Mugak besteek jarriak direnekoa

Mugaldeko zortzi pasabide ixteak arazoak sortu dizkiela salatu dute leku horietatik pasatzeko ohitura duten hainbat herritarrek. Gehienek ez dute sinesten «terrorismoaren aurkako» neurria denik. Euskal Herriko harreman naturalak «inposaketaren bidez» etetea salatu dute EH Baik eta EH Bilduk

Frantziako Poliziaren kontrol bat Hendaia eta Irun arteko mugan, joan den ekainean.
Frantziako Poliziaren kontrol bat Hendaia eta Irun arteko mugan, joan den ekainean. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2021eko urtarrilak 14

Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugako zortzi pasabide ixteko erabakiak zuzenean eraginen die mugaldeko hainbat herritarri. Herenegun iragarri zuen neurria Pirinio Atlantikoetako Prefeturak, eta gaurtik aitzina ezarriko dute. Euskal Elkargoak ez du iritzirik eman nahi izan, eta Prefeturarengana jotzeko erran du. EH Baik eta EH Bilduk «borondate uniformatzailea» salatu dute. Elkarretaratzera deitu du EH Baik, heldu den larunbateko 12:00etarako, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubian.

Haserre mintzatu da Battitt Laborde Sarako (Lapurdi) auzapeza: «Nardamendua baizik ez du ekartzen». Esplikatu du bide horietatik langile andana pasatzen dela egunero, eta «ikaragarriko kaltea» ekarriko duela ixteak. Astelehenean jaso zuten prefeturaren mezua, iritzirik galdetu gabe, abisatzeko. «Terrorismoaren kontra» dela erranez prefeturak erabili argudioaz galdetuta, irriz karkailaka hasi da: «Terroristak? Nahi duten bezala pasatuko dira!». Zugarramurdira (Nafarroa) joateko diren pasaia guziak aipatu ditu: «Ez dut fitsik sinesten».

Haren hitzetan, ez du «fitsik» egiten ahal. «Udaberriko konfinamenduan entseatu ginen suprefetarekin; ez ziguten deus utzi». Orduan, jendarmeak zeuden lekua ixteko, «guardian»; egoera esplikatuta, batzuek pasatzen utzi izan zituzten; beste batzuek, ez. «Arropa bera dute denek, baina ez dute jendetasun bera». Ez daki aldi honetan nola eginen duten. Hesi bidez itxia bada, ez dute aukerarik izanen.

Hendaiako (Lapurdi) merkantzia zubia da itxiko dituzten pasabideetako bat. «Ez dugu ikusten zubi hori terroristentzako pasabide izan daitekeenik, baina migranteentzat, bai», esplikatu du Gari Garaialde Irungo (Gipuzkoa) Harrera Sareko kideak. Modu ofizialean aipatu ez badute ere, uste du hori izan daitekeela neurriaren arrazoia. «Hala ere, ez dut uste migranteei asko eragingo dienik. Orain arte ere itxita egon da; kontrolak egon dira etengabe. Gehiago da galeriari begirako erabaki bat, nik uste, etorkinen ahalegin errealak debekatzeko baino».

Migranteei bidea mozteko neurria izan liteke Maialenen ustez ere (ez du egiazko izena ematerik nahi). Lesakatik (Nafarroa) Sarara joaten da egunero, Lizuniagako lepotik; 25 minutu behar izaten ditu. Senpereko jendarmeriara deitu zuen herenegun, baina erran zioten ez dutela informaziorik. «Oraingoz irekia egonen dela diote. Pentsatu nahi dut udaberrian bezala eginen dutela: prentsan erran itxia dela, baina pasatzen utzi». Hala ez bada, arazoak izanen ditu. «Laburrena Ibardingo lepotik nuke; 50 minutu». Alaba zaharrena 08:00etan uzten du Lesakako ikastolan; gazteena, Sarako haurtzaindegian, eta bera 08:35ean izan behar da lanean. «Berez, justu ibiltzen naiz; Ibardindik, ezinezkoa da. Ez dut lanera berandu iristea beste aukerarik». Horrez gain, haur txikiarekin bide horietatik eta hainbeste denbora ibili beharra «konplikatua eta desegokia» iruditzen zaio.

Gisa bereko arazoak aipatu ditu Maite Iturrek ere. Erratzun (Nafarroa) bizi da, eta Donibane Garaziko (Nafarroa Behera) Euskaltegian ari da lanean. Izpegiko lepotik pasatzen da egunero. Itxiko balute, Dantxariatik pasatu beharko luke: 68 kilometro, 30en ordez, eta denbora bikoitza. Antolaketa arazoak aipatu ditu berak ere: «Ez da bakarrik denbora gehiago dela; haurra utzi eta jasotzeko ordutegian eragiten du. Eta errepidean hainbeste denbora pasatzean, arrisku gehiago». Bertako biztanleak aintzat ez hartzea eta langileentzat salbuespenik ez ezartzea deitoratu du. «Frantzian edo Espainian erabakitzen dutenaren kontura ari gara beti. Lehenik, G7koena izan zen; gero, koronabirusa; orain, hau. Behin eta berriz ari da gertatzen; herrialde zatikatu batean bizitzea pairatzen dugu. Bereziki lazgarria da».

Muga artifizialak

EH Bai eta EH Bildu kritiko mintzatu dira mugen itxierarekin. Agiri batean salatu dutenez, itxierak erakusten du Frantziako eta Espainiako estatuek gaitasuna dutela Euskal Herriaren barne bizitza «konplexurik gabe» baldintzatzeko edo «zuzenki eten egiteko». «Nazio gisa ditugun urradurak eta arrakalak areagotzen ditu. Ez da lehen aldia». Bi estatuek beraien «izaera uniformatzailea sendotzeko» baliatuko dute egoera hau, ezkerreko abertzaleen ustez. «Euskal herritarren arteko harreman naturala, familiarra, afektiboa, kulturala, soziala, ekonomikoa... eten egingo dizkigute, inposaketaren bitartez», adierazi dute. « Zentralismoaren aitzinean, inoiz baino behar handiagoa sentitzen dugu nazio eta herri gisa bizitzeko, erabakitzeko, eta baliabide eta tresnak indartzeko. Demokraziaren huste honen aitzinean, muga artifizialak desegin eta eremu naturala den Euskal Herria eraiki beharra dago, euskal herritar guztien artean, gure bizitzaren inguruko erabakiak hartzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Ertzaintzaren autoak Donostian, atzo. ©Gorka Rubio / Foku

Ertzaintzak Donostiako Alde Zaharra hartu du berriz

Berria

Segurtasun Sailaren arabera, botilak jaurti dizkiete agenteei. Auzoko Gazte Asanbladak, ordea, ukatu egin du istilurik egon izana. Hamar lagun identifikatu dituzte. Pasaian, berriz, gazte bat atxilotu dute.

PCR proba bat joan den urtarrilaren 8an, Zaldibarren (Biziaia). ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Ospitaleratutakoen kopuruak gora egin du berriro ere azken orduetan

Gotzon Hermosilla

Positibo kopurua apur bat apaldu den arren, 1.400 kutsatuen langatik gora jarraitzen du. Osasun agintariek zazpi heriotzaren berri eman dute

Peon, Oiarbide, Otondo eta Salaberria, atzo Donostian egindako mahai inguruan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Arnasguneek arnasa hartzen segi dezaten

Irati Urdalleta Lete

Politika publikoek arnasguneetan nolako eragina duten aztertu dute 'Arnasguneetan oinarritutako hizkuntza politikak' mahai inguruan. Orain arteko lorpenak goraipatzearekin batera, etorkizunerako erronkak ere zehaztu dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.