Trantsizio energetikoa. Erregai fosilak

Lur azpian geldituko direnak

Munduaren ordena alda dezake trantsizio energetikoak. Beroketa globala mugatu nahi bada, adibidez, erregai fosilen erreserben ia bi heren erre gabe utzi behar dira.

Irune Lasa -

2018ko ekainak 10
Zientzialarientzat egitate bat da: Munduak ezin ditu gaur egun dituen ikatz, petrolio eta gas erreserba guztiak erre kliman ondorio katastrofikoak eragin gabe. Lurrazaleko tenperatura orokorraren igoera bi graduen azpira mugatu nahi bada, 2050 urtera artean atmosferara gehienez 800 Gt CO2 jaurti ahalko dira. Hori da karbono aurrekontua.

Eta horrek esan nahi du gaur egun ezagutzen diren erregai fosil erreserben %70 lur azpian gelditu beharko direla. Hala uste du, adibidez, IEA Nazioarteko Energia Agentziak. Eta NDF Nazioarteko Diru Funtsa ere hasi da etorkizun horrek dakartzan ondorio ekonomiko eta politikoak aztertzen, ez dira-eta nolanahikoak.

2015ean Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek ematen du erregai fosilen agertoki berri horren argazkia. Christophe McGladek eta Paul Ekinsek erabili ezingo diren erregai fosilen banaketa geografikoa aztertu zuten, erregai horien ustiatze kostu erlatiboak eta eskari gunerako hurbiltasuna kontuan hartzen zituen eredua aplikatuz.

Azterketa horren arabera, lur azpian utzi beharko da petrolio erreserben %35, gas naturalaren %52 eta ikatzaren %88. Neurtu ezinak dira horren guztiaren ondorioak, ekonomiatik geopolitikaraino.

Kostuengatik garestiagoak direlako edota merkatuetatik urrunago daudelako, ustiatu gabeko petrolio erreserba gehien Kanadan (%75) Latinoamerikan (%42) eta Ekialde Hurbilean (%38) geldituko dira.

Gas naturalaren kasuan, Ekialde Hurbila (%61) Sobietar Batasuna zeneko herrialdeak (%59) eta Latinoamerika (%56) izango dira kaltetuenak.

Eta ikatzak etorkizun ezin beltzagoa du. Lur azpian geldituko omen da AEBen (%95) eta Errusiaren eta bere auzoen ia ikatz guztia (%98), eta Txina eta Indiako ikatzaren %67.

Agertoki berri horrek arrisku handia dakar erregai fosilak aberastasun iturri nagusi dituzten herrialdeentzat, baina batez ere garapen bidean daudenentzat. Besteak beste, nazioarteko erregai merkatuen gorabeherekiko haien menpekotasuna oso handia delako, gaitasun gutxi dutelako euren diru iturriak dibertsifikatzeko, herrialdearen aurrekontuaren zati oso handia ordaintzen dutelako erregaietatik datorkien diruarekin, euren ekonomia bera ere erregaiekiko oso menpeko delako...

«Ez badago aurrerapenik beroketa globalaren kontra, proportziorik gabe herrialde pobreek izango dute kalte gehien, uholde, lehorte eta hainbat arazorengatik. Baina klimaren beroketa mugatzeko ekintza global arrakastatsuak baldin badaude, erregai fosiletan aberatsak diren herrialde pobreek euren erreserben balioan sekulako gainbehera nozitu dezakete». Hala zioen NDFren Finance and Development aldizkariak joan den martxoan, kontzeptu berri bat azaleratuz: karbono arriskua.

Pobreenak arriskuan

Erregai fosilen merkatuaren gainbehera batek zuzenean kalte egin diezaieke herrialde ekoizle pobreei. Ez soilik haien ekonomiak esportazio horien oso menpeko direlako bakarrik, gobernuen diru sarreren zati handiena ere erregai fosilen salmentatik datorrelako. 2006-2010 urteen artean petrolio eta gas ekoizle ziren munduko lehen hamabost herrialdeetako aurrekontuen %50 betetzen zen diru iturri horietatik.

Pentsa liteke erreserba fosil horiek ustiatzen dituzten konpainia pribatuak izan daitezkeela erregaiak lur azpian uztearekin kaltetuen gertatuko direnak. Baina ez da horrela. Eragin askoz handiagoa izango da herrialdeentzat, besteak beste ez daukatelako enpresen erraztasun bera diru iturriak eta negozioak dibertsifikatzeko. Konpainiek, gainera, gehienetan hamabost urte inguruko ustiapen lizentziak izaten dituzte, eta behin epe hori betetzean, erregaia ustiatzen jarraitu nahi ez badute... Edonola ere, garapen bidean dauden herrialde ekoizle gehienetan estatuaren konpainia bat izan ohi da erreserben jabea.

Zein irtenbide gelditzen zaie herrialdeoi? NDFren arabera, berebizikoa, «inoiz baino gehiago» izango dute haien ekonomia dibertsifikatzea, eta batez ere esportaziora begirako sektoreen alde egitea, dela manufaktura, dela nekazaritza, dela informazio eta komunikazioen teknologien alde. Aldi berean, hori bai, euren erregaien lehiakortasuna sustatu beharko dute, prezio, hornikuntza segurtasun eta oro har baldintza hobeak eskainiz, lehiakideek baino aukera gehiago izateko euren erregaiak saltzeko.

Dena den, herrialdeentzat soilik ez, hainbat enpresarentzat ere izan ditzake ondorioak agertoki berriak. Petrolio eta energia konpainia handiak jada hasiak dira kalkuluak egiten bere inbertsioetako zenbat geldituko den etekinik gabe, besteak beste euren akziodunek hala eskatuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna