Rubalcaba eta Garzonen lotsak

Espainiako Gobernuaren eta auzitegien kontraesanak agerian uzten saiatu da Pernando Barrena 04/08 auziko epaiketan.Esan du ETArekin harremanak eta akordioak PSOEk zituela, ez auzipetuek

Pernando Barrena Sortuko eleduna, herenegun, epaiketako lehen egunean. J. DANAE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Madril
2015eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren eta auzitegien kontraesanak biluzten ahalegindu da Pernando Barrena epaimahairen aurrean. Nolatan «bakegileak» zirenak egun batetik bestera «terrorista» bilakatu ziren gobernuen eta auzitegien aurrean. Horri buruz argi mintzatu da egun Sortuko bozeramaile dena. ETAk 2007an su-etena hautsi izan ez balu ez liratekeela akusatuen aulkian eserita egongo nabarmendu du. Eta ikertutako urte haietan, Barrenak eta gainontzeko auzipetuek eginiko lan politikoaren helburua izan zela ETAren jardun armatuaren amaiera lortzea eta Euskal Herriarentzako bakea eta normalizazio politikoa ekartzea. Barrenaren arabera, ordukoagatik daude akusatuen aulkian eserita, baina ordukoagatik egin dira ere gaur egun arte normalizazioaren bidean egin diren urratsak.

04/08 sumarioan auzipetutako 35 lagunetatik zortzik deklaratu zuten atzo: Barrenaz gain, Iñigo Balda, Gorka Diaz, Anjel Mari Elkano, Mikel Etxaburu, Maite Fernandez Labastida, Marije Fullaondo eta Ino Galparsorok. Horiei, gainontzeko beste guztiei bezala, leporatzen diete ETAri laguntza ematea, haren estrategian laguntzea. Hamarna urteko espetxe zigorrak eta denbora bereko inhabilitazioak eskatu dituzte fiskaltzak eta AVT eta Diginidad y Justicia elkarteek.

Akusazioaren oinarria zalantzan jarri zuten auzipetuek herenegun, epaiketaren lehen egunean. Haien aurkako akusazioen froga gisa erabili diren egitateak oinarrizko eskubideak direla azpimarratu zuten, eta atzo bide beretik jarraitu zuten.

Horrekin lotuta, datu bat eman zuen Barrenaren defentsa lanetan ari den Iñigo Iruin abokatuak. Haren bezeroari 110 ekintzatan parte hartzea leporatzen diote: horietatik %80 dira prentsaurrekoak eta komunikabideetan egindako elkarrizketak, eta gainontzekoak ekitaldi politikoak: manifestazioetan parte hartzea, hitzaldi eta mahai inguruetan... Horregatik guztiagatik, gogoratu du Barrenak inoiz ez ziotela zigor prozedurarik ireki, ez desobedientziagatik, ez gorazarre egiteagatik... Hirutan ireki zizkioten diligentziak, eta hirurak artxibatu zituzten, fiskaltzak hala eskatuta.

Akusazioak dioen moduan, Barrenak aitortu du Batasuneko kidea izan zela denbora batez, 2002an legez kanporatu zuten arte. Ordutik aurrera, Batasuneko Mahai Nazionala ez zela berriz osatu azpimarratu du, horren parte izatea leporatzen dioten arren. Hala izanik ere, nabarmendu du Batasuneko kide ohiek, beste edozein herritar modura, euren eskubideez baliatuta lan politikoa egiten jarraitu zutela eta, bereziki, bakea eta normalizazioa lortzeko helburuarekin aritu zirela horretan. Barrenak gogoratu du Garzonek berak auto ugari kaleratu zituela garai hartan ezker abertzalearen ekitaldiak-eta baimenduz, esanez Batasunaren jardueren eteteak ez zituela eskubide zibil eta politikoak mugatzen.

Hala, eta «bake helburuekin beti», Barrenak eta beste hainbatek ezker abertzale osorako proposamenak landu zituztela gogoratu du: besteak beste, Anoetako proposamena eta Bide Eginez hausnarketa prozesua. Orduan ez bezala, fiskaltzak orain dio egitasmo horiek frogatzen dutela ETAren eta auzipetuen, eta zehazki Barrenaren, arteko lotura. Auzipetuak azpimarratu duenez, baina, publikoak izan ziren biak ala biak, eta ez bera ez ezker abertzaleko beste inor ez zuten zigortu horiengatik, elkarte batzuek salaketak jarri zituzten arren.

Zigortu ere ez zituzten egin, Barrenak gogoratu duenez, Euskal Herriko alderdi eta eragileekin egin zituzten bilera ugariengatik edota Espainiako Gobernuarekin zituzten harremanengatik. Horietako askotan parte hartu zuela onartu du auzipetuak, eta baita ezagutarazi ere Alfredo Perez Rubalcaba orduko Barne ministroak berak jakinarazi ziola elkarrizketa bide zuzen bat nahi zuela berarekin. Orain, bilera eta harreman horiek bere eta ezker abertzaleko beste kide batzuen aurkako akusazioen froga direla gogoratu du Barrenak. Baita bilera horiek prestatzeko egiten zituzten «barne bilera pribatuak» ere.

Akusazioan ere froga gisa azaltzen dira orduan legezkoak ziren ANV eta EHAK alderdietako hautetsiak izatea, haientzako lan egitea, bilerak eta agerraldiak egitea alderdi horien izenean. Hori leporatzen diete, esaterako, Barrenarekin batera atzo deklaratu zuten beste auzipetuetako batzuei; adibidez, Ino Galparsoro Arrasateko alkate ohiari, Maite Fernandez de Labastida ANVko hautetsi ohiari, Iñigo Balda eta Mikel Etxaburu EHAK-ko aholkulari izandakoei eta Anjel Mari Elkano Nazio Eztabaida Guneko kide ohiari. Haiek ere azpimarratu dutenez, alderdi eta erakunde horietan aritzeagatik ez zituzten inoiz zigortu edota deklaratzera deitu, harik eta bake prozesua hautsi eta Garzonek inputatu zituen arte. Orduan jakin zuten «ETAren aginduetara» ari zirela.

Horren harira, eta froga horiek oinarririk ez dutela nabarmentzeko asmoz, Barrenak gogoratu du PSOEko agintariek, Patxi Lopez lehendakari ohia tartean, «behin eta berriz eskatu» zietela alderdi berri bat erregistratzeko. Are gehiago: Barrenak ezagutzera eman du gobernuaren iturrietatik eta nazioarteko bitartekarien bidez jakin zutela gobernuko ordezkariak eta ETA Oslon egiten ari ziren elkarrizketetan PSOEko kideak konprometitu zirela ezker abertzalea legeztatzera. Hortaz, Barrenak azpimarratu du norbaitek ETArekin harremanak eta akordioak izatekotan Espainiako Gobernua zela, eta ez auzipetutako inor.

Ondoren iritsi zen Loiolako prozesua, haustura eta gobernuaren eta auzitegien jarrera aldaketa. Horetan ere fase ezberdinak egon direla azaldu du Barrenak. Hala, jakinarazi du duela zortzi urtetik, ETAri laguntzea inputatu ziotenetik, baldintzapean dagoela aske, baina auzitegiek baimen ugari eman dizkiotela, baita ekitaldi politikoetan parte hartzeko ere. Gauza bera gertatu da beste auzipetu askorekin.

Horietako batzuek datorren ostegunean deklaratuko dute. Abenduaren 14an amaituko dute akusatuek, eta 15ean eta 16an lekukoen txanda izango da. 16rako dago aurreikusita Arnaldo Otegi preso dagoen ezker abertzaleko buruzagiaren eta Carmen Gisasola ETAko kide ohiaren parte hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.