Olga Jimenez. Pregoilaria

«Jaiak ez dira gutxi batzuek gozatzeko, denok gozatzeko baizik»

Kazetari moduan ezagutu ditu Jimenezek Andre Maria Zuriaren festak urteetan. Familia oporretan egonda ere, haiekin partekatu izan ditu Zeledonen jaitsierak sortutako «emozioak eta pasioa».

Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Gasteizko jaiak amaitu badira ere, Olga Jimenezek (Gasteiz, 1972) nekez ahaztuko ditu. Bera izan da, beste zazpi emakumerekin batera, jaietako pregoilaria. «Emozio handia izan da, pelikula baten modukoa: zure herriko pregoilari izatea... Hori famatuei gertatzen zaien zerbait da!». Emakume kirolariei omenaldia egin zien Gasteizko Udalak jaien atarian, eta Jimenez estuki lotuta dago kirolarekin. Kazetari moduan sustatu du andreen kirola, baita arauz kanpoko funtzionaltasunen bat dutenena ere.

Kazetari izan zaren urteetan zenbatetan aritu zara jaien berri ematen?

Galderak izan beharko luke noiz ez dudan eman haien berri! Radio Gorbean, Ser irratian... Gaur egun ez, baina hogei urtean baino gehiagoan eman dut jaien berri irratitik. Ezin da esan gorrotatzen ditudanik, baina jaien zama nabaritzen dut.

Oroitzapen politen bat izango duzu, haurtzarokoak edo...

Mendizabalako feriaren oroitzapen zoragarriak ditut... baita hiriguneko giroarenak ere: gurasoekin paseoan Plaza Berritik, buruhandiak... Nerabezaroan ere gozatu izan ditut jaiak.

Jaiak lanean bizitako une bereziki politen bat gogoratzen al duzu?

Une politen artean politena Zeledonen jaitsiera da niretzat. Emozioa. Harrigarria da ikustea jaitsieraren sinbologiak pizten dituen pasioak. Jai askotan egon naiz lanean, eta familia, oporretan. Hala eta guztiz ere, urtero telefonoz hitz egiten genuen abuztuaren 4an, Zeledonen jaitsierari buruz hitz egiteko.

Eta une gogorren bat?

Permisibitate handiagoa zegoenean, blusa batzuekin tratatzea. Guztiz bidegabea iruditzen zitzaidan egiten zizutena egiten zizutela, gainera, irribarre egin behar izatea. Zorionez, denborarekin, ez dira onartzen halako gauzak; edo, gutxienez, erantzun diezaiokezu gaizki sentiarazten zaituen horri. Garai batean, muturbeltz sentiarazten zintuzten egoera batzuei planto eginez gero.

Udalak abesti eta jokabide matxistak saihesteko neurri bat jaso du, besteak beste, kuadrillentzako diru-laguntza deialdian...

Baita alkoholaren kontrola ere. Badaude batzuk neurri horiek testuingurutik atera eta esaten dutenak dena debekatzen ari direla... Ez, ez, ez da hala. Desorekatuta zeuden egoerak egokitzeko neurriak dira, denok modu parekidean gozatzeko aukera izan dezagun. Jaiak ez dira gutxi batzuentzat, guztiontzat baizik.

Pregoia kirolari lotutako zortzi emakumek eman zenuten.

Pregoi inklusiboa izan zen. Aukera baliatu genuen bizitza honetan dagokigun partea aldarrikatzeko, emakumeok ez baititugu aukera berdinak.

Inklusiboa izan zela aipatu duzu: arauz kanpoko funtzionaltasuna duen Maider Mendia igerilariak ere parte hartu zuen.

Gauza asko ikusarazi zituen pregoiak. Aniztasun funtzionala duten emakumezkoak ikusezin bihurtzen ditu gizarteak. Inork ezin du imajinatu nolako ilusioa egin zigun Maider pregoian egon izanak, eta hari zeresanik ez: egun horretan munduan pozik zegoen pertsonarik bazegoen, hura zen.

Jaiek balio dezakete emakumeen kirola ikusarazteko?

Foru plazako frontoia horren adibide da. Duela urte batzuk, emakumeen pala txapelketa egiten hasi ziren, eta plaza lepo bete zen. Espazio irekia da, hirigunean, eta ikuskizun aparta eskaintzen du. Esku pilota sartu da gero... Arabako Pilota Federazioari aitortu egin behar zaio egiten duen lanketa. Emakumeen kirolaren gorakada badagoela ikusi behar da, baina, horretarako, ikusteko borondatea behar da.

Foru plazan herri kirolak ere egiten dituzte jaietan...

Eta bertan puntako kirolariak ere izaten ditugu. Ez da ahaztu behar Badaiotz sokatira taldeko neskak munduko txapeldunak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.