Horst Kohler NBEko ordezkaria Saharako ekintzaileekin bildu da

Adierazi diote Marokok giza eskubideak sistematikoki urratzen dizkiela. Bezperan bezala, mobilizazioak egin dituzte Aaiunen. Mandatariak lehen bisita egin du lurralde okupatuetara

NBEko ordezkaria, ASVDHko kideekin. Ezkerretik hirugarrena da Kohler, eta laugarrena, Brahim Dahane. BERRIA.
Igor Susaeta.
2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Horts Kohler NBE Nazio Batuen Erakundeko Mendebaldeko Sahararako ordezkariekin bildu ziren, atzo, Mendebaldeko Saharako giza eskubideen ekintzaileak. Duten egoeraren berri eman zioten. Iazko abuztuan kargua hartu zuenetik lehen aldiz joan da Kohler lurralde okupatuetara, eta Aaiun hiriburuan, bezperan bezala, Marokoren okupazioa salatzeko kalera atera ziren, atzo ere, herritarrak. Istiluak egon ziren eta Marokoko segurtasun indarretako kideak oldartu eginzitzaizkien. Herenegun, urteotako manifestaziorik handienean, ehun pertsonatik gora zauritu zituzten segurtasun indarrek.

Aminatou Haidar Codesa eta Brahim Dahane ASVDH elkarteko kideekin batzartu zen NBEren ordezkaria. Jakinarazi zioten etengabe pairatzen ari direla giza eskubideen urraketa sistematikoa, eta, horren ondorioz, etenik gabe atxilotzen dituztela ekintzaile sahararrak, baita torturatu ere. Gainera, lurralde okupatuetan jasaten ari diren bazterketaren eta jazarpenaren berri ere eman zioten.

Bi eguneko bisita diplomatikoa egin du Christopher Rossen ordezkoak. Hura 2013ko urrian izan zen azken aldiz lurralde okupatuetan. Beraz, ia bost urte itxaron behar izan dute lurralde okupatuetan bizi diren ekintzaile sahararrek NBEko ordezkari batekin berriro biltzeko.

Dena den, horiekin elkartu baino lehen, herenegun, Aaiungo agintariekin elkarrizketatu zen Kohler. Horiek Marokok gatazkarekiko duen ikuspegia defendatzen dute. Hau da, lurralde okupatuentzako independentzia eskatu beharrean, autonomia eskatzen dute. Sahararraren asmoa, ordea, bestelakoa da. Erreferendum bat dute asmo, eta azken bi egunetan kaleetan protesta egin dutenek independentziaren aldeko leloak oihukatu dituzte.

Baina lurralde okupatuetara jo aurretik, duela hiru egun Marokoko Atzerri ministroarekin batzartu zen. Eta hurrengo egunean Tindufera (Aljeria) bidaiatu zuen. Brahim Gali SEAD Saharako Errepublikako Arabiar Demokratikoko presidentea izan zuen solaskide. Galiren esanetan, elkarrizketa «zintzoa» izan zuen Kohlerrekin.

Ez atzera, ez aurrera

Fronte Polisarioaren eta Marokoko Gobernuaren arteko negoziazioak aspalditik daude etenda; 2007tik, hain zuzen ere. Hainbat saio egin zituzten orduan, baina Marokok autonomia besterik ez du negoziatu nahi, eta Fronte Polisarioak erreferenduma hauspotu nahi du. Beraz, bertan behera geratu ziren elkarrizketak. Dena dela, NBEko Segurtasun Kontseiluak ebazpen bat onartu zuen joan den apirilean, zeinaren arabera negoziazioak sustatzea eskatzen dien bi aldeei. Fronte Polisarioak eskatuta joan da Kohler Mendebaldeko Saharara.

Afrikako azken kolonia da. Nazioarteko zuzenbidearen ikuspuntutik, deskolonizazio prozesuan dago. Okupatu eta lau hamarkadara, nazioarteak ez dio okupatzaileari lurraldearen gaineko subiranotasuna aitortzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.