Garagardo aparra gora doa

Europako Batasunak inoiz baino garagardo ekoizpen handiagoa lortu du 2017an: 41.300 milioi litro. Alemania da ekoizle handiena, eta Herbehereek esportatzen dute gehien. Euskal Herrian, berriz, hainbat eragilek jarraitzen dute garagardoak aspaldian duen hazkundean murgiltzeko saioan.

Xabier Martin -

2018ko abuztuak 4
Udako erregina dela esatea topikoa da. Eta ez da oso zehatza, gainera, garagardoaren nagusitasuna udaz harago baitoa. Edari alkoholdunen artean kontsumituena da, eta ez bakarrik Euskal Herrian; ia mundu osoan da edari nagusia. Haren aldeko hautuak, gainera, gero eta indar handiagoa dauka. Europako Batasunean nabarmen igo da garagardoaren ekoizpena 2017. urtean; estatu kideek 41.000 milioi litro jarri dituzte merkatuan, aurrekoan baino 2.500 milioi gehiago. Alemania da Europako ekoizleen txapelduna, 8.100 milioi litro ekoitzi baititu, eta Herbehereek esportatzen dute garagardo gehien: 1.900 milioi litro urtero. Eurostatek eman zuen atzo datu horien berri, Garagardoaren Nazioarteko Egunaren harira.

Ez da ezustea Europako ekoizle handiena izatea Oktoberfest garagardoaren festa ezagunena hartzen duen herrialdea. 2017an, 8.000 milioi litroko langa gainditu du, eta goitik dago kopuru hori bere jarraitzaileen emaitzetatik, nabarmen gainera. Erresuma Batuak 5.600 milioi litro ekoitzi ditu; Poloniak, 4.000 milioi litro; Herbehereeak, 3.900 milioi; Espainiako, Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herriko konpainiek, denek batera, 3.600 milioi litro ekoitzi dituzte; eta Belgikak, 2.400 milioi litro.

Urte batetik bestera egondako igoera orokorrak 81 litroko igoera dakar Batasuneko hiritar bakoitzeko. Kontsumo per capitan, ordea, desberdintasun handiak daude. 81 litro horietatik oso gora daude, esaterako, Txekian (143 litro), Alemanian (106), Austrian (105), Polonia (98) eta Lituanian (92). Eta oso behera, ordea, beste hainbatean; adibidez, Italian (31), Frantzian (31), Grezian (35) eta Portugalen (46). Mediterraneoko arkuan, garagardoak lehiakide gogorra dauka: ardoa.

Alkoholik gabeko garagardoak ere laguntzen du edarien kontsumoaren lehia hori garagardoaren alde jartzen. 0,5 gradutik beherako garagardoa sartzen da kategoria horretan, eta Espainia da gehien ekoizten duen estatu kidea. 2017. urtean, 900 milioi litro gehiago ekoitzi dituzte Europako Batasunean.

AEBak, hartzaile nagusia

Dena den, badira herrialde batzuk Alemania baino gehiago hazi direnak garagardo ekoizle gisa. Herbeheretako lantegiek, adibidez, %48 igo dute ekoizpena; Erresuma Batukoek, %14; eta Portugalgoek, %11. Ekoizpen txikiagoa egin dutenen artean daude Grezia (%9), Eslovakia (%5), Bulgaria (%4) eta Letonia (%4).

Azken hilabeteetan asko hitz egin da AEBen eta Europaren arteko gerra komertzialaren arriskuaz. Bada, auzi horrek kalte egin ahal dio Europako garagardoaren industriari ere, bloke bien arduradunek berriki adostutako soluziobideak emaitza zehatzak ematen ez baditu. Izan ere, AEBak dira Europako garagardoaren hartzaile nagusiak. Batasunak esportatutako hiru garagardo alkoholdunetatik bat AEBetara joaten da; guztira, 1.100 milioi litro. Gero, Txina dator (520 milioi litro); Kanada (200 milioi), Hego Korea (175 milioi) eta Errusia ere (138 milioi) esportazioen zerrendaren goialdean daude.

Esportatzaileen zerrendari dagokionez, Alemania, Herbehereak eta Belgika daude podiumean. Herbehereek 1.900 milioi litro esportatu zituzten aurreko urtean, eta 1.600 milioi litro hala Belgikak nola Alemaniak. Frantziak 700 milioi litro saldu zituen atzerrian, eta Erresuma Batuak 600 milioi.

Eta nondik dator Batasunak egiten duen garagardo inportazioa? Bada, gehien bat Mexikotik. Erdialdeko Amerikako herrialde horrek 211 milioi litro garagardo bidali zituen Europara iaz, inportazio osoaren %52. Serbia (48 milioi litro), AEB (39 milioi), Bielorrusia (23 milioi) eta Txina (16 milioi) dira beste herrialde garrantzitsuak Batasunaren garagardo inportazioetan.

Euskal ekoizleak

Euskal Herrian, berriz, hainbat eragile garagardoaren hazkundearen olatua hartu nahian dabiltza. Artisau erako garagardoen loraldiak ez du indarra galdu. Gero eta ezagunago egiten ari diren markak ekoizteko etxeko fabrika txikiak zabaldu dituzte han eta hemen. Horietako batzuk dira Pagoa, Naparbier, Garagart, Falken, OlaƱeta, Bidassoa Basque Brewery, Gar &Gar, Basqueland Brewing Project eta beste hainbat eta hainbat. Fabrika handiena, ordea, Bilboko La Salverena da. Aurtengo udaberrian planta berriz zabaldu du. eta hark egin du saio industrialik handiena; 1978an itxitako fabrika jardunean dago berriro. La Salvek Merkatuaren %10eko kuota bereganatzeko xedea dauka, eta proiektu bat sustatu du garagardoa egiteko erabiltzen duen lupulua Euskal Herrian ekoitzi dadin.

Bederatzi bazkide daude Lupulus proiektuan, La Salverekin batera: besteak beste, Pagoa, Olbea, Boga, Urbanbeer eta Baias. 300 lupulu landare erein dituzte hektarea batean, Berantevillan (Araba). Bestela, Bilboko fabrikara sartzen den garagarra ere Arabakoa da, baina bertako lupulua lortzea da orain erronka nagusia. Villabonako hainbat baserritar ere saio bera egiten ari dira Gipuzkoako eremu horretan, artisau garagardoen prozesuetan bertako lupulua balia dezaten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna