Udalen osaketa Nafarroan

Iruñea. Betoari eutsita, PSNk Maiari eman dio alkatetza

Espero bezala, PSNk Maite Esporrini eman dio botoa, eta Navarra Sumaren esku utzi du Iruñeko alkatetza. Jendeak protesta egin du kalean, eta tentsio uneak izan dira.
Joseba Asiron, bera babestera joandakoakoak agurtzen, atzo, udalbatzarra amaitutakoan.
Joseba Asiron, bera babestera joandakoakoak agurtzen, atzo, udalbatzarra amaitutakoan. IDOIA ZABALETA / FOKU

Ion Orzaiz -

2019ko ekainak 16
Duela lau urte, jendetza batek hartu zuen Iruñeko Udaletxe plaza, aldaketa politikoa heldu zela ospatzeko. Atzo, gutxiago ziren plazara bertaratutakoak, eta protesta oihuak entzun ziren ozenen. «UPN kanpora» eta «Esporrin kanpora» aditzen zen, baita udaletxe barrutik ere. Emaitza aurretik jakinda ere, askok ezin izan zioten eutsi atsekabeari.

Izan ere, Ferrazek idatzitako gidoiari zintzo eutsi dio PSNk, eta Navarra Suma koalizio eskuindarraren esku utzi du Iruñeko alkatetza. Atzoko saioan, PSNko zinegotziek Maite Esporrini eman zioten botoa, eta, horren ondorioz, boto gehien bildutako zerrendak lortu zuen aginte makila automatikoki; hots, Navarra Sumak. Joseba Asironek, berriz, EH Bilduko eta Geroa Baiko hautetsien babesa jaso zuen (9 boto), baina ez zen nahikoa izan koalizio espainiazaleari alkatetzaren bidea trabatzeko.

Haren hitzartzean, Enrique Maia alkateak dei egin zien gainerako hautetsiei «iruindarrak batzen dituena lehenestera» eta, kontrara, «bereizten dituena baztertzera». Zeharka bada ere, kritika egin zion Asironen agintaldiari: «Lau urte barru, gure agintaldiaren balantzea ez da mugatuko eztabaida eta iskanbila sorta antzu batera». Karguaren zina egiteko diskurtsoan, Maiak are gehiago nabarmendu zuen EH Bildurekiko aldea, lehen ahapaldian «ETAren biktimei» erreferentzia eginda: «Gogoan izan nahi ditut ETA talde terroristak eraildako biktima guztiak, eta, bereziki, Tomas Caballero iruindarra. Udal batek aintzat hartu behar ditu biktima horiek, eta memoria, justizia eta ordaina bermatu behar dizkie».

Udalbatza berria osatu ostean, udal talde bakoitzak gertatutakoaren balorazioa egin zuen. Joseba Asiron EH Bilduko hautagaiaren aburuz, atzo Nafarroako udalerrietan gertatutakoa «itun baten ondorio zuzena» izan zen: «PSNk eta Navarra Sumak hitzarmena egin dute, eta horren froga argia da udal askotan gertatu dena. PSN ez da aldaketarako eragile bat, Madrilen estrategien menpe dagoelako. Horregatik, PSN erabakigarria den toki guztietan, eskuina garaile ateratzen da. PSN erregimena da».

Asironek aitortu zuen legealdi «magiko» bat bukatu zela atzo. «Aurrera urratsak egin ditugu politika sozialetan, oroimen historikoan eta elkartasunean, eta instituzioa zabaldu egin diogu jendeari, gauzak beste era batera egin daitezkeela frogatu dugu». Hala ere, azpimarratu zuen benetako aldaketa ez dela instituzioetan gertatutakoa, «kalean antzeman daitekeena» baizik: «Horretan, ez dago atzera egiterik; hori da Navarra Sumak ulertzen ez duena, eta horregatik eroriko dira berriz, 2015ean erori ziren bezala».

Geroa Baiko eledun Itziar Gomezek, berriz, «ulergaiztzat» jo zuen PSNren erabakia: «Azalpenak eman beharko dituzte». Atzokoa «oso egun tristea» izan zela nabarmendu zuen Gomezek, «ezkertiar eta aurrerakoientzat, batez ere», eta gaineratu zuen Geroa Baik «bere eskura zegoen guztia» egin zuela «alkatetza aurrerakoi bat bermatu ahal izateko».

Serio hitz egin zuten EH Bildu eta Geroa Baiko hautetsiek. Maite Esporrin, aldiz, irribarretsu heldu zen Iruñeko Udaleko prentsa aretora. «Tira, ba, ezinezkoa izan da», esan zuen, sorbaldak goratuz. EH Bilduri eta Geroa Bairi egotzi zien Navarra Sumak alkatetza berreskuratu izana: «Aukera izan dute gobernu aurrerakoi bat lortzeko, ni alkate izendatuta, baina muzin egin diote horri». Hala ere, PSNko hautetsiak berretsi zuen EH Bildurekin ez duela egin «ezta hitz erdirik ere», eta, hortaz, abertzaleen botoa espero zuela, «baina ezer ezen truke, noski». PSNk gauza bera egitearen aukeraz galdetuta, ordea, lehor erantzun zuen: «Guk EH Bilduri botoa eman? Ez. Ilogikoa litzateke hori».

Protestak plazan

Enrique Maiaren izendapena jakinarazi eta berehala, txistuka eta oihuka hasi ziren Udaletxe plazan bilduta zeuden dozenaka pertsona. UPNren eta PSNren kontrako oihuek behin eta berriro eten zituzten udal hautetsien diskurtsoak. PSNko Maite Esporrinek lasterka alde egin zuen udaletxeko atzeko atetik, bildutako jendeari izkin egiteko. Navarra Sumako Enrique Maia, aldiz, aurrealdetik atera zen, bizkartzainek inguratuta. Jendea txistuka eta oihuka hasi zitzaion, eta udaltzainek borrekin jotzeko imintzioak egin zituzten. Enrique Maiak gaitzetsi egin zuen protestarien erreakzioa, eta «neurriak» hartuko dituela iragarri zuen.

Eguesibar. Sei urteren ondotik, PSNri esker, agintea eskuinak du

Uharten eta Sartagudan, eskuinak PSNri eman dio agintea, EH Bilduren kaltetan

Ezkerrak zuri bozkatu du Berriozarren, eta Raul Maiza hautatu dute alkate

Javi Ollo izango da Altsasuko alkate beste lau urtez, gehiengo osoarekin

Analisia: Ekintzen bidez hitz egin du PSNk

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna