Probatu dutenei ez zaie gustatu

Kirol ekitaldiak zalerik gabe jokatu beharko dituzte, jokatzekotan, koronabirusaren krisiak irauten duen bitartean. Egoera hori ezagutu dutenen ustez, erabat ezohikoa eta berezia da esperientzia.

Eibar eta Reala ateak itxita jokatzen Ipuruan, martxoan. J. C. RUIZ /FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Isiltasuna baino zarata handiagorik ez omen dago. Oihartzun amaigabe baten melodia izaten da. Zarata baino desatseginagoa batzuetan. Horretara ohituta ez dagoenarentzat gehienbat. Eliteko kirolari guztiek izaten dute zarata inguruan, ez baitaukate lehiarik zalerik gabe. Baina batzuetan izaten dira salbuespenak; zarata isiltasun bihurtzen zaie, eta isiltasuna, zarata. Eduardo Galeano idazleak behin esan zuen bezala: «Hutsik dagoen estadio bat: ez dago hutsetik gutxiago duen ezer. Inor ere ez dagoen harmaila batzuk: ez dago mututik gutxiago duen ezer». Garaiotan, koronobirusaren krisialdi honetan, baldin eta lehia itzultzen bada kirolera, ohitu beharko dute kirolariek isiltasun zaratatsu horretara. Jokatzekotan, zalerik gabe eta ateak itxita izango baitute itzulera.

Euskal Herrian bada kirolaririk egoera horretan jokatu behar izan duenik. Martxoaren 10ean, Ipurua estadioan, Eibarrek eta Realak ateak itxita eta zalerik gabe jokatu behar izan zuten, LFPk horrela agindu zuelako; koronobirus gaitzaren hedapenari aurre egiteko aurreneko neurrietako bat izan zen. Lehendik ere gorabeherekin zetorren partida, Zaldibarko zabortegiko gertaera ilunek eraginda atzeratu egin baitzen Lehen Mailako 24. jardunaldiko partida hori. Kontua da zalerik gabe jokatu zutela Eibarreko eta Realeko jokalariek, eta erabat lekuz kanpo sentitu ziren.

Horren berri eman dute orain gutxi Anaitz Arbillak eta Mikel Oiartzabalek, Eibarrek eta Realak beren komunikazio lekuetan emandako elkarrizketa digitaletan. Arbillak hausnarketa hau egin du: «Oso hotza izan zen Realaren aurkako partida. Futbolarentzat tristea eta itsusia da ateak itxita jokatzea. Ezin dira bizi ohiko bizipenak». Argi eta garbi esan du ez aukera horrekin aurrera jarraitzearen aldekoa: «Aukera ere ez litzateke izan behar zalerik gabe jokatzea». Oiartzabalek, bestalde, jokalari denen edo askoren irudipenaren berri eman du: «Ez zaigu gustatzen ateak itxita jokatzea. Zalerik gabeko futbola ez da futbola». Ipuruan bizi izan zuenari buruz, hauxe ekarri du gogora: «Sentsazio arraroa da; ez gaude horretara ohituta».

Futbolarekin jarraituta, partida batean zaleak parez pare ikusi ez zituen beste bat Alberto Undiano Mallenco epaile ohia izan zen.2007ko martxoan tokatu zitzaion, Getafen (Espainia), herrialde horretako Kopa txapelketako final-laurdenetan. Aurrez aurre Betis eta Sevilla. Aurrenekoen zelaian, istilu larriak izan ziren, eta zale batek jaurtitako botila batek Juande Ramos Sevillako entrenatzailea jo zuen. Partida bertan behera uztea erabaki zuen Undianok, 30 minutu geratzen zirenean akaberara heltzeko. Espainiako Federazioarena izan zen erabakia ondoren: geratzen zen ordu erdi hori Getafen jokatuko zuten, eta ateak itxita, zalerik gabe. «Lehen aldia eta azkenekoa izan zen horrelako esperientzia bat bizitzen nuena», esan du. Eta honela definitu du gau hartan Getaferen estadioan bizi izandakoa: «Arraroa eta berezia izan zen».

Oso gogoan dituen egoeretako bat partida aurretik bizi izan zuen: «Sekulako garrantzia eman nion kontzentrazioari, eta ez oso partida garrantzitsua zelako, azkenean denak baitira neurri berekoak alde horretatik. Nola oso giro hotza zegoen zelaian, ezinbestekotzat jo nuen arretari sekula baino garrantzia handiagoa ematea, nahiz eta, lehen esan dudan bezala, beste partida bat gehiago izan». Baina bazuen kezka berezi bat, beste edozein partidatan izan ez zuena: «Arreta galtzeko beldurra neukan, eta beste entrenamendu bat zela pentsatzeko kezka».

Zelaira atera zenean bi taldeetako jokalariekin batera, ezohiko irudia agertu zitzaion parean: «Harmaila hutsik zegoen, eta besteetan hain ohikoa den zarataren aztarrenik ere ez zen». Ekin zion partidari, eta gogoratzen da orduan bizi izan zuenaz: «Jokalariek eta entrenatzaileek esaten zuten guztia entzuten nuen. Partida normal batean, gertu gaudenean bakarrik entzuten dira horrelakoak». Aulkietatik zelaira iristen diren aginduak ere inoiz baino hobeto entzun zituen: «Arraroa egin zitzaidan aginduguztiak aditzea. Azkenean, ez gaude ohituta horrela pitatzera».

Esan du ezohiko isiltasunak ez zuela ezberdintasunik ekarri jokalarien eta epailearen arteko harremanetan: «Partida normal batekoa bezalakoa izan zen. Berotualdi txiki batzuk gorabehera, epaileen eta jokalarien arteko hartu-emana errespetuzkoa da, eta partida hartan isiltasunak ez gintuen baldintzatu elkarri zuzentzerakoan; gehiago entzungo zen kezkarik ez neukan, behintzat».

Iraganetik orainaldira egin du jauzia Undianok, ateak itxita jokatzea zer izan daitekeen asmatzen saiatzeko: «Telebistatik gauza gehiago entzuteko aukera izango da, baita baloia jotzean sortzen den zarata berezi hori, jokalariek esaten dutena eta abar». Zaleen irainik entzun gabe pitatzea zer izan litekeen pentsatzen ere jarri da, betiere nabarmenduz «hipotesiak» direla: «Epaileak ez ditu aintzat hartzen zaleen irainak, eta haiek gabe aritzeak ez du ezer aldatuko alde horretatik». Garbi daukana da denek bizi beharko dituztela egoera berriak, hala gauzatzen bada behintzat, eta horrek aldez aurreko lanketa eskatzen duela: «Egoera berri hauek entrenatu egin beharko dituzte epaileek, jokalariek eta entrenatzaileek».

Entzun ohi ez diren soinuak

Undianok bizi izandakoa lehenagotik ezagutu zuen Euskal Herriko talde batek. Baskoniari aurreko mendean egokitu zitzaion ateak itxita eta zalerik gabe jokatzea. 1988an izan zen, Bartzelonan, Espainiako Kopako final-zortzirenetako kanporaketaren joaneko partidan. Palau Blaugrana kiroldegian zaleak sartzeko debekua ezarri zuen ACBk, lehiaketaren antolatzaileak, aurreko denboraldiko ligako finalean Bartzelonako zaleek istiluak eragin zituztelako Real Madrilen aurkako partidan.

Zigor haren eraginez, Baskoniak ezohiko egoera bat bizi behar izan zuen, eta harmailak hutsik zirela jokatu zuen. Talde horretan zegoen Koldo Mauraza, eta «berezia» izan zela dio. Gehien oroitzen duena edo buruan geratu zaion egoera bakarretako bat ondorengoa da: «Isiltasun harekin, baloiak pistan botea ematean ateratzen zuen soinua oso berezia izan zen». Beste egora batzuk ere aipatu ditu, denak ezohikoak: «Jokalariek esaten genuen guztia entzuten zen, eta oso deigarria zen joko antolatzaileak jokaldia nola agintzen zuen entzutea».1988ko urriaren 18an bizi izandakoa berezia izanagatik, uste du hobe dela ahalik eta gutxien gertatzea: «Lagunen arteko partida baten antzekoa izan zen, azukrerik gabeko kafea bezalakoa». Izan ere, garbi dauka jokalariek norbaitentzat jokatzen dutela: «Haientzat eta taldearentzat jokatzen dute, baina zaleentzat ere bai».

Harmailak hutsik ikustea arraro egin zitzaion Xabier Mikel Errekondori ere, Bidasoako jokalari zela Santanderren Tekaren aurka ateak itxita jokatu behar izan zuenean. 1991ko maiatzaren 25ean izan zen, ligako partidan, Albericia kiroldegian. Jokatu aurreko astean, egoera berrirako prestatzen hasi zirela kontatu du: «Taldean harrituta bezala hartu genuen erabakia. 'Ateak itxita jokatu behar genuela?' esaten genion elkarri. Mentalizatuz joan ginen». Partida eguna heldu zenean eta kantxa zapaltzean, besteetan oso zaratatsua zen kiroldegia hutsik ikusteak zerbait «berezia» eragin zion.

Jokoan sartuta, atentzioa beste zerbaitek eman ziola dio: «Besteetan ez bezala, jokalarien arteko hitzak eta entrenatzaileen aginduak oso garbi entzuten genituen. Oihartzun handi bat bezala egiten zuten. Nolabait alderatzeko, herrietako pilotalekuetan sortzen den oihartzunaren parekoa zen. Zapatilek lurrean ateratzen zuten soinua, baloiak botea eman zuenean ateratzen zuena, dena zen berezia». Bitxikeriaren bat ere bizi izan zutela kontatu du: «Entrenatzailea haizea hartzera ez bidaltzen saiatu behar izan genuen gustuko ez genuen aginduren bat edo kargu hartzeren bat egiten zigunean [barrezka]. Besteetan, zaleekin, halakoak taldekideen artean esaterakoan, ez zen arriskurik egoten entrenatzaileak entzuteko, baina egun hartan bai».

Errekondok dio arreta izan zela beste ezberdintasun bat: «Neure buruari askotan esaten nion partidan zehar segitzeko lanean, arreta ez galtzeko. Banuen kezka hori, beste edozein partidatan izaten ez nuena. Zaleekin jokatzean, egoerak eta zaratak berak mantentzen zaitu kontzentratua, ohiko edo berezko zerbait izaten da. Baina partida hartan ez zegoen horrelakorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.