Plastiko hondakinak. Txina, inportazioei atea itxi ostean

Txina, zabortegi izateari uzten

Hondakinak inportatzeko debekuak kaosa sortu du mundu erdian, eta zaborren kontrabandistak hauspotu ditu.

Ehunka tona zabor pilatuta, Guiyu herrian, Txinan. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Hong Kong
2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Zaborra inportatzeko debekuaren eragina jada nabari da ingurumenean. Airearen kalitatea nabarmen hobetu da, baina ekonomia kaltetu egingo da». Guiyu herrian—Txinaren hego-ekialdeko Guangdong eskualdean— zaborra birziklatzeari esker bizi diren milaka langileetako bat da Gu —nahiago du izen osoa ez eman—. «Bistakoa da herrialdeko buruzagiek azkenean oso serio hartu dutela kutsadura, baina herrialde gehienak ez daude prest Txinara bidaltzen zuten guztia birziklatzeko; beraz, kontrabandistek gora egin dute».

Mendea hastearekin bat, Guiyu birziklatzearen meka bilakatu zen, batez ere kutsakorrak diren materialena. Kalean milaka tona plastiko, beira eta era guztietako metal pilatzen ziren. 1.200 familia enpresa inguru zeuden —gehienek etxabeetan egiten zutenlan—, eta erabilgarria baliaezinetik bereizten zuten, oinarrizko metodoekin. Ondorioz, Txinako —munduan gehien kutsatzen duen herrialdeko— minbizi tasarik altuena eta aire eta urik kutsatuenak zeuzkan herrietako bat bihurtu zen Guiyu.

«Lehenik eta behin, gobernuak langileok profesionalizatzea erabaki zuen duela bi urte, hondakinen inguruan nolabaiteko kontrola ezartzeko; izan ere, ibaira jaurtitzen ziren, inolako erreparorik gabe. 29 enpresa soilik utzi zituzten, handitu egin zituzten eta seguruagoak bilakatu; halere, zaborrak iristen jarraitu zuen, neurririk gabe. Min ematen ari zaigu urtarrilaren 1ean indarrean jarri zuten debekua», onartu du Guk. Hain zuzen, Guiyun birziklatzen diren hondakin gehienak inportatuak dira. Iaz, zazpi milioi tona plastiko iritsi ziren Txinara mundu osotik; 6.000 milioi dolar inguru ordaindu zituen merkantziagatik.

Guiyuko industria pabiloi erraldoietan pilatzen diren aparatuen etiketek argi erakusten dute mundu garatuko zabor kamioiak ez direla beti bertako zabortegietan husten, milaka kilometrotara baizik: ez da zaila gaztelaniazko etiketak aurkitzea, baina ingelesezkoak, japonierazkoak, koreerazkoak, alemanezkoak eta frantsesezkoak dira nagusi. «Txinara bidaltzea oso erraza eta merkea zenez, herri askok ez dute birziklatzeko industria sendorik garatu. Orain, beren hondakinetan itotzen ari dira, eta hobe dute irtenbide bat azkar bilatzea, arazoa oso larria izan baitaiteke», azaldu du Guiyuko enpresetako baten jabeak, Wang abizenekoak.

Wangen ustez, horrek kontrabandoari egiten dio mesede: «Mendebaldeko zaborren kontrol faltak?—Europakoak eta AEBetakoak batez ere—, kontrabandoan saltzea errazten du; izan ere, nori ardura dio zaborrak non amaituko duen? Jendeak etxe paretik kentzea nahi du bakarrik». Wangek onartu du asko handitu dela legez kanpo sartzen den hondakinen kopurua. «Sartzen diren edukiontzietatik, mugazainek gutxi batzuk kontrolatzen dituzte».

Edozein kasutan, Wang eta Gu bat datoz iragarpen kezkagarri honetan: «Litekeena da merkatu garatuek ez hobetzea birziklatzeko azpiegiturak, eta, besterik gabe, zaborra beste herrialde batzuei saltzea. Asiako hego-ekialdea leku aproposa da, lege oso malguak baitituzte; eta gobernuek kosta ahala kosta nahi dute ekonomia haz dadin».

BIR Birziklatzearen Nazioarteko Bulegoaren arabera —Bruselan du egoitza—, hasia da lekualdatzea. Vietnamek, adibidez, 550.000 tona plastiko inportatu zituen iaz, aurreko urtean baino askoz gehiago —340.000 inportatu zituen 2016an—. Malaysia dago bigarren postuan: 2016an, 287.000 tona inportatu zituen; iaz, berriz, 450.000. Indonesian eta Thailandian ere nabarmen egin zuten gora plastikoaren inportazioak. «Industria honek urrezko aroa bizi du Asiako hego-ekialdean, non birziklatzeko enpresa berriak ezartzen ari diren —enpresa horietako asko joint ventures, Txinako konpainiekin partekatutako enpresak—, egungo azpiegiturak hobetzeko», azaldu du Surendra Patawarik, BIReko Plastikoen Batzordeko arduradunak.

Baliteke Asia hego-ekialdean birziklatzea diru iturri bat izatea—eta eskertzekoa—, baina hainbat adituk dagoeneko ohartarazi dute hondakin kutsagarrien inportazioen bat-bateko igoerak ondorio larriak izan ditzakeela, batez ere hein berean hazten baita Txinak debekatu dituen 24 kategoriatako zaborren barne kontsumoa. Hain zuzen, Indonesia da munduan ozeanoak plastikoz gehien kutsatzen dituen herrietan bigarrena: urtean 3,2 milioi tona jaurtitzen ditu. Jambeck Research Group taldeak uste du indonesiarrek minutuero milioi bat plastikozko enbalaje baino gehiago erabiltzen dituztela. Azpiegitura gutxi garatuz gero, prozesatzeak eragin suntsitzaileak izan ditzake ingurumenean eta osasunean.

Ondo dakite hori Guiyun. Nahiz eta ibaiak hasiak diren lehen zuten kolore beltz lodia— eta haren kirats berezia— eranzten, belaunaldi askotan jasango dituzte ikuskaritzarik gabe birziklatu izanaren ondorioak. Inguruan dagoen Shantou Unibertsitateak egindako ikerketaren arabera, umeen %80k metalen maila handiak dituzte odolean. Adituek txostenean diotenez, «hainbat gaixotasunekiraun egingo dute, eta gaixotasun horiek pairatzen dituztenen umeek ere izango dituzte malformazioak».

Gainera, duela hamarkada batzuk arroza hazten zen lurra mortua da orain. Shantou Unibertsitateko ikertzaileek gutxienez mende erdiz han ezer ez lantzea gomendatu zuten, kutsadura oso handia baita. «Landareek xurgatuko dituzte metal astunak eta beste kutsatzaile batzuk, eta arriskutsuak dira kontsumitzaileen osasunarentzat, landare horiek—edo landare horiez elikatu diren animalien haragia— janez gero. Hemen inork ez du zalantzan jartzen diruagatik herria hil dugula», onartu du Guk, irriño errudun batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.