Urteko lana, erakusleihoan

Hamar diseinatzailek Kutxa Kultur Moda programan sortutako arropa bildumak aurkeztuko dituzte, bihar, Txillida Lekun. Azken urtean landutakoa erakusteko aukera izango dute desfilean.

Elixabet Perdiguerok Liliak izeneko bilduma ondu du. ANDONI CANELLADA / FOKU.
ane insausti barandiaran
2021eko irailaren 11
00:00
Entzun
Patroia moztu, josi eta bordatuak eginda, Kutxa Kultur Modako hamar diseinatzaileek erakusleihora eramateko prest dituzte azken urtean programaren barruan sortutako bildumak. Diseinatzaile bakoitzak hamar lan aurkeztuko ditu, Txillida Lekun (Hernani, Gipuzkoa), bihar.

Duela hamar urte sortu zen Kutxa Kultur Moda programa, diseinatzaile amateurrei laguntzeko helburuarekin, Mikel Mendarte Kutxa Kultur Arteguneko zuzendariaren arabera: «Modaren munduan ekarpen bat egitea posible zela ikusi genuen, orduan hemen ez zegoelako ia ezer». Gainerako arloetan bezala, modan ere «tokiko talentua identifikatu eta sustatzea» dute helburu.

Diseinatzaileak hautatu, eta beren proiektuak garatzen laguntzen die programak. Proiektuen ikuspegi ekonomikoa, teknikoa, juridikoa... lantzen dute, tutoretza indibiduala bilatuz, buruan duten ideia gauzatu daitekeen ala ez aztertzeko. Diseinatzaileek gune bat dute Tabakalerako egoitzan, makina profesionalekin.

Lehen, diseinatzaileak gehienez urtebete egoten ziren programan parte hartzen; urtea amaitzean, beste batzuk hartzen zituzten. Orain, ordea, geratzeko aukera daukate, eta bi edo hiru urtez egon ohi dira: «Ikusten badugu oraindik ekarpen bat egiten dugula, hazten ari dela , eta hark ere hala ikusten badu, gera daiteke», azaldu du Mendartek. Hori bai, egindako lana gutxienez urtean behin erakusten dute, biharkoaren gisako desfileetan.

Istorioen desfilea

Modak istorioak kontatzeko aukera ematen duen erakusgarri da Fanny Alonsoren bilduma. Andoaindarrak bere herriko kotoi lantegian lan egiten zuten emakumeengan topatu du inspirazioa, eta haien istorioetatik tiraka sortu du bilduma: «Emakume horiek omentzea izan da nire helburua; haiek izan ditut nire lanerako inspirazio iturri».

Bildumarako kotoizko oihalen bila hasi, eta inguruko emakumeek kotoi lantegian izandako istorioak aurkitu ditu. Proiektu pertsonal bihurtu da Alonsorentzat: «Diseinatzailea naiz, eta moda gustuko dut, baina asetzen nauen proiektu pertsonal bat bihurtu da; 90 urteko emakumeekin hitz egin dut, telak nola egiten zituzten kontatu didate...».

Moda beste diziplina batzuekin uztartu, eta Mujeres del algodón proiektua abiarazi du; erakusketa bat prestatu du, arropa bilduma ilustrazioekin eta poemekin uztartuta. Andoainen (Gipuzkoa) jarri zuen lehenik, eta, orain, Bergaran (Gipuzkoa) dauka: «Emakume haien ibilbide bera egin dut, Andoaingo lantegia itxi zutenean Bergarara joan zirelako». Erakusketa lekuz mugituz joatea da asmoa; noski, arropa ere erakusketaren parte da.

Lantegiari buruz entzundakoek iradoki diotenarekin sortu du arropa bilduma. Lihoz eta kotoiz sortu ditu jantziak, oihal naturalak erabilita. Koloreak ere girokoak erabili ditu: «Epelak dira, beixa, zuria, marroi argia... proiektu honek hori ekartzen dit burura». Jasangarritasuna eta artisautza ditu ardatz: «Nik sortzen ditut jantzi guztiak, moztu, landu... eskulangileen erara guztiz».

Liliak loratuta

Elixabet Perdiguerok moda berriro ere balioesteko helburuz sortu zuen Eli-TWO marka: «Filosofia hori daukat: jantziak zaintzea eta gurekin denbora gehiago egotea». Arropak ez ditu egiten «egite hutsagatik», eta, hortaz, atenporalak izatea bilatzen du: «Atenporala, ez bakarrik arlo estetikoan, baita funtzionalki ere: oihal hobeak erabili eta diseinu zainduak egin, gurekin denbora gehiago egon daitezen».

Hitz joko bat egin du markaren izena sortzeko: umetan, Elitxu deitzen zioten, eta amona eta birramona jostunak zituen; birramonak, gainera, Elixabet zuen izena, eta familiako bigarren Eli ere jostuna denez, Eli-TWO izena jarri dio. Artearekin lotura bilatzeaz gain, arropei esanahi bat eman nahi die, istorio bat izateko.

Liliak izeneko bilduma ondu du programan, eta hori erakutsiko du bihar Txillida Lekun. «Arretaz» egindako bilduma dela nabarmendu du: «Diseinatzeko orduan, koloreen arteko elkarrizketa eratu dut, formak eta oihalak landu ditut, patroiak, josketak... dena zainduta dago». Loreak dira bildumako hari gidaria, eta bordatu egin ditu, eskuz, banan-banan, aurretik eginda dituen jantzi batzuetan bezala.

Koloreei dagokienez, tonu arrosak berdeekin konbinatu ditu, eta laranja indartsu bat eta beltza ere sartu ditu, kontrastea egiteko. Aurretik zituen oihalen soberakinak aprobetxatu ditu, markak berezkoa duelako jasangarritasuna: «Adibidez, amonaren izara batzuk desegin ditut, eta, hortik, bi jantzi atera ditut, oihal batekin». Xehetasunak bilatzen ditu, eta batez ere bildumarekin «koherentzia arnastea»: «Nahiz eta jantziak askotariko testuinguruetan eginak izan, batera ondo funtzionatzen dute, esku beretatik atera direlako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.