Koronabirusa

Urkullu: «Gaur osasuna exijitzen digutenek bihar enplegua exijituko digute»

Jaurlaritzako lehendakariak azalpenak eman ditu legebiltzarreko diputazio iraunkorrean. Oposizioko alderdiek «gardentasun falta» egotzi diote

Eusko Legebiltzarreko diputazio iraunkorreko bilkura telematikoki egin zuten atzo. IREKIA.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
«Gardentasunez aritu gara, egunero geneukan informazio egiaztatu guztia eskainiz eta beti egia esanez». COVID-19ak eragindako krisiaren kudeaketan gisa horretara jokatu dutela esan du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Oposizioak, berriz, hori bera kritikatu dio: «Gardentasun falta». Atzo agerraldi bat egin zuen Urkulluk Eusko Legebiltzarreko diputazio iraunkorreko bilkuran, EH Bilduk hala eskatuta. Nekane Murga Osasun sailburuarekin eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuarekin batera agertu zen talde parlamentarioetako ordezkarien aurrean. Eusko Jaurlaritzak koronabirusari aurre egiteko hartu dituen neurriak azaldu zituen, eta zehaztapen bat egin: «Ez dut inoiz esan dena ondo egin dela».

Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren bozeramaileak hartu zuen hitza lehenengo: «EH Bilduk jakin nahi du zein den zuen gobernuaren estrategia aurrerantzean pandemiaren aurka egiteko. Orain arte berandu eta gaizki joan zarete».

«Gure jokabidea osasun arduradunen ezagutzan eta unean-unean izan dugun informazioan oinarritu da», ziurtatu du Urkulluk. Haren hitzetan, lau lehentasun izan dituzte: osasun larrialdiari erantzutea, pertsonak zaintzea, hezkuntza sistemaren jarraipena babestea eta enplegua defendatzea. Urtarrilaren 22an, Txinan COVID-19 gaitza identifikatu eta hamabost egunera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaixotasun infekzioso berrien aholku batzordearen bilera iragarri zuela esan du, eta hortik aurrera egunez egun emandako pausoak zerrendatu ditu. Hiru epe bereizi ditu: aurre hartzea, birusa- ren hedapena gelditzea eta osasun larrialdia arintzea. Azpimarratu du Osasun Sailak «prestatzeko eta koordinatzeko ahalegin handia» egin zuela hasieran. Birusaren hedapena gelditzeko, berriz, «neurri zorrotzak» hartu zituztela esan du, «kasu batzuetan, gure inguruko herrialdeetan aurrekaririk gabekoak». «Aurre hartzeko, birusaren hedapena geratzeko eta osasun larrialdia arintzeko estrategia emaitzak ematen hasi da», erantsi du.

Oposizioa kritiko agertu da. Iriarte Urkulluri mintzatu zaio: «Zure agenda publikoa irakurri diguzu». PPren Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Carmelo Barriok, berriz, «planifikazio falta» egotzi dio. Ildo beretik jo du Elkarrekin Podemoseko Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Lander Martinez: «Elkarrekin Podemosen ustez, kudeaketan pauso bat atzetik joan zarete». Eta Urkulluri mintzatu zaio: «Gardentasuna falta da».

PSE-EEren Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek Espainiako Gobernuaren lana ere baloratu du. Ziurtatu du Pedro Sanchez presidenteak ezarritako konfinamendua «eraginkorra» izan dela, eta lehendakariari esan dio ez izateko zalantzarik: «Espainiako Gobernuak jarritako baliabideak euskaldunenak ere badira».

Enpleguaz kezkatuta

«Gaur osasuna eskatzen digutenek bihar enplegua exijituko digute», ohartarazi du Urkulluk. Haren hitzetan, «osasuna eta enplegua bateragarriak dira, eta hala izan behar dute». «Lehenengoa pertsonak dira; lehenengoa osasuna da. Ez da bateraezina enpleguarekin, ezin da izan». COVID-19ak enpleguan, jardueran eta enpresen etorkizuneko bideragarritasunean utzi dituen ondorioak «inoiz ezagutu ez diren tamainakoak» direla nabarmendu du Urkulluk. Birusari aurre egin behar zaiola eta etorkizunean pentsatu behar dela esan du: «Jarduera berreskuratzeko, denbora eta esfortzua beharko dira. Oso zaila izango da pultsu ekonomikoa berreskuratzea». Iriartek gogorarazi du konfinamenduan egonda ere jendea kutsatzen ari dela. «Konfinamenduari izkin egin diozue atzeko atetik, eta horrek ondorio konponezinak izan ditzake. Hori zuen ardura izango da». Martinezek ere gogor kritikatu du Urkullu, eta «Confebasken bozeramaile» bihurtu izana egotzi dio. Gainera, ziurtatu du adituek eta beste lurraldeetako esperientziek erakusten dutela «beharrezkoa» dela ezinbestekoak ez diren jarduerak geratzea. Joseba Egibar EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak ere hartu du hitza. Esan du segurtasun neurriak behar direla gutxiengo industria mantentzeko: «Langileak ezin dira edozein baldintzatan eraman lanera».

Alderdiek azpimarratu dute elkarrekin lan egitea beharrezkoa izango dela krisitik ateratzeko. Iriartek esan du EH Bilduk hasieratik «kolaborazioa» eskaini ziela, baina ez zietela erantzun. Urkulluk, bestalde, esan du gobernuak «kolaborazioa lehenesten» jarraituko duela. «Ez da eztabaidarako, banaketarako eta demagogiarako garaia, eskua luzatu eta egoera honetatik denok batera ateratzekoa baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.