Gurpil erotik ateratzeko saioa

Hirugarren greba eguna egin dute Araba, Bizkai eta Nafarroako taxilariek. Loiuko aireportuan elkartu dira bizkaitarrak goizean goiz, eta, horren ostean, ilaran joan dira Bilbora beren erreibindikazioak zabaltzeko asmoz. IG Ibilgailu Gidaridunen lizentzien legea errespetatzeko eskatu dute berriro.

Bizkaiko taxilariak Loiuko aireportuan elkartzen, atzo. MIGUEL TOÑA / EFE.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Loiu
2018ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Auto beltz bat iritsi da Loiuko aireportura (Bizkaia). Gizonezko gidariak hiru kideko familia bat dakar auto barruan. IG Ibilgailu Gidaridun bat izateko itxura guztia dauka. Getxoko hamabigarren lizentzia duen taxilariak —nahiago du izenik ez eman—keinu egin die lankideei, eta autoaren ingurura hurbildu dira zenbait. Aurre egin nahian oihu egin diote, irain batzuk tarteko, beren lan eskubideak zapaltzen ari dela aurpegiratu nahi izan diote. Urrutitik nabari da haserrea, ehunka taxilarik hirugarren greba eguna izan zuten, atzo, Loiuko aireportuan. Zerua esnatu zen bezain gris eta goibel zegoen giroa.

Xede argia du grebak: «Legea errespetatzea». 30 taxi lizentziako, gehienez IG batek egon behar du. Aurrez hitzartutako zerbitzuak edota goi mailako zerbitzuak eskaintzeko sortu ziren IGak. Azken urteotan, lizentzien kopuruak gora egin du etengabe. Igor Etxabe taxilariak dio esparru berezi horietan ez dagoela lan handirik; «eta atez atekora, taxien esparrura, jotzen dute gidari pribatuek». «Parafarmaziek ezin dituzte medikamentuak saldu, ezta? Ba antzeko zerbait da hau», gaineratu du Getxoko taxilariak.

Uztaila eta abuztua lotzen dituen astea mugimendurik handienekoa izaten da aireportuetan. Bidaiarien joan-etorriei, maletei, urduritasun eta ilusio aurpegiei, aurten, taxilarien greba gehitu zaie. Bidaiari gehienei, ordea, ez dirudi asko eragin dienik, aparkaleku asko dituen aireportua izanik, erabiltzaile asko beren autoetan etortzen baitira. Hori horrela, goizean ez da aparteko istilurik sortu bezero eta gidarien artean.

Badaude, baina, lanuzte egunak ezustean harrapatu dituenak. Daniela Garaioa eta Javier Martinez iruindarrak arazoren bat izan dute hegaldiekin. Mexikotik datoz, oporretatik, eta bi egun igaro eta gero, etxera iritsi nahi dute. Taxien grebarekin egin dute topo, ordea. «Hotela genuen erreserbatua aireportutik bost minutura, eta ezin gara heldu; autobusik ez doa hara, eta oinez iristea ezinezkoa da». Senide batzuen laguntza jaso dute, azkenean. «Eskerrak. Taxilariek autostop egiteko esan digute...», dio Martinezek, kopetilun.

Taxilariak, deseroso

Gorka Mendieta ere taxilaria da. «Oso latza da hemen egon beharra, eta bezeroei taxirik ez dagoela esatea». Ez dira eroso sentitzen, eta egunak gogorrak eta astunak izaten ari direla dio. «Beste sasoi batean ere ez litzateke erosoa izango guretzat, baina orain are zailagoa da zerbitzua ez ematea, benetako beharra baitu bezeroak».

Protestetan ez daude bakarrik taxilariak, haien familiak ere gerturatu baitira babes ematera. Emaztea eta seme txikia ditu alboan Iñaki Niñok. «Lanaldia gelditzea arazo bat da, baina arazo larriagoa bihur daiteke gelditzen ez bagara». IGen ondorioz, etxeko diru sarrerak murriztuz doazela ikusten dute; «asko sentitzen dut bezeroengatik, baina bakoitzak berea defendatu beharra dauka, eta guri honek ematen digu jaten; borrokatu ezean, kenduko digute».

Hamarretarako, heldueren gunea hustu egin da ia. Taxilari gutxi batzuk gelditu dira aireportuan. Gehienak, taxietan sartu, eta Bilborako bidean abiatu dira; auto karabanan doaz, autobidean zehar lehenengo, eta gero hirian barrena, ibaiertzetik igaroz, San Mames futbol zelairaino. Zirkulaziohandiko egunak dira, eta errepideak oztopatu dituzte beren erreibindikazioak hedatzeko. Bozeramaileek ohartarazi dute protesta egiteko arauak errespetatzeko, aurreko egunetan zenbait isun jaso baitituzte.

Kotxe zuri bat iritsi da aireportuko irteeren gunera. IG bat da hura ere. Azkar ohartu dira bertan dauden taxilariak, eta auto ingurura hurbildu dira azalpenak eskatzeko. Beraien eskubideak defendatzen jarraituko dute, «legea betetzen dela ziurtatu arte». Espainiako Sustapen Ministerioan deituta dagoen bileran erabakiko denaren zain-zain daude taxilariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.