Badituzte etxeko lanak

Gabonetako etenaldiaren ostean, Eusko Legebiltzarrak atzo heldu zion berriro lanari. Legebiltzarkideek ez dute lan makala aurretik: Jaurlaritzaren zazpi lege proiektu dituzte esku artean, eta taldeek aurkeztutako beste hemezortzi.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuren aretoa, Iñigo Urkulluren inbestidura saioan. DAVID AGUILAR / EFE.
Edurne Begiristain.
2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Hilabete eta erdi eman du Eusko Legebiltzarrak jarduerarik gabe: abenduaren 20tik. Ordutik ez da saiorik egon; ez bilkurarik, ez batzorderik. Etenaldiaren ostean, Eusko Legebiltzarrak atzo abiatu zuen ohiko jarduna. Legebiltzarkideek galtzak bete lan izango dute hemendik aurrera: Jaurlaritzak igorritako lege proiektuen inguruan eztabaidatu, estatutu berria eta memoriaren inguruan adostasunak bilatu, euren proposamenak aurrera atera... Lanari berriro heltzeko garaia iritsi zaie.

ESTATUTUA ETA MEMORIA

Autogobernuarena eta Memoria eta Bizikidetzarena. Eusko Legebiltzarrean martxan dauden bi lantalde garrantzitsuenetarikoak dira, eta biek ala biek erronka garrantzitsuei heldu beharko diete datozen hilabeteetan. Baina ez dute erraza izango. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatus politiko berri baten oinarriak adostu beharko ditu Autogobernu Lantaldeko aditu taldeak, ekaina baino lehen. Joan den urritik ari dira zeregin horretan Mikel Legarda, Iñigo Urrutia, Arantxa Elizondo, Alberto Lopez Basaguren eta Jaime Ignacio del Burgo. Lan nekeza du aurretik talde teknikoak: ekainerako prest izan beharko dute testu artikulatua, eta, ondoren, lege proposamen gisa erregistratuko dute legebiltzarrean.

Memoria eta Bizikidetzari buruzko lantaldearen egitekoa ez da samurragoa izango. Epeetan baino gehiago, ados jartzeko ezintasunean dago arazoa, eta ez dago batere argi zein izan daitekeen taldearen etorkizuna. Are gehiago abenduko azken bileran, PSEk orain arte egindako lan guztia eta lantaldearen beraren zeregina «birpentsatzeko» aukera mahai gainean jarri ondotik. Berriro biltzeko datarik ez du, oraingoz, Memoria eta Bizikidetza Lantaldeak.

ESPETXEAZ MONOGRAFIKOA

Gai jakin bati buruz luze eta zabal eztabaidatzeko bilkura monografikoak egiten dira Eusko Legebiltzarrean, lantzean behin. Gisa honetako bilkurek badute bere garrantzia, bertan onartzen diren ebazpen proposamenak bete beharrekoak direlako. Aurki espetxe ereduari buruzkoa egingo da, EH Bilduk proposatuta. Koalizioaren asmoa da eztabaidarekin espetxe eredu propioa finkatzea. Mahaiak azaroaren 20an onartu zuen tramiterako koalizioaren ebazpen proposamena, eta, orain, osoko bilkuraren data zehaztea falta da. Otsailean edo martxoan izango da, ziurrenik.

Espetxe ereduaz ez ezik, EAEkoMerkataritzaren egoera aztertzeko eta Tokiko Merkataritza suspertzeko politikei buruzko monografiko bat egiteko ere proposatu du EH Bilduk. Mahaiak oraindik ez du erabaki ekinbidea tramiterako onartu ala ez.

LEGE PROIEKTUAK

Gaur egun Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako zazpi lege proiektu tramitatzen ari dira Eusko Legebiltzarrean: EAEko Poliziari buruzko legearen bosgarren aldaketa; euskal administrazio publikoen zigortzeko ahalmenari buruz-koa; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen jasangarritasun energetikoari dagokiona; euskal kultur ondarearena; kirol arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzkoa; Euskal Estatistika Planari buruzkoa eta EAEko kooperatibena. Guztien artean, tramitazioan aurreratuena dago administrazioaren jasangarritasun energetikoari buruzko lege proiektua —batzordearen irizpena prest dago, eta noiz eztabaidatu zain dago osoko bilkura—. Zuzenketa fasean daude, berriz, gainerakoak.

Lege proiektuen zerrenda horrez landa, aipamen berezia merezi dute aurrekontu gabeziari aurre egiteko Jaurlaritzak aurkeztutako lege proiektuak. Gobernu kontseiluak asteartean erabaki zuen atzera egitea eta hiru lege proiektutan banatzea DSBEa, funtzionarioak eta itunpeko hezkuntzarekin lotutako gaiak. Orain, legebiltzarrak tramitatu beharko ditu.

Jaurlaritzaren lege egutegiari erreparatuz gero, agintaldiaren hasieran iragarritako legeen %11 baino ez du onartu orain arte legebiltzarrak. 28 lege aurrera ateratzea aurreikusi zuen Iñigo Urkulluk legealdiaren hasieran, baina bi urtetako aurrekontuak alde batera utzita, hiru lege baino ez ditu onetsi legebiltzarrak: Euskadiko Portuen eta Itsas Garraioaren Legea, Dopinaren aurkako Legearen aldaketa eta Errepideen Plan Orokorraren legearen aldaketa. Hirurak onartu ahal izateko, PPren babesa lortu zuten EAJk eta PSEk. Bestalde, aipatu beharra dago Lanbide Heziketaren Legea Jaurlaritzaren lege egutegian jasota dagoen arren EAJk eta PSE-EEk sustatuta onartu zela.

TALDEEN LEGE EGITASMOAK

Legebiltzar taldeek proposatuta, hemezortzi lege proposamen daude orain erregistratuta. Horietako batzuk pisu handikoak. Polizia abusuen legea, esaterako, presazko bidetik ari dira tramitatzen. Urrian aurkeztu zuten EAJk eta PSEk legea aldatzeko proposamena, eta egitasmo berrian jaso zituzten Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean adostutako aldaketak. Aldaketa horien ondorioz, legeak berariaz uko egingo dio delituen ikerketari, eta, beraz, auzibideari. Lege proposamenari zuzenketak aurkeztu dizkiote gainerako taldeek, eta osoko bilkuran noiz eztabaidatu zain dago.

DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren erreforma ere berriro aztergai izango dute taldeek. Joan den udaberrian, EAJk eta PSEk eraman zuten beren proposamena osoko bilkurara, baina ikusita ez zutela beste inoren babesa jasoko, atzera bota zuten. Ordutik, geldirik egon da ekinbidea legebiltzarrean, baina Jaurlaritza duela aste pare bat hasi zen berriro taldeekin negoziatzen.

Askoz aurreratuago daude beste lege proposamen batzuen eztabaidak. Atzo, osoko bilkurak tramiterako onartu zuen zaintza partekatuaren legea aldatzeko EH Bilduk egindako lege proposamena. Erakunde, Segurtasun eta Gobernantza Publikoaren Batzordean, berriz, hilabeteak daramatzate lanean gardentasunari eta herritarren parte hartzeari buruzko lege egitasmoa eta euskal sektore publikoarena aztertzen dituzten lantaldeak. Gainera, abenduaren 3a Euskadiren Eguna izendatzeko eta euskara jakiteko eskubidea bermatzeko EH Bilduk aurkeztutako lege proposamenak tramiterako onartu zituzten iaz, eta horiek eztabaidatzeko lantaldeak aurki osatuko dituzte.

LEGEZ BESTEKO EGITASMOAK

Ez dute legeek duten izaera loteslea, baina legez besteko proposamenek badute bere garrantzia ikuspuntu politiko batetik. Gai jakin baten inguruan legebiltzarraren gehiengoak duen jarrera finkatzeko balio dute, besteak beste. Lerrook idazteko orduan, taldeen ekimenez 124 egitasmo daude eztabaidatzeke. Besteak beste, EH Bilduk hainbat ekinbidetan eskatu du sakabanaketa politika amaitzeko, erabakitzeko eskubidearen alde agertzeko eta forudun izaera desagertzeko; Elkarrekin Podemosek, berriz, galdegin du euskara ikasteko doakotasuna eta fiskalitate feminista bat sortzeko; eta PPk, ehiza bultzatzeko eta familien laguntza politikak aldatzeko. Bilkurara adostasun zabalarekin joango diren ekinbideak ere badira. Esaterako, Altsasuko gazteen aldeko proposamena hitzartu dute EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin Podemosek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.