Kongresuaren habeak ezarri ditu Steilasek

Nazio kontseilua egin du sindikatuak Gasteizen. Sistema dualak «porrot» egin duela esan du, eta hezkuntza sistema publikoa defendatu

Steilaseko kontseiluko hizlariak, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Erredakzioa
Gasteiz
2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Nazio kontseilua egin zuen atzo Steilas sindikatuak, Gasteizko Artium museoan. Ikasturtearen lehen hiruhilekoaren balantzea egin, eta maiatzaren 27an eta 28an Iruñean egingo duten kongresuaren oinarriak zehaztu zituzten. Noranzko bakarra, publikoa izango du goiburu udaberriko biltzar horrek.

Hezkuntza legearen inguruko eztabaidaz aritu ziren saioaren bigarren erdian, batez ere. Steilaseko kide Ainhoa Astigarragaren ustez, «ez da kasualitatea» Eusko Jaurlaritzak hezkuntza legea berritzeko asmoa agertu izana, eta ezta EH Bilduk hezkuntza sistemari buruzko proposamena egin izana. Hiru arrazoi nagusi ikusten ditu sindikatuak, Astigarragaren esanetan: hurrengo sei urteetarako ikastetxe pribatuen kontzertuak berritu beharra, jaiotze tasaren beherakada eta «euskal sistemetan duten eskola segregazio ikaragarria». Zehaztu zuen sare publikoan daudela «segregazioa pairatzen» duten ikastetxeen %90. Horrek, Astigarragaren arabera, sistema dualaren «porrota» agerian uzten du: «Gizarte estratifikaziorako bide bihurtu da. Eskola segregaziorako erreminta bihurtu da, eta, gainera, ez ditu ematen eman behar lituzkeen emaitza akademikoak, ezta bermatzen ere euskararen ezagutza maila, nahiz eta D eredua nagusi izan gure hezkuntza sisteman».

Astigarragak nabarmendu zuen euren ustez ez direla «egungo egoera betikotuko» duten legeak behar. Hala ere, «hezkuntza akordio baen alde lan egiteko prest» daudela gaineratu zuen, eta ziurtatu ekarpenak egingo dituztela eztabaidagune guztietan, «betiere kontuan izanda iparra gure hezkuntza sistemak dituen gabeziei, erronkei eta arazoei aurre egitea izan behar duela».

Balizko hezkuntza lege berriaz ez ezik, egungo «hezkuntza eskaintzaren planifikazioaz» eta hitzarmenez ere aritu ziren, Astigarrak azaldu zuenez. Izan ere, sarritan ematen dira irregulartasunak onarpen prozesuetan, haren esanetan. Hurrengo batzarretan horri aurre egiteko estrategia bat adosten ahaleginduko direla ere aurreratu zuen. «Mahai negoziatzaileen inguruan» ere jardun zuten. Mahai asko «berraktibatu dira», Astigarraren esanetan, «ez hezkuntza langile guztiek osatzen duten kolektibo guztietan, baina bai irakasle eta hezitzaile askorenetan».

Artium kanpoaldean elkarretaratze bat eginez amaitu zuten nazio kontseilua. Hezkuntza publikoaren alde, pribatizaziorik ez! leloa zeraman pankartaren atzean bildu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.