Neurri berria nabaria da mugan

Uztailaren 31n sartu zen indarrean mugaz bestalde tabako kartoi bakarra pasatzeko arau berria: murrizketatzat jo dute saltzaileek eta erosleek. Neurriaren eragina nabaritzen hasi dira, baina muga berriz ixteko arriskuak kezkatzen ditu gehien Behobiako eta Urdazubiko merkatariak.

Arau berriak eragina izan du, baina ohiko normaltasunera itzuli nahian dabiltza mugako saltzaileak. Irudian, Behobiako dendak. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Behobia
2020ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Tabakoa Hegoaldean erosten duten ipar euskal herritarrek arazoak izan ditzakete aurrerantzean muga zeharkatzeko. Frantziako Gobernuak tabakoaren inportaziorako arau bat onartu berri du, eta mugatu egin du mugaz bestalde igaro daitekeen tabako kantitatea: orain arte pertsonako lau kartoi tabako pasatu zitezkeen Iparraldera, baina aurrerantzean kartoi bakarra pasatu ahalko da; hots, hamar tabako pakete. Halere, Behobiako estankoetako langileen eta bezeroen artean nahasmen handia nabari da, arauaren tramitazioak eraginda: gobernuak gaiari buruzko lege berri bat iragarri zuen, baina aurreproiektuaren bozketan atzera bota zuten, eta, azkenean, Finantza Legeari jarritako zuzenketa baten bidez onartu dute neurria; uztailaren 31tik dago indarrean.

Zalantzak dira nagusi mugako dendetan: bezero asko galdezka, eta dendariak zer erantzun ez dakitela, lege berria atzera bota zutenean dena amaitu zelakoan. Frantziako Gobernuak dio legea herritarren osasunagatik ezarri nahi duela, besteak beste, baina mugara doazen erosleek eta dendetako saltzaileek uste dute benetako arrazoiak bestelakoak direla. «Denok dakigu erretzea gure osasunaren kalterako dela, baina utz diezagutela askatasun pixka bat», adierazi du Akizetik (Okzitania) joana den emakume batek. Bi astean behin zeharkatzen du muga, eta kontatu du ingurukoentzat egiten dituela erosketak.

Hainbat bezerok azaldu dutenez, tabako kartoi bat Hegoaldean 50 euroan eros daiteke, eta Iparraldean edo Frantzian hori halako bi pagatu behar da. Murrizketa bat gehiago dela adierazi du emakumeak: «Osasunarena aitzakia bat da; kontua da herritarrek ordaintzea eta beste askatasun bat kentzea».

Paristik oporretan Donibane Lohizunera (Lapurdi) joandako bikote batek ere bat egin du interesen ideiarekin: «Europako Batasuneko merkatu librearen ideia zapaltzen da; errealitatean ez dago merkatu librerik negozioen artean, eta lege honek ere hori islatzen du. Helburua da Frantziako ekonomia elikatzea, eta tabako saltzaile frantsesak babestea».

Jon Larratxea Urdazubiko (Nafarroa) mugako estanko bateko langileak ere uste du arrazoi ekonomikoak daudela tarteko: «Frantzia jakitun dago diru asko galtzen duela tabakoaren prezio altuagatik; ikusi besterik ez dago zenbatek gurutzatzen duten muga». Tabako saltzailearen ustetan, murrizketa bat da, eta helburua da orain arte «galtzen» ari ziren diru hori berreskuratzea: «Saiatzen ari dira ahalik eta gehien murrizten legearen eremu hori, frantsesei ez diezaien merezi muga zeharkatu behar izatea».

Larratxeak erantsi du aintzat hartu behar dela tabakoaren prezioaren barruan zergak ere ordaintzen direla. Hortaz, haren ustez, Frantziako Gobernuaren estrategia da herritarrak derrigortzea zerga horiek Frantzian ordaintzera: «Erosleak aukeratzen du zerga non ordaindu, eta askatasun hori murriztu nahi da». Dendariak nabaritu du gutxiago joan zaizkiola erostera: «Lege berriarekiko beldurra asko nabaritzen dugu salmentetan, eta egia da jendea gutxiago erosten hasi dela, baina ziurrenik hasiera delako. Uste dut hemendik hilabetera neurria ahaztuko dela eta betiko kopuruetara igaroko direla».

Mugatik gertu bizi diren erosleek ere sumatu dute neurriaren eragina, baina muga igarotzen jarraituko dutela berretsi dute. «Bidaia gehiago egingo ditugu edo pertsona gehiago etorriko gara, baina hemen erosten segituko dugu», azaldu du lagun talde batek.

Muga ixtea izu nagusi

Neurri berriak eragina izan duen arren, Larratxeak azaldu du oraingoz kezka nagusia dela osasun egoeraren ondorioz muga berriro itxiko duten edo ez: «Hiru hilabetez itxi egin behar izan dugu, gure bezero gehienak frantsesak direlako».

Izan ere, itxialdian legez denda irekitzeko baimena bazuten arren, mugak itxita egonda, eta bezerorik gabe, itxi egin behar izan zituzten. Iparraldeko bezeroek ere azaldu dute «inoiz» baino diru gehiago gastatu zutela produktu horietan konfinamenduan. «Mugak ireki bezain laster etorri gara denok tabako, alkohol eta erregai bila, hemen dena merkeagoa delako», azaldu du Telletxea estankoaren atariko ilaran dagoen Bidarteko (Lapurdi) emakume batek.

Dendariek kontatu dute bezero askok oporretako egunak aprobetxatzen dituztela mugan erosketak egiteko, eta orain Frantziaren «mehatxupean irauten» saiatzen ari direla. «Frantziak edo Espainiak muga berriro ixteko erabakia hartzen badute, hemengo saltoki guztiak itxi beharko ditugu berriro, eta horri aurre egitea ez da batere erraza izango», azaldu du Behobiako dendari batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.