Albistea entzun

Nafarroa Oinez: Uzta jasotzen Tafallan

<b>1. Kontzertua. </b>Igandean izan ziren kontzertu nagusiak; Skabidean eta Rotten XIII, besteak beste.
1. Kontzertua. Igandean izan ziren kontzertu nagusiak; Skabidean eta Rotten XIII, besteak beste. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itsaso Jauregi -

2022ko urriak 18

Duela urte bat ereindako haziak bere fruituak eman ditu. Urte batez egon dira aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen Tafallako Garces de los Fayos ikastolan, ikastetxearen eta Nafarroako erdialdeko jendearen arteko topaketa bideratzeko asmoz. Erdian erein izan da jaiaren leloa, baina haziak zaintzeko eta hazteko bidea erronkaz beteta egon dela esan du Paula Arregik, Garces de los Fayos ikastolako zuzendariak. Zalantza nagusitu zen prestakuntzan, zuzendariaren arabera, ez baitzekiten jendea bilduko ote zen ala ez, baina azkenean emaitza «ezin hobea» izan dela adierazi du.

Ikusi gehiago: Argazki bilduma

Ospakizunez betetako urtea izan da Garces de los Fayos ikastolarentzat, zazpi familiak hasitako proiektuak 52 urte bete baititu aurten. Familia horien ausardia azpimarratu du Arregi zuzendariak: «Txalotzekoa da haien ausardia. Oso argi zuten hezkuntza euskalduna eskaini nahi ziotela seme-alabei, eta haiei esker gaur egungo bidea eraikitzen gabiltza denok batera». Gaur egun, 233 familia, 35 langile eta 318 ikasle ari dira ikastolan, Tafallan euskara sendotuz. Baina oraindik lan «handia» geratzen dela esan du zuzendariak.

Hala ere, asteburuan ospatutako jaiak bide horretatik jarraitzeko gogoa bizitu du, Arregik azaldu duenez: «Parte hartzea itzela izan da. Milaka euskaldun eta euskaltzale bildu ziren larunbat goizean hasita, eta herria beteta geneukan». Ia bi kilometroko hiri zirkuitua eta lau eremuak (Hazi, Kimu, Sustrai eta Zuhaitz) jendez gainezka egon dira larunbat goizetik, eta ekintzak eskaini zaizkio adin guztietako jendeari. Ainara Izko ama batez ere Hazi eta Sustrai guneetan egon zen, haurrentzako jarduerak eskaini zituztelako bertan: «Nafarroa Oinez haur, gazte eta orain ama gisa bizi izan dut. Oso giro desberdina da aro bakoitzean, baina denetan oso pozik egon naiz».

Orain bere umeak ondoan izanda, Haurren Hirian eskainitako ekintzak azpimarratu ditu gurasoak: «Oso jarduera politak prestatu zituzten haurrentzat. Gainera, gune guztietan bazegoen umeentzako zerbait».

Aurten ere jaia ez da soilik igandean ospatu, eta, joan den urtean bezala, ekitaldiak larunbatean ere egon ziren. «Hainbeste ziren proposamenak, ezen ezin ziren egun bakarrean sartu. Orduan erabaki genuen bi eguneko programa osatzea, eta egia da larunbatean jendea espero genuela, baina itzela izan zen», esan du zuzendariak. Asteburuko formatua arrakastatsua izan da berriro. Eskulangileak, erraldoiak, ipuin kontalariak izan ziren, besteak beste, larunbatean Tafallako kaleak bete zituztenen artean. Egun eguzkitsuaren babesean, musika eta jaia barreiatu ziren Tafallako karriketan.

Tafalla euskalduna

Nafarroa Oinez Tafallan ospatzen den laugarren aldia izan da aurtengoa: 1986a, 1997a eta 2011 urte esanguratsuak dira ikastolarentzat. Orain, 2022a gehitu dute zerrendara. Aurreko jaiak antolatu zituzten lankideekin egon zirela esan du Paula Arregik, haien aholkuak kontuan hartzeko ekitaldiak eta besta antolatzeko orduan.

Zuzendariak eskerrak eman dizkie Nafarroa Oinez aurrera eramateko parte hartu dutenei: «Ez ditugu ahaztu behar buru-belarri ibili diren boluntarioak; batzordeburuak, batzordekideak, bestelako familiak eta laguntzaileak. Haien laguntzarik gabe hau ezin da aurrera atera, eta, haiei esker, berriz ere agerian utzi dugu Garces de los Fayos ikastolak duen kooperatibismo eta auzolan sen hau».

Antolakuntzan eta garbiketan irribarre «handi» batez aritu direnei esker, asteburua «itzela» izan da, zuzendariak esan duenez. Baina esker «bero» bat helerazi die Nafarroako erdialdera bildu direnei batez ere. Horrekin ados dago Ainara Izko: «Euskaltzale guztiei eskerrak eman behar dizkiegu, haiek gabe ez baitugu bestarik».Tafallako karriketan musika nagusitu zen, eta, bildutakoei esker, Nafarroa Oinez arrakastatsua izan da. Bi egun horietan lortutako dirua, 2011n sortutako eraikin berria ordaintzeko erabiliko da, ikastolak dituen zor horiei aurre egiteko, hain zuzen ere.

Urtebete Nafarroa Oinez jaia antolatzen ibili ondoren eta izandako emaitza «paregabea» ikusi ondoren, zuzendariak «aje emozional batean» dagoela esan du: «Gaur ez dut lorik egin, uste dut kostatuko zaidala erritmo normalera itzultzea. Esnatu naizenean Whatsapp beteta neukan, izan dugun asteburua eskertzeko mezuz beteta. Horrek hitzik gabe utzi nau. Ez dugu inoiz ahaztuko asteburu hau, baina normaltasunera itzultzea kostatuko zaigu». Urtebeteko lanari amaiera emanez, berriro normaltasunera itzuli beharko.

Astebururako ezarritako helburuak bete dituzte, eta gainditu ere bai. Kontzertuz, jokoz eta musikaz betetako emanaldiek zapore ona utzi dute. Tafallak ereindako hazien fruituak jaso ditu. Hala ere, zuzendariak adierazi du ez direla geldirik geratuko, etengabeko lana behar baita: «Erein duguna oso indartsu dagoela argi dago. Baina, nahiz eta aurten uzta arrakastatsua jaso, berriz erein beharko dugu, eta horrela ibiliko gara beste 52 urteetan. Ikusi dugu erein duguna oso indartsu datorrela; beraz, ekingo diogu lanari».

Tafallako ikastolak lekukoa pasatu dio Andra Mari ikastolari; beraz, Etxarri Aranatzen ospatuko da hurrengo urteko jaia. Arregi zuzendariak «erabateko babesa» eskaini die hango lehendakariari eta zuzendariari: «Maitasun handiz pasatu genuen lekukoa, eta haiek berdin-berdin jaso zuten. Lan ederra datorkie, urte gogorra eta benetan ahaztezina». Haziek Etxarri Aranatzeko ikastolan topatuko dute hurrengo lur gozoa, beraz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ylenia Baglietto, 2017ko argazki batean ©EITB

Ylenia Baglietto eta Lander Otaola aktoreak izango dira Farolin eta Zaranbolas Bilboko aratusteetan

Amaia Igartua Aristondo

Besteak beste, ETB1eko 'Goenkale' telesailean egin zuen lan Bagliettok, eta 'Vaya Semanita'-n Otaolak. Inauteriak otsailaren 17an hasiko dira, pertsonaion atxiloketarekin eta epaiketarekin, eta 21ean bukatu.

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Nire lanbidea artearekin lotzen saiatzen nintzen beti»

Unai Etxenausia

Armestok biltegian gordeta zeuzkan lan batzuk aurkeztu ditu Gasteizko Zas Kultur Espazioan. Marrazkiek «pertsonen arteko komunikazioa eta inkomunikazioa» erakusten dute.
 ©ETB

«Beste gauza batzuk probatu nahi ditut»

Urtzi Urkizu

Igandean, Gurrutxagaren agurra izango da ETB1eko 'Herri txiki, Amerika handi' saioan. Zortzi denboraldiren ondoren, beste aurkezle bat arituko da 'Herri txiki, infernu handi'-n.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...