Segurtasun faltari aurre egiteko apustua

Mexikoko Ordezkarien Ganberak guardia nazional bat sortzea onartu du. Lopez Obrador presidentearen neurri nagusia da herrialdeak pairatzen duen indarkeria larriari aurre egiteko. Edukiko duen egiturak eta izaerak, ordea, eztabaida eta kezka handia sortu du Mexikon.
Itsas armadako kideak, narkotrafikatzaileei atzemandako droga erretzen, iazko irailean, Acapulcon.
Itsas armadako kideak, narkotrafikatzaileei atzemandako droga erretzen, iazko irailean, Acapulcon. DAVID GUZMAN / EFE

Gabriel A. Corral Velazquez -

2019ko urtarrilak 23
Andres Manuel Lopez Obradorren gobernuaren premiazko erronka bat da Mexikoko eskualdeetako bortizkeria. Iaz 33.000 hilketa baino gehiago izan ziren herrialdean, SSPC Herritarren Segurtasun eta Babeserako Idazkaritzak herenegun argitaratu zituen datuen arabera. Urterik bortitzena izan da narkotrafikoaren kontrako borroka erregistratzen hasi zenetik, 2006an, Felipe Calderon presidentearen agintaldian (2006-2012). Guanajuaton —herrialdearen erdialdean— eta Kalifornia Beherean —ipar-mendebaldean— hazi zen gehien bortizkeria. Kalifornia Beherean, iaz, urteko lehen hamar hilabetetan, 63,57 hilketa egin zituzten 100.000 biztanleko; Guanajuaton, 36,32. Presidenteak guardia nazional baten sorreran jarri du arazo horri konponbidea emateko esperantza, eta indar hori sortzeko bideak lehenengo langa gainditu berri du, Ordezkarien Ganberaren oniritzia lortuta.

Lopez Obradorrek, hauteskunde kanpainan, gogor kritikatu zituen Felipe Calderonen eta Enrique Peña Nietoren (2012-2018) segurtasun politikak. Behin baino gehiagotan esan zuen berak irabaziz gero armadak eta itsas armadak utzi egingo ziotela lehen emandako segurtasun lanak egiteari.

Dena den, presidente aukeratu eta gero, bortizkeriari buruz zeukan jarrera aldatu egin zen iazko urte bukaeran. Prest zegoen armadak eta itsas armadak segurtasun lanak egin zitzaten. Aldaketa zuritzeko esan zuen poliziak ustelduta daudela agintearen hiru mailetan: federalean, estatukoan eta udaletakoan. Militarrek polizien zenbait funtzio egingo lituzkete segurtasun publikorako lanetan, narkotrafikoaren kontrako borrokan, batez ere; baina orain arte eduki ez duten lege babesarekin. Mexikoko 1917ko Konstituzioaren arabera, burujabetza nazionala babestea da armaden lana. Orain, polizia lanak egiten dituzte, presidenteak aginduta, bera baita armaden buruzagi nagusia.

Segurtasun plana

Alfonso Durazok iazko azaroan aurkeztu zuen Segurtasun Plana, Lopez Obradorren gobernuaren irizpideak ezarrita. SSPCko idazkaria da Durazo. Plan horretako proposamenetako bat da Guardia Nazional bat sortzea, 50.000 lagunekoa, Polizia Militarreko, Itsas Poliziako eta Polizia Federaleko kidez osatua. Segurtasun indar berri horrek 266 eskualdetan banatuko luke herrialdea, eta eskualde bakoitzean segurtasun eta inteligentzia plan zehatzak aplikatuko lirateke, bakoitzaren bortizkeria egoeraren arabera. Hobeto ulertzeko, egituraz eta agintez Espainiako Guardia Zibilaren edo Txileko Karabineroen pareko segurtasun indarra litzateke.

Lopez Obradorren gobernuak Guardia Nazionala sortzea justifikatu du, esanez eskumena izango lukeela segurtasun publikorako lanetan ikertzeko eta esku hartzeko. Horrez gain, presidenteak aukera izango luke segurtasun indar pribatuak erabiltzeko segurtasun publikoan laguntzeko. Zergatik? Gobernuaren esanetan, ez dagoelako denborarik gaur egungo poliziak behar bezala trebatzeko. Segurtasun falta egoera larria da, eta buruzagitza militarrak Guardia Nazionala hiru urtean osatzea nahi dute, eta delinkuentzia herrialde guztian apaltzea.

Giza eskubideen kezka

Guardia Nazionala sortzeko asmoak polemika sortu du. Giza eskubideen aldeko elkarteek adierazi dute Guardia Nazionala sortzeak areagotu egingo duela segurtasun publikoko lanen militarizazioa. Mexikoko 32 gobernadoreek eta hainbat herrialdetako alkateek esan dute erabakia hitzarmen federalaren kontrakoa dela, eta segurtasun publikoaren eskumena kentzen diela polizia zibilei.

Argudio horretan oinarrituta, parlamentuko hainbat taldek eztabaida guneak sortu zituzten, eta gobernadoreak gonbidatu zituzten argudioak aurkeztera, Guardia Nazionala sortu ahal izateko konstituzioaren aldaketa ahalbidetzeko.

Maria Aleman diputatu federal eta Diputatuen Ganberako Koordinazio Politikorako Batzordeko kidearentzat, negoziazio errondei esker, aurrez aurre entzun zituzten segurtasunari buruzko emaitzak eman behar dituztenen kezkak. Haren esanetan, legebiltzarkideak eta gobernuko ordezkariak Guardia Nazionalaren buruzagitzak eta gaitasunak kezkatu ditu gehien.

