Aurrez iragarritako tragedia

Greziako suteen ondorioak pairatu zituzten herritarrak oso haserre daude gobernuak izan duen jarrerarekin. Mati herriko bi biktimaren senideek salaketa bat aurkeztu dute agintarien aurka. Tsiprasen gobernuak iragarri dituen neurriekin eta kalte-ordainekin eszeptiko dira herritarrak.

Hilaren 23ko suteak sortutako hondamendiaren ondorioak nabarmenak dira Mati herrian; Atenastik 30 kilometro ekialdera dago. AITOR TXABARRI.
Mati
2018ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Joan den uztailaren 23a Greziako biztanleek egun beltz bat gisa gordeko dute beren buruan, azken hamarkadotako suterik larriena izan baitzuten egun horretan. Hondamendi horretako ondoriorik larrienak: 93 pertsonak hilik eta beste hainbat zauriturik. «Oraindik ezin dugu sinistu hemen gertatu dena; ez dakigu zer egingo dugun orain», esan du Mati herriko biztanle batek. Mati Greziako kostaldeko herrian izan dute egoerarik larriena, eremu horretako zatirik handiena txikituta geratu baita. Hango biztanleen egoera oso larria da, askok familia galdu dute, eta beste askok, etxea, lana, edo biak batera. Matiko herritarrak oso haserre daude krisi honetan gobernuak izandako jarrerarekin. Ez dute ulertzen nola gertatu ahal izan den hori guzti hori, Greziaren eta suaren arteko historiaren berri izanda. «Urtero suteak daude, eta ez da ezer konpontzen. Azkenean, berriro ere pertsona ugari hil dira», Matiko Fotis bizilagunaren esanetan. Gobernuak alde batera utzi dituela pentsatzen dute, eta, atzo, Matiko bi biktimaren senideek gobernuaren aurka salaketa bat jarri zuten auzitegietan, «zabarkeriaren ondoriozko homizidioa» leporatuta.

Syrizak koalizioan zuzentzen duen gobernuak hasieran dena ezeztatu zuen, eta klimari bota zion errua. Horrek Greziako herritarrak oraindik gehiago haserrearazi zituen. «Gobernuak ez du ezer egiten, krisi honetan herritarrak ari gara lan guztia egiten», kexatu da Maria, Rafina hiritik Matira boluntario lanetara etorria. Egunak pasatu ahala, agintarien pentsatzeko era aldatuz joan da, gobernutik aitortu baitute egin beharreko guztia agian ez dela egin.

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak esan du gobernu horrek izan duen krisirik garrantzitsuena izan daitekeela. Tsiprasek joan den astelehenean bisitatuzuen Mati, sutea gertatu eta astebetera. Argi geratu da politikoki oso motel ibili dela. Hori kalean nabari da, ez da alderdi politikoen arteko gatazka bat, ez; kasu honetan, denek uste dute gauzak gaizki egin direla hasiera-hasieratik, eta krisian sartuta ere neurriak motel hartu direla. «Ezin da pentsatu egoera bakarrik konponduko dela, eta ia guztia herritarren esku utzi», adierazi du iparraldeko Tesalonika hiritik etorritako boluntario batek. Halako esaldiak darabitzate hitzetik hortzera desastrea ikusi duten pertsona gehienek.

Gertaera larri horrek hainbat aldaketa ekarri ditu Mati ingurura. Errepideak zabalduko dituzte, horixe izan baitzen hainbeste hildako egotearen arrazoietako bat:errepideen egoera txarra. Pertsona eta auto gehienak errepide berberetik saiatu ziren alde egiten, bide hori baitzen itsasorantz zihoan bakarra. Horrek pilaketa bat sortu zuen, eta asko ezin izan ziren atera errepide horretatik. Beste aldaketa bat da itsasorako sarrera gehiago sortzea. Matiko kosta itsaslabarrez inguratuta dago, eta oso arriskutsua da horietatik salto egitea. Azkenik, baso bihurtuko dituzte etxeak zeuden hainbat lur; legez kanpokotzat jotako 3.000 eraikin inguru botako dituzte.

Dirua eta lanpostu publikoa

Horiek izan dira hasieran gobernutik ateratako lehen neurriak, Matiko kasu zehatzari dagokionez. Horrez gainera, kaltetuei kalte-ordain ekonomikoa emango diete. Hildakoen familiek 10.000 euro eta erakunde publikoetan lanpostu bat jasoko dituzte. Etxea galdu duten pertsonek, berriz, 5.000 euro jasoko dituzte, eta negozioak galdu dituztenek, 8.000 euro. Matiko eta gainontzeko herritar askorentzako aldaketa horiek oso berandu datoz, ordea. Onura ekonomikoena ez da nahikoa, eta oso txikiak dira horrelako gaitz bat berriro ez gertatzeko hartutako neurriak. Grezia osoari begira, Tsiprasek aurreratu du suteen kontrako plangintza nazional batean lan egiten hasiko direla. Baina horrek ez du lasaitzen biztanleria. Horretaz aparte, adierazi du uda honetan segurtasuna handituko duela poliziekineta suhiltzaileekin. Horiek binaka ibiliko dira suteak sortzeko arriskua egon daitekeen eremuetan.

Oraindik ez dago argi zergatik sortu den sua. Gobernuaren iritzia da norbaitek nahita egindakoa izan dela. Bestalde, joan den larunbatean suhiltzaileek egindako txosten batean diote norbaitek egurra erretzean nahigabe sortutako sute bat izan zela. Iritziezberdintasun horrek segurtasunik eza sortu du biztanleengan. «Ez dakigu zer gertatu den. Nahita sortutako sute bat izan da? Nahi gabe sortutakoa? Berriro gerta daiteke? Ez jakite horrek erotzen gaitu», adierazi du Kristinak. Maria bezala, hura ere Rafina hiritik etorri da Matira boluntario lanetara.

«Ez dute ezer egiten»

Suteak urtero gertatzen dira Grezian. Horregatik, jendeak ez du ulertzen nolatan gertatu ahal izan den horrelako hondamendi bat. «Ez dute ezer egiten, ez alde batekoek ez beste aldekoek, eta azkenean tragedia bat heldu da», hori da Greziako politikariei buruz daukan iritzia Matiko bizilagun batek. Prebisio falta horrek arazoak ekarriko dizkio Tsiprasen gobernuari. Greziarrek ez dute erraz ahaztuko krisi hau. Orain arte hartu dituen erabakiak ez dute zulo honetatik erraz aterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.