Cesar Mendez. Nafarroako Teletaxiko bozeramailea

«Erraldoien aurka ari gara, marketinaren maisuen aurka»

Taxilariak itzuli dira lanera Araban, Bizkaian eta Nafarroan. Espainiako Gobernuak IG baimenak emateko ahalmena eskaini die erkidegoei, baina ez da berehala konponduko taxilarien arazoa.
LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Xabier Martin -

2018ko abuztuak 3
Taxilariak pozik daude greba uzteko soka bat eman dielako Espainiako Gobernuak, baina badakite IG Ibilgailu Gidaridunen arazoak hor dirauela, eta «patata beroa» erkidegoek hartu beharko dutela orain, beharbada. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak «kezka» azaldu dute, uste dutelako «Espainiako Gobernuak sortutako arazoa» hark konpondu beharko lukeela. IG baimenak emateko ahalmena eskaini die Madrilek, baina eskumen osoa transferitu gabe. Horiek horrela, aurrerantzean, eta legeak dioen moduan, 30-1 ratioa beteko ez balitz (IG bat 30 taxiko), taxilariek mobilizazioekin jarraituko lukete; «elkar harturik gaudela erakutsi dugu», dio Cesar Mendez Nafarroako Teletaxiko bozeramaileak. Oraingoz, «su-etena» dago, ordea.

Normal ari zarete berriro. Pozik?

Bai, noski. Gauerdi aldera hasi ginen zerbitzua ematen, eta egunerokora itzultzen.

Arazoari ez zaio irtenbide argi bat eman, baina indar erakustaldi argia egin duzue, ezta?

Taxilariak elkarturik gaude, eta urte askoan nozitzen ari garen egoera lehertu egin da. Orain arte, administrazioak ez du esku hartu nahi izan patata bero honetan, eta, orain, ematen du erkidegoek aukera izango dutela eskatzeko IGen baimenen eskuduntza. Espero dugu Nafarroak baimen horren eskumena eskatzea, eta tokiko administrazioek kudeatzea lizentziak.

Ea nork jartzen dion joarea katuari...

Argi dago inork ez duela nahi, baina egin beharko dute. Gu hemen gabiltza, ikusle moduan, eta arazoa sufritzen. Bien bitartean, multinazionalak gero eta aurrerago doaz, epaitegietan beren indarra erakutsita. Sarritan gertatzen da galtzaile garela erraldoien aurka ari garelako, marketinaren maisuen aurka. Gu, berriz, arau argi batzuetara lotuta gaude; horrek eragin du egoera lehertzea.

Baina Nafarroan, oraingoz, ez dago arazo handirik IGekin, ezta?

Zuzena da hori. Hiri handietan pairatzen ari dira egoerarik okerrena, baina argi daukagu zerbait mugitzen hasia dela, eta badakigu ez badugu ezer egiten gure kalterako izango dela. Baina, bai, harreman ona dugu Nafarroako IG enpresa nagusiarekin. Haiek ere kezkaturik daude Cabify eta Uberren azken mugimenduekin. Lizentzia eskaera masiboak egiten ari dira ez alferrik. Tristea da taxilariak horrelako kontuen gainean egon behar izatea; taxilariak, hamabi orduz lan egin eta gero, etxera joan nahi du, lasai, bestelako saltsatan sartu behar izan gabe.

Nahikoa izango ote da erkidegoek IG lizentziak emateko ahalmena eskuratzea arazo sakon hau konpontzeko?

Bartzelonako Udalaren ereduari jarraitu beharko litzaioke, seguruenera, eta udalek hiri baimen bat eman beharko liekete IGei, jardueran jarraitu nahi badute. Baimen horiek 30-1 ratioaren irizpidearekin eman beharko lirateke. Hori izan daiteke soluzioa, baina ez dago argi-argi ere. Ez da arazo erraza, zeuk esan duzu.

Orain, baimena daukan IG bat jarduera egin gabe utziko ote dute bigarren baimena ez lortzeagatik?

Administrazioaren arazoa da hori. Legeak argi dio 30-1 ratioa bete behar dela, eta hori eskatzen ari gara gu. Orain, su-etena eman dugu greba utzita, baina badakite zein den gure erreibindikazioa: legea betetzea.

Erkidego batzuek esan dute ez dutela nahi IGen baimenen eskuduntza.

Bai, Galizia adibidez. Baina hartzen dutenak arazoa bideratzen hasten badira, presio handia izango dute, eurak ere baimen horien eskumena eska dezaten. Gaur bertan [atzo], bilera izango dugu Nafarroako Gobernuarekin, eta uste dugu haien asmoen berri izango dugula.

Edonola ere, argi utzi duzue adi-adi jarraituko duzuela, baita mobilizazioetara itzultzeko atea zabalik dagoela ere.

Hori da. Behin betiko soluzio bat nahi dugu guk, gehiegi iraun duelako honek. Kokoteraino gaude jadanik. Presio horrekin lan egitea gogorra da. Pentsa enpresa batean zazpi urtez erregulazio dosier batekin aritzea zer litzatekeen. Ba horrelako zerbait da hau, ez dakigulako noiz arte jarraitu ahalko dugun lanean.

Bezeroak egoeraren jabe direla uste duzu?

Jendeak ez daki, oro har, zein den egoera. IGak taxien moduan ikusten dituzte. Ez dakite beste arautegi bat dutela, eta ezin dutela taxiaren zerbitzua eman. Oso zerbitzu zehatzak emateko dira, ibilbide luzekoak, eta horiek bukatzean, bidean ezin dute inolako zerbitzurik eman. Beren baseetara itzuli behar dute, bakarrik aldez aurretik hitzartutako zerbitzuak emanez beti.

Eta ez dute egiten?

Txantxetan zabiltza? Ez dute egiten, ez horixe. Cabify eta Uberrena izugarria da. Enpresentzat eta horrelakoentzat aritu behar dute bakarrik, zerbitzu zehatzak ematen, baina taxiei kentzen dizkiete bezeroak. Eta gu, bitartean, arau guztiak betetzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna