Katalunia. Mobilizazioak

Poliziak atera ditu kalera

Egunotako errepresioa salatu dute milaka pertsonak. Polizia eta manifestarien arteko istiluak saiheste aldera, hainbat manifestarik giza harresi bat osatu dute agenteen aurrean

Bartzelonako Urquinaona plazan elkartutako pertsonak sakabanatzen saiatu zen Espainiako Polizia, atzo. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
gurutze izagirre intxauspe
Bartzelona
2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
«Ni un pas enrere» —atzerapausorik ez— dio manifestariak, Victoria Escolleresek. 58 urte ditu eta alabarekin etorri da manifestaziora. «Istiluena-eta ez dut babesten, baina aurrekoan gazte batekin egon nintzen, eta esan zidan: ez daukagu ezer galtzeko. Eta hitzik gabe utzi ninduen. Etorkizun beltza daukate, ez dute bizitza duin baterako aukerarik!». 2017ko urriaren 1ean 04:00etarako Gironako eskola batetara joanda zaindu zituen hautetsontziak. Astelehenetik, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia jakin zenetik, kalean dago egunero. Poliziaren errepresioaren aurka antolatu zuten atzoko manifestazioa, Bartzelonan. Kale istiluetan 68 pertsona zauritu zituzten ostiralean polizien kargek, Generalitatearen arabera, eta bik begi bana galdu dute. Milaka atera dira berriz ere kalera.

[youtube]https://youtu.be/YlclfThKVJk[/youtube]

Manifestazio hasiera tentsiozkoa izan da. 18:00etan zen hastekoa, Urquinaona plazan, Bartzelonaren erdigunean. 17:30erako plazara ematen duen San Pere kalea plastikozko hesiekin itxi du Espainiako Poliziak. Urquinaonara iristeko hesia igarotzeko baimena eskatuta ez zen nahikoa prentsaren akreditazioa erakustea, txalekoa eta guzti jarrarazi ondoren utzi die kazetariei sartzen, beste polizia batzuek gazte bat miatzen duten bitartean.

Plaza betetzen

Plazara pixkanaka gerturatzen hasi da jendea, beste kale batzuetatik. 17:50 aldera hitzordua zen plazaren erdira sei mosso sartu dira, goitik behera estaliak eta batek bideo kamerekin grabatu ditu plaza horretan bildutakoak. Jendeak txistu artean hartu ditu: Okupazio indarrak kanpora, Buch dimisioa eta Bake jendea gara moduko leloak oihukatu dituzte. Mossoek plaza utzi dute, alboan, Laietana ibilbidean zeuzkaten furgonetetara itzultzeko. Ondoren Espainiako Poliziaren furgoneta bat sartu da plazan jendetzaren erdira, errepidetik plazara sartzeko koska igotzeko motor soinu fuertea eginez. 17:55 ziren. 18:00etan hastekoa zen poliziaren errepresioaren aurkako manifestazioa. Koordinazioa erakutsi dute mossoek eta Espainiako poliziek, eta indar erakustaldia egin nahi izan dute. «Probokatzaileak!», oihukatu die manifestari batek.

Dozenaka polizia furgoneta egon dira manifestazioaren hasieraren inguruan, ostiral gauean istiluak izan ziren kaleetan.

Manifestazioa hasi da, ordea. Nahikoa da, errepresiorik ez dio pankarta nagusiak, eta jende emanak jarraitu du martxa hau ere. Lluis Companys ibilbidera arteko bidea egin dute. Kaleak beti gureak izango dira!, eta Okupazio indarrak kanpora! moduko leloak oihukatu dituzte.

Giza harresia

Bien bitartean, Laietana ibilbidea moztuta zuten Espainiako polizien furgonetek, eta hainbat pertsonek kate bat osatu dute, besotik helduta, zutik polizien aurrean jarrita, isilean. Atzeko lerroetan mutil gazte batzuk aurpegia estalita sartzen saiatu dira, eta lehen lerroan zeudenek esan diete aurpegi estaliarekin ez sartzeko.

Geroxeago botila bat jaurti da atze aldetik poliziengana, eta lehen lerroan zeudenak segituan jaiki dira, jendeari baretzeko eskatuz. Egon da eztabaida bat beraien artean ere. «Badirudi independentzia erregutzen ari garela!», zioten gazteek, eta lehen lerrokoek erantzun diete giza eskubideen aldeko aldarria egokitzen dela. Lasaitzeko.

Urquinaona inguruko plazan elkartu dira, halaber, Espainiako banderarekin 50 bat pertsona, poliziei txalo eginez.

Gauean Espainiako Poliziaren hamahiru furgoneta eta mossoen bederatzi zeuden San Pere kalean. Istilurik ez zen izan ordura arte han, baina bai tentsio uneak. Milaka pertsona zeuden Laietanako ibilbidean eta Urquinaonan eserita. Graciako lorategietan ere ehunka lagun elkartu ziren, eta Mossoek foam balak jaurti zituzten. Lerrook idazterako orduan, ez zen beste istiluren berririk, baina nabarmena zen tentsio giroa. Herritarrek segituko dute datozen egunetan kalera ateratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.