Parlamentuko oposizioko taldeak koordinatzen dituztenentzat, funtsezko gaia da gorputz militar bihurtzeko arriskua. Alegia, uste dute gehiegikeria bat izan daitekeela polizien buruzagitza zibila galtzea, sortzen ari den Guardia Nazionalarena barne. «Gaitasuna oinarrizko gaia da Guardia Nazionalari buruzko eztabaidan», Aleman diputatuarentzat. «Polizia zibilen kasuan, delituak prebenitu eta ikertzeko prestatu behar dute; militarrek, berriz, oso bestelako gaitasunak behar dituzte, eta, funtsean, burujabetza nazionala babestu behar dute».

Buruzagitza zibila

Asko eztabaidatu dute horretaz, eta asko sakondu dute gai horretan, Alemanen esanetan, Guardia Nazionala sortu ahal izateko konstituzioa aldatzeko proposamena Diputatuen Ganberara iritsi zenetik. Talde parlamentarioek bat egin dute puntu batean: Guardia Nazionalaren buruzagitzak zibilen esku eta SSPCren barruan geratu behar duela. Funtsezko gaia da, eta gobernuak amore eman du bere ekinaldia bidali duenean.

Hala ere, aholkularitza eskatu zieten adituek kritikatu egin zuten, bai azalean, bai mamian, Lopez Obradorren segurtasun proiektu nagusia. Herritarren hainbat elkartek salatu dute Guardia Nazionalaren diseinuaren arazo nagusia dela ez duela egituratzen segurtasun faltaren kontrako politika oso bat. Nabarmendu dute segurtasun politikek ez dutela emaitza onik eman azkeneko bi seiurtekoetan.

Guardia Nazionala sortzeko proposamenak kezkatu egin ditu giza eskubideen aldeko erakundeak, bai herrialdekoak, bai herrietakoak. Baita Nazio Batuen Erakundea, Amnesty International eta Human Rights Watch ere. Karen Zurita Giza Eskubideen Defentsa Bulegoko kolaboratzailearentzat, Guardia Nazionalaren aldeko ekinaldiaren segurtasun ereduak ez du delituak prebenitzeko politika osorik aurreikusten; alderantziz, politika erreaktibo bat dela dio, bortizkeriarekin borrokatzen dena eta prebentzio eredurik eratzen ez duena: «Guardia Nazionalak ekarriko duen militarizazio eskemak herrialdeko segurtasun publikoan atzera egitea eragingo du».

Era berean, uste du herrialdearen demokratizazio prozesua ekarri duen sistema ere atzeratuko duela. Giza eskubideen babeserako, segurtasunerako eta hauteskundeetarako ereduak 1990ean sortu ziren, paretsu. Armadak segurtasunaren kontrola hartzeak, baita delitu arruntena ere, Mexikoko demokratizazio prozesuaren inertziarekin hausten du: militarrak erreakzionarioak dira. Hori baieztatzen dute giza eskubideen aldeko erakundeek: armada eta itsas armada jo dituzte Mexikon azken urteotan izan diren indarkeria gertaera larrienen errudun. Guerrero estatuko Ayotzinapako ikasleen kasua jarri dute adibidetzat, eta Michoacan estatuko Tanhuatoko hilketak eta Chiapasko 1997ko sarraskia.

Adibideok erakusten dute militarren lana ez dela egokiena izan herrialdearen segurtasunik ezaren kontrako borrokan. Mexikok beste eredu bat behar du krimenaren kontrako borrokari aurre egiteko, narkotrafikoari lotutako krimen antolatua barne, delitu indizeak ez baitira jaisten gogor ekinez soilik.

Gizarte zibileko erakundeak honek kezkatzen ditu gehien: Lopez Obradorren gobernuak ez duela delituen prebentziorako politikarik proposatzen. Erantzunetan oinarritzen da oraindik ere; oinarrian ez dago herritarrekin lanketa bat egitea. Ezaugarrien aldaketa bat proposatu du, duela urte askotatik kalean diren militarren presentzia legeztatzeko eta justifikatzeko, baina hori ez da aurre egitea, ezta lan egitea ere herritarrek espazio publikoak eta kaleetako lasaitasuna berreskura ditzaten.

Datorren legegintzaldia

Ordezkarien Ganberak joan den ostegunean onartu zuen Guardia Nazionalaren sorrera, aldeko 362 botorekin eta aurkako 119rekin. Lehenengo langa gainditu zuen. Ondorengoa Senatua izango da, eta han ere gutxienez botoen bi hereneko langa gainditu beharko du. Ondoren, estatu guztien legebiltzarrek onartu beharko dute; gutxienez, gehiengo sinplearekin. Ordezkarien Ganberak aldaketa bat egin dio testuari, eta, kezka zuten alderdiei kasu eginez, Guardia Nazionalaren burua zibila izango dela zehaztu du. Hala ere, operazioez arduratuko diren azpiko koadroak militarrak izango dira.

Horregatik, egitura hierarkiatik proposatzen den heinean, aurrerantzean ere militarrenak izango dira errekrutatzeak, trebakuntzak, antolaketak, entrenamenduak, doktrinak eta ardurak.

Itxuraz, aldaketak ez dirudi nahikoa, indar armatuen parte hartzea nagusituko baita prestakuntzan eta gainerako eginbeharretan, eta segurtasun lanak orain arte bezala mantenduko dira. Guardia Nazionalak Mexikoko kaleetan har lezakeen jokabidea adibide bat izan liteke gisa horretako korporazioek erregimen presidentzialen izaera autoritarioa indartzeko duten arriskua erakusteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna