Iruzurren sareetan ez erortzeko

Azaroaren hondarreko 'black friday' delakotik urtarrileko merkealdira artekoa da erosketa gehiago egiten den garaia; geroz eta gehiago Internet bidez, gainera. Batzuek mesfidantza izaten badute ere, oinarrizko segurtasun neurri batzuk betez gero, ez da zertan arazorik izan.

BERRIA.
Iker Tubia.
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Beltza da nagusi han eta hemen ageri diren iragarkietan. Badira urte batzuk black friday edo Ostiral Beltza Euskal Herrian zabaltzen hasi zela. Heldu den ostiralean izanen da, berez, baina geroz eta luzeagoa da beherapen aldi hori: astebetez luzatzen dute batzuek; hilabete osora besteek. Ondoren etorriko da cyber monday, kontsumoaren mesedetan luzapenetan dabilena, berdin. Horrelako egitasmoak nabarmen ugaritu dira sarean, eta Internet bidez erostea ohiko bihurtu dute. Hala ere, bada oraindik mesfidantzaz begiratzen dionik online merkatuari. Oinarrizko segurtasun neurriei jarraituta, baina, merkatu fisikoan bezala eros liteke sarean ere.

Irache kontsumitzaileen elkarteak esan duenez, «asko» ugaritu dira Internet bidezko erosketei lotutako kontsultak eta kexak: aurten, dagoeneko, 2.000 baino gehiago izan dira. Alberto Lazkoz elkarteko komunikazio arduradunak igoera horren arrazoi posible bat aipatu du: «Esanen nuke geroz eta erosketa gehiago egiten direla Interneten; beraz, geroz eta arazo gehiago daude». Arazo nagusiak hiru dira: jasotako produktuak gaizki egotea, berandu ailegatzea eta iruzurrak.

Juanan Pereira informatikaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da. Uste du Internet bidez erostea dendan erostea bezain segurua izan daitekeela, betiere, oinarrizko neurri batzuk hartuz gero. «Beldurrak beti izan behar ditugu, eskuko diruarekin erostean ere bai. Zentzu oneko oinarrizko neurriak hartuta, gustatuko litzaidake jendeari beldurra kentzea; horiei jarraituta ez dago inolako arazorik», esan du. Lehenbizi, kontuan hartu behar dena da komunikazioa zifraturik egotea. Webgunearen helbidean https agertzen bada, horren seinale da. «Teknikoki geroz eta seguruagoak dira webguneak; ez dago halako arazorik. Baina jakin behar dugu non erosten ari garen; webgunea segurua izan daiteke, baina horren atzetik dauden pertsonen helburua izan daiteke jendea engainatzea».

Konfiantzazko saltzaileengana jotzea gomendatu du Pereirak, saretik kanpo egin ohi den bezala. Foroetan begiratzeko aholkua eman du, saltzailea fidatzekoa den jakiteko; adibidez, Trustpilot guneak horretarako aukera ematen du. Lazkozek saltzailearen webgunean bertan enpresaren identifikazioa bilatzeko aholkua eman du: izena, IFZ, egoitza soziala eta helbide postal eta elektronikoa: «Enpresa bat izan beharrean pertsona bat baldin bada salmenta eginen duena, identifikatzeko eskatu».

Nondik erosi?

Erosketa egiteko gailua ere izan daiteke kezka iturri. Berez, ez du axola mahaiko ordenagailua erabili edo sakelakoa; kontuan izan behar dena da gailuaren sistema eragilea eguneraturik dagoela, baita nabigatzailea edo aplikazioak ere. «Askotan hor dago koxka. Segurtasun arazo bat baldin badago webgune horretan, arazo hori aprobetxatu dezakete baldin eta zure sistema ez badago eguneratuta», ohartarazi du Pereirak. Beraz, tarteka gailuak eguneraketa eskatzen duelarik, hobe da baiezkoari ematea. Sistema eguneratuta eta babestuta izatea; biak dira garrantzitsuak, informatikariaren aholkuen arabera. Beraz, antibirus bat edukitzea ere gomendatu du segurtasun handiagoz ibiltzeko. Hori bai, benetakoa, lizentzia bat ordainduta.

Erosketa ordenagailuaren bidez zein sakelakoaren bidez egin liteke, beraz, baina ez da komeni edozein saretara konektaturik egitea. Wifi publikoak saihestu behar dira Interneten erosketak egitean, normalean erabiltzaileak ez baitaki nork kudeatzen duen wifi sare hori, eta hortik arazoak etor litezke gero. Ezkutuko bilaketak egitea ere gomendatu du Pereirak. Tracking-aren bidez, erabiltzaileak identifikatzailea arrastaka darama sartzen den webgune guzietara; gero, bilatutako hori hamaika aldiz agertu ohi da beste webguneetako publizitate bannerretan. Pribatutasuna mantentzeko, interesgarria da ezkutuko leihoaren aukera, baina baita erosketak egiteko ere.

Txartelarekin hobe?

Lehenago ere aski erabilia zen, baina pandemiak asko orokortu du txartelaren erabilera saltoki guzietan. Interneten ere txartelarekin erostea ohikoa izaten da, baina hori da aukerarik onena? Pereira eta Lazkoz bat datoz: ez, ez da sarean erosketak egiteko modurik seguruena, behinik behin. Bien aburuz, txartelaren datuak ahalik eta toki gutxienetan uztea da zentzuzkoena. Horregatik, bi aukera aipatu dituzte: ordainketa plataformak edo txartel digitalak.

Paypal da Internet bidez erosteko plataformarik ezagunena. Modu horretan, bankuko txartelaren datuak plataforma horrek bakarrik ditu, eta erosketa egiten den webgunean ez da horren arrastorik geratzen. Saltokiaren webgunea hackeatuko balute, ezinen lukete informazio hori eskuratu. «Erosketa egiten duzun denda bakoitzaz fidatu beharrean, bakar batekin fidatu behar duzu, eta horren bidez egiten dituzu ordainketa guztiak. Gainera, arazorik badago, Paypalekin ordainketa bertan behera utz daiteke», kontatu du EHUko informatikariak.

Horren alternatiba txartel digitalak lirateke, bankuek eskaintzen dituztenak. Sakelakoetan lehen ohikoak ziren aurretik ordaindutako txartelen moduan funtzionatzen dute: txartelean zenbat diru sartu aukeratzen du erabiltzaileak, baita iraungitze data ere. Modu horretan, txartel horren datuak emateak ez du hainbesteko erreparorik ematen, norbaitek eskuratuko balitu ez bailuke sarbiderik bankuko kontuko diru guzira. Guraso batzuek horrelako txartel digitalak erabiltzen dituzte seme-alabei uzteko, adibidez.

Bide horiek seguruak direla nabarmendu dute Pereirak eta Lazkozek. «Bizitza errealean gertatzen den moduan: ez gara edozein tokitan sartzen edo ez diogu txartela edozeini ematen. Egia da pantailaren beste aldean ez duzunez pertsona bat ikusten mesfidantza apur bat daukagula, baina uste dut seguruagoa dela Paypal edo txartel digitala erabiltzea, kaleko saltoki batean txartelarekin erostea baino, ez dakizulako txartela klonatu duten ala ez», esan du informatikariak.

Kasu eman iruzurrei

Ordainketaren uneaz gainera, beste arazo batzuk ere gerta daitezke Interneteko erosketekin; esaterako, produktua ez ailegatzea. «Ez bada iruzur bat izan, normalki beste batzuei botako diete errua, batzuetan akatsa saltzailearena izan arren. Kasu horietan, dirua itzultzea lor daiteke gehienez; oso arraroa izaten da galdutako denborarengatik edo egindako kalteengatik ordaintzea», azaldu du Lazkozek.

Beste batzuetan produktua ez da ailegatzen iruzurra dagoelako tarteko. Horrelakoetan, saltzailearekin harremanetan jartzen saiatu ohi da kontsumitzailea, baina ez du lortzen, enpresa ez baita existitzen. «Horrelakoek baldintza onak, bidalketa gasturik ez izatea, adibidez, edo prezio merkeagoak eskaintzen dituzte jendea tranpan eror dadin». Baina norbanakoei erostean ere gertatzen dira horrelako iruzurrak. Ordainketa salmenta plataformaren bidez egin beharrean bi aldeen artean zuzenean egiten denean, plataformek ez dute erantzukizunik hartzen, Irache elkartekoek ohartarazi dutenez.

Garai hauetan bada kontuan hartzeko beste iruzur mota bat: fishing deitzen dute. Erosketa gehiago egiten diren garaiak izaten dira horrelako amuak zabaltzekoak ere. Iruzurgileek mezu bat bidaltzen dute esanez eskatutako produktu batekin arazoak izan direla, eta esteka batean klik eginda zerbait ordaintzeko. Horrelakoei jaramonik ez egiteko ohartarazi du Pereirak. Normalean, iruzur hutsa dira. «Ez klikatu inoiz estekan zuzenean; sartu eskuz saltokiaren helbidea nabigatzailean, eta bilatu ea arazorik izan den produktuarekin».

Hari gertatutakoa kontatu du iruzur horren adibide gisa: mezu bat jaso zuen berak eskatutako produktu bat aduanan geldi zegoela esanez; esteka batean sartu eta bederatzi euro ordainduta konponduko omen zen arazoa. Garai horretan Internet bidezko erosketa bat egin zuenez, pentsa zezakeen hori zela aduanan geldirik zegoen produktua. Baina ez, iruzurra zen. «Presaka bazabiltza, agian ordaintzen duzu eta listo. Horregatik aprobetxatzen dituzte horrelako datak», kontatu du informatikariak.

Nolanahi ere, gehienetan produktua etxera ailegatzen da. Hor ere izan daiteke arazorik, Lazkozek kontatu duenez. Aholku bat eman du: «Egiaztatu lehenbailehen produktua ongi dagoela; posible bada, banatzaileari paketea jaso duzula sinatu aurretik». Gainera, bada jakin beharreko beste afera bat: Europako Batasunean Internet bidez egindako erosketetan atzera egin liteke produktua jaso eta hamalau egunera arte.

Aholku eta neurri batzuei segituz gero, sarean erostea agian ez da hain beltz ikusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.