Iruñeko udal gobernua, krisian

Aranzadi: «Ez genuen inondik espero erabaki totalitario hau»

Udal gobernua apurtu izana egotzi die talde munizipalistak EH Bilduri eta Geroa Bairi. Itun programatikoari eusteko asmoa agertu dute
Aranzadiko zinegotzi eta kideen agerraldia, atzo.
Aranzadiko zinegotzi eta kideen agerraldia, atzo. ION ORZAIZ

Ion Orzaiz -

2018ko uztailak 6
«Aldaketari eraso egin diote». Aranzadi hautes zerrenda munizipalistak agerraldia egin zuen atzo, talde horretako hiru zinegotziak eta Ezkerrako Edurne Egino Iruñeko udal gobernu taldetik egozteko erabakiaz hitz egiteko. Baita gogor hitz egin ere. Laura Berro zinegotziaren eta Aitor Balbas alderdikidearen arabera, «jarrera totalitarioa eta desleiala» erakutsi dute EH Bilduk eta Geroa Baik, eta kanporatzeak «hautu politiko» bati erantzuten diola uste dute: «Erabaki honek agerian uzten du EH Bilduk egin duen apustu politikoa; alegia, akordioak EAJrekin bakarrik egitea, eta aldaketa eskuinetik eraikitzea». Berrorekin eta Balbasekin batera, hedabideen aurrean azaldu ziren Armando Cuenca eta Manuel Millera zinegotziak, eta baita kanporatutako zinegotziei babesa adieraztera joandako militante ugari ere.

Laura Berro izan zen hitza hartzen lehena. Alkatearen erabakiarekin «harrituta eta minduta» azaldu zen: «Ez genuen hau espero, inondik inora. EH Bilduk eta Geroa Baik erabaki dute arrabola pasatzea eta gure proposamenak zanpatzea, eta hori ez da Iruñeko gehiengo sozialak 2015eko hauteskundeetan bozkatu zuen aldaketa». Izan ere, Berrok ez du uste Aranzadi eta Ezkerra izan direnik itun programatikoa hautsi dutenak; aitzitik, lauko gobernuko beste bi bazkideei leporatu die gertatutakoaren ardura osoa.

Atzoko agerraldian, Joseba Asironen jarrera txarretsi zuen bereziki: «Modu itsusian bota gaituzte. Alkatearen jarrera patriarkala eta totalitarioa izan da». Laukoaren barruko oreka zartatu duen gaiaz —superabitari lotutako inbertsioak—, Berrok esan zuen Aranzadik planteatutako diru-sailak eta zuzenketak «interes sozialekoak» zirela: etxebizitza, Txantrea auzoko bidegorria eta Emakumeen Etxearen proiektua nabarmendu zituen, besteak beste. «Guretzat, asfaltoa baino garrantzitsuagoa da hori guztia».

«Geroa Bai lehenetsi dute»

Inbertsioei buruzko eztabaidaz gainera, Aranzadiko hautetsiek atzoko agerraldia baliatu zuten azken urteetan laukoaren barruan sortutako desadostasunen berri emateko. «Leialtasunik eza leporatu digute, baina erregimenarekin bat egiteaz hitz egiten badugu, gogoratu beharko dugu EH Bilduk eta Geroa Baik askotan bozkatu dutela UPN eta PSNrekin batera», kritikatu zuen Balbasek. Besteak beste, zinegotzien autoak aparkatzeko txartelen auzia eta kaleko saltzaileen aurkako neurriak gogoratu zituen Aranzadiko kideak.

Asironen erabakiak UPNri mesede egiten ote dion galdetuta, Balbasek erantzun zuen «agian EH Bildurentzat eta Geroa Bairentzat mesedegarria» izan daitekeela Ezkerra eta Aranzadi udal gobernutik kanpo utzi izana. «Baina kaltegarria izanen da Iruñeko aldaketarentzat».

Hala ere, ez diote atea itxi etorkizunean akordio berriak lotzeari, eta 2015ean sinatutako itun programatikoarekiko konpromisoari eutsiko diotela nabarmendu dute: «Aldaketarekin eta akordio programatikoarekin konprometituak gaude, eta halaxe segituko dugu aurrerantzean ere», azpimarratu zuen Laura Berrok. Hala ere, momentuz, ez dute erabaki zehatzik hartu: «Aranzadik asko du hausnartzeko, eztabaidatzeko eta erabakitzeko, baina hori guztia uda ostean eginen dugu; batzordean eta militanteen erabakia errespetatuta. Ez ditugu erabakiak beroan hartuko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna