Ke zuririk ez

Etzi beteko da hilabete Kanadan eta Quebecen aisialdirako kalamuaren salmenta legeztatu zutenetik: martxan jarri eta egun eskasetara, eskariari ezin aurre eginik gelditu dira dendariak.
Zenbait probintziatan kalamua dendetan saltzen dute: irudian, Torontoko denda bat.
Zenbait probintziatan kalamua dendetan saltzen dute: irudian, Torontoko denda bat. OSVALDO PONCE / EFE

Maialen Unanue Irureta -

2018ko azaroak 15
Ilara luzeak egin zituzten Kanadan eta Quebecen urriaren 17aren bezperan: aisialdirako kalamua legeztatu zuten, eta egun horretatik aurrera eros zitekeen dendetan, lehen aldiz. 2001az geroztik, legezkoa zen kalamuaren erabilera terapeutikoa; aisialdirako kontsumoa, ordea, merkatu beltzean zebilen. Lege berriarekin, kalamuaren kea zuri bihurtu zen, baina ez zuen gehiegi iraun: legezko kalamurik gabe gelditu ziren dendak astebetera.

Gertatutakoa ulertzeko, beharrezkoa da legeztatzearen ezaugarriak ezagutzea. Probintzia bakoitzeko gobernuek erabaki dute bakoitzak nola ahalbidetuko duen kalamuaren salmenta, eta desberdintasunak daude batzuen eta besteen artean. Batzuek euren webgune propioen bidez soilik saltzen dute, eta beste batzuek baimena eman dute denden bidez saltzeko. «Hornikuntzak lizentziak dituzten ekoizleen eta banatzaileen artean adosten dira zuzenean, erakunde publikoak zein pribatuak izan», azaldu du Andre Gagnon Kanadako Gobernuaren Osasun Saileko ordezkariak. Kontsumoari dagokionez, lege federalaren arabera, gutxienez 18 urte izatea derrigorrezkoa da legez erosi eta erre ahal izateko. Horrez gain, 30 gramora arte eraman ahal izango dute aldean, eta etxebizitza bakoitzak gehienez lau landare hazi ahal izango ditu kontsumo propiorako.

Ontarion, esaterako, webgune baten bidez soilik eros daiteke, OCS Ontario Cannabis Storeren bidez, komunikazio arduradun Dominique Mathersek emandako datuen arabera, lehenengo astean 150.000 eskaritik gora jaso zituzten OCSn: «Eskariak jasotzen jarraitzen dugu, eta egunero mila bidalketa egiten ditugu, eskariei erantzunez». Dena den, onartu dute atzerapenak egon direla bidalketak pilatu zaizkielako: «OCSren eskari batzuk baino ezin ditu hartu, egunero, Kanadako posta zerbitzuak: entrega epeak atzeratu egin ziren, eta bezero askok jasango dituzte atzerapenak aurrerantzean ere».

Hasiberriak dira, eta azpiegiturak hobetzen jarraituko dute, banaketa eta salmenta zerbitzuak hobeak izan daitezen, Mathersen esanetan: «Gure langileak buru-belarri dabiltza bezeroen eskariak jasotzen eta haien kontsultak erantzuten, telefonoz zein mezu elektronikoz: arreta zerbitzua handitu dugu, bezeroek hainbeste itxaron behar izan ez dezaten».

Dena den, eskariari aurre egiteko besteko hornidura izan badutela baieztatu dute, eta ez dutela arazorik ikusten hori horrela izan dadin etorkizunean ere. «Kanadako banaketa eta posta zerbitzuarekin elkarlanean ari gara, gertutik, paketeak ahalik eta lasterrena iristeko bezeroengana: arretarik onena eskaintzen jarraitzeko, lanean jarraitzen dugu, eta modu eraginkorragoak bilatu bezain pronto jarriko ditugu martxan».

Merkatu beltza, bizirik

Health Canadak, Kanadako Osasun sailak, urriaren 17ak mugarri bat ezarri zuela nabarmendu du, ezer baino lehen. «Kalamuaren debeku kriminalizatzailea amaitu zuen urriaren 17ak, eta, era berean, guztiz legezkoa den industria berri bat bultzatu zuen: beste industria berri batzuetan gertatzen den bezala, aurreikusten genuen zenbait produktu gutxitu edo agor zitezkeela, tarteka», azaldu du Gagnonek.

Internet bidez egindako eskariak atzeratzeak edo dendetan hornidurak agortzeak ez du esan nahi, haren esanetan, huts egin dutenik. «AEBetako zenbait estaturen esperientziak erakutsi duen bezala, luze joko du merkatu beltza desagerrarazteak». Hori lortzeko, besteak beste, ezinbestekotzat dute legezko merkatua lehiakorra izatea. «Bezeroek kalamua legez eros ahal izateko, hainbat faktore hartu behar dira kontuan: besteak beste, legezko produktu sorta handi bat eduki behar dugu, prezio lehiakorra izango duena eta kontrol neurri zorrotzen pean ekoitzia izan dena».

Ez dute hornidurarik gabe gelditzeko beldurrik. Haien arabera, irailaren amaierarako 14.500 kilo kalamu lehortu eta 370 litro kalamu olio banatu zizkieten ekoizle lizentziadunek probintzietako txikizkariei, eta, horrez gain, beste 90.000 kilo kalamu lehortu eta 41.000 litro kalamu olio erabilgarri zituztela jakinarazi zioten osasun sailari. «Salmenten aurreikuspenak, oraingoz ezagutzen dugun informazio publikoaren arabera, eskuragarri dagoen inbentario horren zati txiki bat baino ez dira; datuak biltzen ari gara, eta datozen hilabeteetan argitaratuko ditugu estatistikak».

Baimenak, ugaritzen

Hala ere, onartu dute arazoak sortu direla. «Jakitun gara zenbait produkturen eskasia dagoela zenbait merkatutan; hala izango da datozen hilabeteetan ere». Gagnonek azaldu duenez, «denbora askoan» egon da kalamua legez kanpo, eta testuinguru berriak zalantza asko sortu ditu. «Ez zen egin azterketa bat jakiteko zein produktuk izango zuten eskari handiena eta zeintzuek ez; ez zegoen zehazterik eskaria zenbatekoa izango zen».

Denborak aurrera egin ahala, eskarmentua hartuz joango direla nabarmendu du Gagnonek, eta sortu diren arazoak ez direla hainbeste izango etorkizunean. «Lizentzia duten ekoizleak ekoizpena handitzen ari dira, eta hornidura haziz joango da hilabetez hilabete: kalamu lehortu eta kalamu olio nahikoa izango da legezko merkatuaren eskaria betetzeko». Banatzaileek eta txikizkariek elkarlanean jarraitzea izango da egoerari buelta emateko egokiena, haren ustez.

Merkatu beltzetik arauturako jauzia pixkanaka egin beharko dute, eta denbora eskatuko die. Hasi, hasi dira pausoak ematen: urriaren 17tik aurrera, 132 ekoizlek dute kalamua Kanadan ekoizteko baimena; saltzekoa, 78k. Lizentzia horiek banatzeko neurriak hartu zituzten 2017ko maiatzean. «Azken urte eta erdian, 89 konpainiak jaso dute kalamua ekoizteko baimena, azken lau urteetan baimendutakoen bikoitzak; 46 ekoizlek lortu dute salmentarako baimen berri bat; horrez gain, ekoizpena handitzeko 191 eskari onartu dira, horrela, kalamua bi milioi oin koadrotan ekoizten zen orain arte [18 hektarea baino gehiago], eta 13 milioi oin koadrotan baino gehiagotan ekoizten da orain [120 hektarea baino gehiago]».

Legearen kontrako ahotsak egon badaude: horien artean daude urte luzeetan kalamuaren legeztatzearen aldeko mugimenduan ibili diren alderdi batzuk; moduak dira kritikatu dituztenak. Ai Laket elkarteko Unai Perez de San Roman Landaren ustez, kritikagarria da kalamua legeztatzean agintariek soilik alderdi ekonomikoak aipatzea. «Ez dituzte aipatu ere egiten bestelako kontuak, adibidez, osasun aldetik izan ditzakeen abantailak edo desabantailak: ekonomikoki oso ona izango dela esaten dute, eta ez dut uste auzi honen alderik garrantzitsuena hori denik».

Justin Trudeauren gobernuak kalamua legeztatzeko emandako beste arrazoietako bat izan da lege horrekin adingabeak babestuko dituztela. Perez de San Romanen ustez, legeak ez du eragotziko adin txikikoek kontsumitzea. «Hemen, ustez, 18 urte izan behar dituzu alkohola kontsumitzeko, eta badakigu adingabeek berdin-berdin kontsumitzen dutela: edaten hasteko batez besteko adina 16 urte da». Helburu berbera lortzeko kontrako bi neurri bultzatu izana gaitzetsi du: legez kanporatzea lehen, legeztatzea orain.

Aldaketak, gertuago

Kanadako eta Quebeceko lege berriak, dena den, badu alde on bat, gutxienez, Perez de San Ramonen ustez: orain arte kalamua edukitzeagatik zigortutakoak barkatu egingo dituzte. Ondo egin dutela uste du:«Ez dakit nola egingo duten, baina onartu dute aurreko legea ez zela ona, eta autokritika hori oso potentea da».

Kalamua legeztatu eta egun gutxian produktuak agortzea arrunta dela uste du. «Uruguain ere gertatu zen: normala da lehenengo egunetan sekulako eskaria egotea, denborarekin normalizatu egingo da egoera». Alkoholaren adibidea jarri du berriz: «Alkohola debekatuko balute, eta egunen batean legeztatu, hurrengo egunean guztiok joango ginateke alkohola erostera, etxean izateko bakarrik bada ere».

Euskal Herrian desberdintasunak daude kalamuaren erabilerari dagokionez. Hegoaldean, ustez, kontsumoa ez dago zigortuta; Iparraldean, bai. Egoera alda ote daitekeen galdetuta, uste baino lehenago gerta daitekeela uste du Perez de San Romanek: «AEBak dira orain arte bidea markatu dutenak, eta badirudi gauzak aldatzen ari direla han: Kanada ere estatu oso garrantzitsua da, boterea du, eta horrelako herrialdeek aldaketak egiten badituzte, beste guztiek jarrai ditzakete haien pausoak».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna