Espainiako Gorteen osaketa. Patxi Lopez

Presidente bilakatu den lehendakaria

Lehendakaritzan emandako urteek ospea eta itzala eman diote Lopezi Espainian PSOEtik haragoko zenbait sektoretan; horri esker, Espainiako Kongresuko presidente izango da aurrerantzean.

SERGIO BARRENETXEA / EFE.
gotzon hermosilla
Bilbo
2016ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Lehendakaria izateari utzi zionean, etorkizun politiko beltza iragartzen zioten askok Patxi Lopezi (Portugalete, Bizkaia, 1959). Eusko Legebiltzarrerako 2012ko bozen bezperan, ezker abertzalea legeztatu berritan, 25 parlamentari zituen PSE-EEk, baina gero 16 bihurtu zitzaizkion, eta berriro lehendakari izendatua izateko asmotik oso urrun gelditu zen Lopez. Baina jakina da Espainiako politikak saritu egiten dituela abertzaletasunari aurre eginez nabarmendu diren euskal politikariak. Espainiako Kongresuko presidente izendatu dute orain: Espainiako Estatuaren egituran, kargurik garrantzitsuenetan hirugarrena da, erregearen eta gobernuko presidentearen atzetik.

Bizkaiko Ezkerraldean sozialismoak izan dituen erro sakonen ondorio eta adibide da Lopez.Familia sozialista batean hezia da —aita, Lalo Lopez, PSE eta UGTren militante historikoa izan zen Bizkaian—, eta laster hasi zen JJSS gazte erakunde sozialistan militatzen.

Goiz iritsi zitzaion politikaren lehen lerroan aritzeko aukera. 1987an, PSOE Espainiako gobernuan zegoelarik, asko okertu ziren alderdiaren eta UGT sindikatuaren arteko harremanak, gobernuaren politika ekonomikoaren ondorioz. PSOEko diputatu ere baziren UGTko buruzagi batzuek dimisioa eman zuten protesta gisa, horien artean Jose Antonio Sarazibar euskal sindikalista historikoak. Hura ordezkatuz iritsi zen Lopez Espainiako Kongresura. 28 urte zituen, eta diputaturik gazteenetako bat zen.

Baina legaldia amaituta, euskal politikan murgildu zen buru-belarri. Eusko Legebiltzarreko kide izan zen etenik gabe 1991tik 2014ra, eta 2002an, Nicolas Redondo Terrerosek dimisioa eman ostean, PSE-EEren lema hartu zuen, alderdia krisi sakonean sartuta zegoenean.

PPren botoei esker

Inor gutxik espero bazuen ere, 2009ko bozen ostean lehendakari izendatu zuten Patxi Lopez, EAJk baino boto gutxiago lortu arren, ezker abertzalearen legez kanporatzeari eta PPren botoei esker.

PPren sostenguaren gatibu izateak asko baldintzatu zion agintaldia Lopezi, eta une mingotsak ere pasarazi zizkion horrek: Rajoyren gobernuaren politika ekonomikoari Lopezek egindako kritika batzuei erantzunez, «Homer Simpsonek baino ikasketa gutxiago» zituela bota zion Alderdi Popularreko orduko buru Antonio Basagoitik. Irainak irain, PSE-PP itunak agintaldia amaitu arte iraun zuen.

EAJ eta PPtik desberdindu nahian, bere agintaldiari jite sozialagoa ematen saiatu zen Lopez lehendakaria izan zen bitartean. Edozein modutan, bi gertakarik orbandu zuten agintaldi hura: 2011ko urrian ETAk bere jarduera bukatutzat ematen zuela iragarri zuenean albisteak AEBetarako bidaia batean harrapatu izanak —askoren ustez, Lopezek bere ibilbide politiko osoan egindako akatsik larriena— eta Iñigo Cabacasen heriotzak Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz 2012ko apirilean.

Lehendakaritza eta PSE-EEko idazkaritza nagusia laga ostean, Espainiako politikara egin zuen jauzi 2014an, PSOEren batzorde eragileko kide eta Jarduera Politiko, Herritartasun eta Askatasunen arloko idazkari izendatu zutenean.

«Nazionalismoari aurre egin zion lehendakaria» izateak ospe handia eman dio Espainiako hedabideetan, eta haren itzalak PSOEren mugak gainditzen ditu, eta eskuinaren hainbat sektoretara iristen da. Ez da harritzekoa, beraz, PSOEk «adostasunerako hautagai» gisa aurkeztu izana Kongresua zuzentzeko. Horretan arituko da aurrerantzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.