osoan eta iraileko zatirik gehienean atseden hartu ondoren, Cho Oyu, Manaslu eta Shisha Pangma igo zituen.

Oxigenoa, «saihetsezina»

Helikopteroaren erabilera oso kritikatua izan da. Baina Txikon ez dago ados: « Zortzimilako guztiak igo dituzten askok erabili izan dituzte helikopteroak, baita nik ere». Gainera, erantsi du Purjak bere asmoen berri eman zuenean inork ez zuela ezer sinetsi, baina orain «isilik» utzi dituela denak. «Denek aho batez esan dute helikopteroa laguntza handikoa izan dela. Agian, estiloa ez da izan garbiena, eta argi dago hobetu daitekeela. Baina oinarrizko kanpalekutik gailurrera igo ditu hamalau mendiak», adierazi du Txikonek.

Izan ere, denbora izan da Purjak etengabe izan duen soka estua. Sei hilabetean bete beharreko erronka izanik, ezin zen ezer gaizki atera. Dena milimetrora neurtuta eraman zuen. Txikonek ondo daki zein den espedizio batek eskatzen duen lana, eta helburuak lortzeko behar izaten den zortea. «Horrelako erronka batean aurretik dena zehaztea erraza da. Baina kontuan hartu behar da guztia zortzi mila metrora egin behar zela, eta han dena ondo atera izanak ere badu meritua». Askok oxigenoaren erabileran jarri dute arreta, eta horri ondorengoa iritzi dio Txikonek: «Gaur egun oxigenoa erabiltzea dopina erabiltzea bezala da». Antzera mintzatu da Casas, eta oxigenoarekin edo oxigenorik gabe bi kirol oso ezberdin direla dio: «Oxigenorik gabe igo balitz, beste gauza bat izango zen. Gizakiaren mugak non dauden erakutsiko liguke, baina egin duen eran, berdin jarraitzen dugu».

Izan ere, alpinismoan bi gauza dira egindakoari balioa ematen diotenak: urruntasuna eta oxigenorik eza. San Sebastianentzako, esaterako, Everestera oxigenorik gabe igotzea izugarria da oraindik ere. «Urtetik urtera gero eta espedizio gehiago igotzen dira. Dena den, oraindik ere oso gutxi dira oxigenorik gabe doazenak».

Bestalde, Purjak lortutakoak agerian uzten du, Casasen eta Txikonen ustez, azken urteetan Nepalgo mendizaleek emandako jauzia. Izan ere, historian zehar zamaketari lanetan ibili izan dira. Gidari lanak egin dituzte espedizio komertzialetan. Casas eta Txikon horren lekuko izan dira euren espedizioetan. Gehienetan oxigenoarekin ibili izan dira. «Orain, badirudi haiei ere gauzak nola egin behar diren axola zaiela. Egun, batzuk oxigenorik gabe dabiltza. Hala ere, argi daukate diruarengatik egiten dutela», dio Casasek. Txikonek berak ere bere azken espedizioetan Nepalgo alpinistak izan ditu bidelagun. «Garai batean zamaketari lanetarako bakarrik ikusten genituen, baina gaur egun erakutsi dute alpinista handiak direla. Goi mendietako gidari asko dago gaur egun Nepalen, eta horietako asko Europara etortzen dira, euren gaitasunak eta ezagutzak hobetzeko itxaropenarekin», azaldu du Txikonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.