Espainiak «prest» du lege «aberranteari» aurre egiteko erantzuna

Erredakzioa
2017ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak jakinarazi du «prest» daukatela lege «aberranteari» aurre egiteko erantzuna. Trantsizio Juridikorako eta Errepublika Sortzeko Legeaz eta Kataluniako Erreferendum Legeaz ari zen agintaria, kazetarien galderei erantzunez, korridoreetan, Kongresuan. Gobernuak «azkar» erantzungo duela ere jakinarazi du, asteak baitaramatzate «dekretu bidez edo plenoan» onartzen den legeari aurre egiteko. Kataluniako agintariek «lotsa demokratikoa» galdu dutela ere adierazi du Saenz de Santamariak: «Espainian, demokrazia sendo batean, autokrazia bat eratzeko ahalegina egitea aberrantea da».

Kataluniaren eta Espainiaren arteko tentsio giroak beste gradu bat egin du gora asteotan. Bartzelonako atentatuaren kudeaketak ere zeresana izan du horretan. Enric Millo Espainiako Katalunian duen ordezkaria, ildo horretan, mossoen harira piztutako polemikaz aritu da. Generalitateari zuzendu zaio esanez mossoek ezin dutela estatu kide baten estatusa izan Europolen: «Hori onartzea ezinezkoa da». Polizia Nazionalak zuzentzen duen lantaldean mossoek ordezkari bat badutela ere berretsi du.

Alternatiba gabezia

Carles Puigdemontek atzo adierazi zuen independentzia edo «eduki bako» autonomiaren artean aukeratu beste alternatibarik ez diola eman Madrilek Kataluniari. «Espainiako Gobernuak beste batzuk eskaintzea baztertu du sistematikoki», salatu zuen Kataluniako presidenteak. Independentziak «gizarte hobe eta jasangarriago bat» ahalbidetuko duela adierazi zuen, bide batez.

Independentzia lortu ostean, esan zuen herenegun, «ezinbestekoa» izango da armada propioa izatea, bereziki jihadisten «mehatxu larriaren» aurrean. CUPeko Gabriela Serra diputatuak ihardetsi dio ez dela «etikoa» atentatu «dramatikoak» baliatzea armada baten beharra «justifikatzeko». «Ezerk ez du militarismoa justifikatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.