Kaledonia Berria. Nikela

'Urre berdea', bizi baldintzak orekatzeko

Kanaken eta caldochen arteko berroreka jarri zuen xedetzat Noumeako Akordioak, nikela oinarri erabiliz. Bi hamarkadotan autoktonoen egoera hobetu bada ere, ez du sortu espero zen testuingurua, eta desberdintasunak bere horretan daude.

'Urre berdea', bizi baldintzak orekatzeko.
ander perez zala
2018ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Independentisten zein loialisten artean, gaurko erreferendumaz eztabaidatzean, bada gai bat, auzi bat, beti errepikatzen dena: Kaledonia Berriaren ekonomiak, hein batean, metropoliaren diru laguntzak dituela oinarri. Izan ere, Frantziatik atera ala ez erabakitzearekin batera, herritarrek gaur hautatuko dute azken hamarkadotan sendotu den harreman ekonomikoarekin amaituko ote duten; Parisek, urtero, batez beste 1.400 milioi euro ematen dizkio Ozeano Bareko kolonia horri. Ez da kasualitatea: interes geopolitiko handiko tokia da Kaledonia Berria, Ozeano Barean dagoelako, baina, batez ere, nikel metalaren munduko erreserben laurdena dagoelako han. Hain justu, aberastasun hori baliatzea erabaki zuten, duela hogei urte, Parisek, loialistek eta independentistek, koloniako bi komunitate nagusien, kanaken —autoktonoen— eta caldochen —europarren— arteko desberdintasunak berrorekatzeko.

1998tik 2008ra, hamar urteko epe eskasean, Kaledonia Berriak sekulako gorakada ekonomikoa izan zuen —%4ko hazkundea—urre berdeari esker —kolore hori du nikel harriak—. Nikelaren estrategia deiturikoak Iparraldeko probintziaren eta Leialtasun uharteen —kanakak gehiengo diren eremuen—, eta Hegoaldeko probintziaren —caldocheak gehiengo direnaren— arteko desoreka murriztea du helburu; izan ere, Noumeako Akordioa 1998an sinatu zutenean, aberastasun ia osoa hegoaldean zegoen, Frantziak Kaledonia Berria kolonizatu zuenetik monopolizatu baitzuen nikelaren ustiapena eta ekoizpena. Tartean izan zen, besteak beste, SLN Societe le Nickel enpresa, 1880an sortua eta 1888tik 1974ra Rotschild familia aberatsaren esku zegoena. Mende batez, SLNren hegemonia erabatekoa izan zen.

Inbertsioa, nikelari esker

Egoera hori ikusirik, 1984an sorturiko FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakak berehala erabili zuen nikelaren ustiapena eta horrek ekar lezakeen arrakasta independentzia bideragarri baterako argudiotzat —batez ere, kanaken egoera hobetzeko—, eta, harrezkeroztik, nikela izan da independentisten argudio ekonomiko nagusia, herritarrek baiezkoaren alde egin dezaten. Izan ere, loialistek dioteherrialdea pobretuko dela independente bilakatuz gero; inguruko herrialdeei gertaturikoa jartzen dute adibidetzat. Vanuaturen pobretzea, esaterako.

Ordea, arazo nagusi bat izan da akordioaz geroztik: hogei urteotan, aurrerapausoak egin diren arren, ez da oreka gauzatu,eta horrek zalantzak piztu ditu herritarrengan. Bide horretan, FLNKSk, 1990ean SMSP sozietate txikia erosi zuenetik, Nikelaren estrategian sakondu du etenik gabe; Falconbrdige enpresa konbentzitu ostean, koalizioak behar adina babes lortu zuen Iparraldeko probintzian lantegi bat sortzeko, eta horrek lan munduaren ateak zabaldu zizkien milaka kanaki.

Hezkuntza, giltzarri

Ate horiek, hain justu, eragin zuzena izan zuten kanaken bizi baldintzen hobetzearekin, ordura arte izan ez zituzten inbertsioak agertu baitziren kanaken eremuetan. Besteak beste, nikelak sorturiko aberastasunak azpiegituren eraikitzea ahalbidetu zuen, tartean hezkuntzaren hobetzea; izan ere, duela gutxira arte, kanak gehienek ez zuten eskolara joateko aukerarik, edo eskoletan baldintza oso txarrak zituzten. Hobekuntzen ondorioz, kanak diplomadunen kopurua nabarmen handitu da bi hamarkadotan —%64 dira egun—, baina horrek ez du konpondu arazoa, oraindik kanakek jasaten dituztelako zailtasun gehien. Samuel Gorohouna Kaledonia Berriko Unibertsitateko irakasleak ikerketa bat plazaratu du berriki, eta han frogatu du berrorekatzeko neurriek ez dutela finkaturiko helbururik bete; horren adibide da kanakek caldochek baino diru sarrera gutxiago dituztela oraindik, pixkanaka lan munduan sartu diren arren, eta nikelak ate berriak zabaldu dituen arren. «Desberdintasunak txikitatik hasten dira eskolan, eta horrek eragina du ikasketak egiteko aukeretan», argudiatu du Gorohounak ikerketan. Alegia, hezkuntza gehiago izanez gero, lan aukera handiagoak izango lituzketela.

Beste gako bat antolaketa demografikoa da, irakaslearen arabera. Biztanleriaren %75 Noumea hiriburuaren inguruan bizi da, eta jarduera ekonomikorik handiena han dago, caldocheak gehiengo diren eremuan. Kanakak, aldiz, tribuetan bizi dira, hirietatik eta jarduera ekonomikoetatik urrun. Horietako garrantzitsuenak eta aberatsenak, gainera, Noumea ingurukoak dira.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, kanakentzat nikela aurrerapauso garrantzitsua izan den arren, ez du sortu espero zen testuingurua, eta bizi baldintzak orekatzeko helburuak oraindik bide luzea du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.