Kartzelan heriotza ez da «naturala»

Euskal presoen aurkako tratua salatu du bizkartzain ohi batek. Gaixo dagoen Manu Azkarateren ziegako kidea zen, eta eroriko batengatik hil da, «medikuak artatu gabe »

jokin sagarzazu
2018ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Esnatu zenean topatu zuen hilotza. Francisco Espinosa. «Preso soziala». Alcala Mecoko espetxea (Madril). Hilabete batzuk zeramatzan Manu Azkarate euskal presoaren ziegan. Eta harekin egin zuen azken gaua ere. Duela zazpi urte eta erdi sartu zuten kartzela horretan. Aurretik, besteak beste, eta, Espinosak berak gutun batean azaltzen duenez, bizkartzain lanetan aritu zen ETAk mehatxatutako pertsonak babesten, Errenterian, Hernanin, Donostian eta Zarautzen, 1996tik 2003ra. «Aurrez aurreko lubakietan» zeuden bi presoak «dantza lagun» bihurtu ziren, idatzian dioenez.

Hil baino hilabete lehenagoko data dauka BERRIAk eskuratutako eskutitzak (irakurri hemen osorik, euskaratuta). Espinosak kontatzen du euskal presoek bestelakoekin duten «elkartasunezko» harremana, eta, bereziki, salatzen du funtzionarioen aldetik jasotzen duten tratua. Hark idatzitakoak eta egun batzuk geroago hari gertatutakoak badute lotura, gainera.

Azkaratek bere gertukoei azaldu dienez, abuztuaren 17ko goizean, Espinosa erori egin zen. Garondoarekin jo zuen lurra, eta konortea galduta eraman zuten erizaindegira; lau kortxet jarri eta analgesikoak eman ostean, modulura eraman zuten berriro, medikuak artatu gabe eta bestelako zaintzarik gabe. Gauean hil zen. Preso batzuek salatu dute gertatutakoa, eta Alcala de Henaresko (Madril) epaitegiari dagokio ikertzea.

Azkarateren gertukoek azaldu dutenez, heriotza ez da izan «naturala». Jasotako arta eskasa salatu dute, eta nabarmendu dute Espinosak «etsaiak» zituela preso batzuen eta funtzionarioen artean, hango «gehiegikeriak» salatzen zituelako; besteak beste, Azkarateri egindakoak eta han hilabeteak eman zituen Ibon Iparragirre eri dagoen euskal presoari egindakoak. «Ondorioak izaten dituzte gisa honetako salaketek», azpimarratu dute, eta gaineratu espetxe horrek ez dituela betetzen «gutxieneko berme humanitarioak».

Aspalditik gaixo

Azkaratek hesteetako eritasun larria du, eta tratamendu mediko zehatza behar du. Askotan salatu du espetxeetako bizi baldintzengatik okertzen ari dela bere egoera —uztailean azkenekoz: protesta bat egiteagatik intsektuz beteriko ziega batera eraman zutela salatu zuen—. 1985etik 1992ra ere preso egondakoa da. Duen gaixotasunagatik, aske zegoen 1992tik —2004an ere egin zituen hilabete batzuk preso—. 2012tik ihesean zen, hura berriz espetxeratzeko saio baten ondoren, eta 2016ko abenduan atxilotu zuten, Marseillan. 1980ko hamarkadako atentatu batzuengatik ezarritako zigor urteak eta baldintzapeko neurriak ez dituela bete leporatzen diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.