«Profesionaltasun falta larria», abokatuaren iritziz

2018ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Akusazio partikularreko abokatu Jone Goirizelaiak uste du Cabacas auziko epaiketaren lehenengo saioan «argi» gelditu zela ertzainek «profesionaltasun falta larriz» jokatu zutela gau hartan. «Zer ez den egin behar erakutsi zuten», esan du. Lekukoen testigantzetatik, berriz, Goirizelaiak ondorioztatzen du gau hartan kalexkan ez zela «ezer» gertatzen ari, eta ertzainen oldarraldia ez zegoela justifikatuta.

Bereziki esanguratsutzat jo du Laia Caballerren testigantza, eta deitoratu du akusatuak aretoan egon ez izana lekukoen testigantzak entzuteko.

Iñigo Cabacasen gurasoak, berriz, hunkituta agertu dira epaiketako bigarren saioaren ondoren. Manu Cabacasek esan du ertzainen deklarazioa «fikziozko pelikula» izan zela, eta lekukoena, aldiz, «benetan gertatutakoa».«Nahiago nuke ertzainak ausartak izan eta gaur [atzo] hemen egon izan balira, nik entzun dudana entzuteko», esan du, eta aitortu du «behera» etorri dela testigantzak entzun dituenean.

Fina Lizeranzuri, berriz, «oso mingarria» egin zaio entzutea «ertzainak, Iñigo hiltzeaz gain, lagundu nahi zutenei joka» ibili zirela. Esan duenez, joan den astelehenean akusatuetako bi hurbildu zitzaizkion «barkamena» eskatzeko; esan zioten haiek «aginduak» bete zituztela, eta bazituztela seme-alabak. «Bai, baina zuenak bizirik daude», erantzun zien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.