Albistea entzun

Arte eszenikoak

Gozamenari ateak zabalduta

Gaur hasiko da Urretxu eta Zumarragako arte eszenikoen programazioa, 'Fadoak entzuten zituen gizona' obrarekin. Hamasei emanaldi eskainiko dituzte abendura arte
<b><em>Fadoak entzuten zituen gizona</em></b>. Xake Produkzioak konpainiak gaur eskainiko du emanaldia, Zumarragako Zelai Arizti aretoan.
Fadoak entzuten zituen gizona. Xake Produkzioak konpainiak gaur eskainiko du emanaldia, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. JON URBE / FOKU

Unai Zubeldia -

2021eko martxoak 5

«Kulturaren aldeko apustu argia egin dugu». Mikel Serrano Zumarragako alkateak onartu du «garai zailak» direla kulturaren sektorearentzat. «Baina Urretxuko eta Zumarragako udalek kultur arloko lanpostuei eusteko konpromisoa hartu genuen pandemiaren hasieratik. Aktoreak, produkzioko langileak, aretoko teknikariak, musikariak... Ez dira garai errazak horientzat guztientzat». Horren jakitun, «ahalik eta kultur egitaraurik osoena» prestatzen saiatu dira bi udalak, eta elkarlanak aurten ere eman ditu bere fruituak.

Zailtasunak zailtasun, helduentzat bederatzi ikuskizun eta haur eta gazteentzat beste zazpi prestatu dituzte Urretxu eta Zumarragako 2021eko arte eszenikoen programazioaren barruan. Gaur eskainiko dute lehenengo emanaldia, Xake Produkzioak konpainiaren Fadoak entzuten zituen gizona —19:00etan, Zelai Arizti kultur etxean—, eta abendura bitartean ia hilabetero izango da gutxienez ikuskizun bat Zelai Arizti kultur etxean, Labeaga aretoan edo Ederrena pilotalekuan.

Xake Produkzioak konpainia 2020ko Donostia Saria irabazi berritan iritsiko da, gaur, Zumarragara. Donostiako aretoetan urte osoan eskainitako euskarazko antzezlanik onena saritzen dute Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak, eta hurrengo asteartean, martxoaren 9an, emango dituzte argibide gehiago.

Mario (Iñigo Aranbarri) eta Ander (Kepa Errasti) umetatik elkar ezagutzen duten baina aspaldi elkarren berri izan ez duten bi lagunen arteko bidaia kontatzen du Fadoak entzuten zituen gizona obrak. Gaztelako (Espainia) lurretan barrena joango dira bidaian, kamioi batean, eta bidaia horretan agertuko zaie hirugarren pertsonaia: Masku (Ane Gabarain). «Maskulinitateari buruzko hausnarketak egingo ditugu, umoretik, oso umore erotik eta surrealismotik».

Errastik, konpainiaren sortzaile eta aktoreetako batek, gogoratu du iazko irailean estreinatu zutela ikuskizuna, Tolosan. «Eta, gutxi gorabehera, 30. saioa izango da Zumarragakoa. Zalantzaren bat edo beste bageneukan, baina oso ondo funtzionatu du orain arte. Azken finean, publikoak beste edozein genero baino askoz errazago hartzen du komedia lan bat». Errastik, Aranbarrik eta Gabarainek pandemia betean ekin zioten bideari. «Eta emanaldirik izango ote genuen, mamu hori gainean izan dugu beti, antzokiak ixteko arriskua eduki dugulako azken urte honetan. Baina jende asko etorri da antzokietara», azaldu du Errastik.

Maskaren traba eta algarak

Aktoreek publikoarekin izaten duten feedback horrek bihurtzen du berezi antzezleen ogibidea, eta Errastik onartu du «ohitu» egin behar izan dutela parean maskarak ikustera eta irribarrerik ez nabaritzera. «Baina egia da obra honetan barre algara asko entzuten dela, eta entzumena, behintzat, ez digute kendu, zorionez. Hori bai, hotzagoa da dena».

Pandemia garaia izanik ere, ez Errastiri eta ez Aranbarriri, konpainiaren bigarren makuluari, ez zaie falta lanik. «Abantaila bat daukagu guk: Xake Produkzioak konpainiara dedikatzeaz gain, geure lana daukagula bakoitzak, eta konpainia lasaitasunez bizitzen laguntzen digula horrek». Mami Lebrun (2016) eta Lur (2018) sortu zituzten aurretik, eta hirugarren lana dute Fadoak entzuten zituen gizona (2020). «Buruan badauzkagu ideia gehiago, baina su txikitan egosten ditugu gauzak, presa handirik gabe, eta horrela jarraitzeko asmoa daukagu; luze gabe, momentuz, ez daukagu beste obrarik arrapaladan sortzeko asmorik».

Urtebete atzera eginda, Urretxuko eta Zumarragako udalak iaz hasi, hasi ziren emanaldiak eskaintzen. Atx Teatroaren 7ak bat, gaiztoetan gaiztoenak taularatu zuten 2020ko otsailaren 7an, eta Riki Lopez musikariak kontzertu bat eskaini zuen martxoaren 6an. «Baina alarma egoera iritsi zen gero, eta hankaz gora joan zen dena», esan du Serranok. «Hankaz gora joateak, ordea, ez du esan nahi saioak bertan behera uztea; emanaldiak berrantolatu eta atzeratu egin behar izan genituen, eta irailetik aurrera programatu genituen. 2020an ez genuen utzi bertan behera antzezlanik». Saio bakarraren data falta zaie zehazteko: Baserri dantza emanaldiarena.

Azken urteotan bezala, aurten ere saioz saioko sarrerak eros daitezke, baina baita emanaldi guztietarako bonuak ere. «Eta, hain zuzen ere, horrek erakusten digu Zumarragan eta Urretxun badagoela kulturarekiko eta antzerkiarekiko interes hori». 328 ikusle sartzen dira Zelai Ariztin, eta urtero «137 bonu inguru» saltzen dituztela argitu du Serranok. «Heren bat baino gehiago, beraz». Pandemia egoeran, bonua erosita zeukatenei aukera eman genien mantentzeko edo itzultzeko. «Eta 98k jarraitzea erabaki dute. Horrez gain, beste bederatzik euskarazko emanaldietara joateko fideltasuna agertu dute». Zumarragako alkatearen hitzetan, horrek esan nahi du, «segurtasun neurri guztiak hartuta», herritarrek ondo erantzuten diotela udalek egindako apustuari.

Kultur emanaldiei dagokienez, «ia-ia herri bakar gisa» funtzionatzen dute Urretxuk eta Zumarragak, baina helduentzat saioak izango dira Zumarragan, eta haur eta gazteentzat ikuskizunak Urretxun. Maialen Fidalgo Urretxuko Sustapen Soziokulturaleko zinegotziak azaldu duenez, haur eta gazteen ikuskizunei dagokienez ere iaztik kontratatuta zeuzkaten emanaldiei datak aurkitzea izan da lanik nekezena. «Azken batean, iaztik zenbat geneuzkan lotuta eta zenbat berri kontratatu behar genituen zehaztea izan zen lehenengo lana, baina nahiko ondo moldatu gara».

Helduen emanaldiekin ez bezala, haur eta gazteen saioetarako ez dute atera bonurik. «Ez dakigu, koronabirusaren eraginez, emanaldi guztiak izango diren edo ez; guraso batzuek,berriz, euren seme-alabak ez dituzte bidali nahi izaten maskararekin... Banaka joatea hobe dela pentsatu dugu», dio Fidalgok.

Bi herriak, bereizita

Egoera berezi asko sortu ditu koronabirusak; Urretxutik Zumarragara eta Zumarragatik Urretxura ezin joan ahal izatea, horietako bat. «Guretzat arazo handia izan zen itxialdi hori, eta, Zumarragako Udalarekin elkarlanean, programazioa bertan behera uztea erabaki genuen». Gaur Labik hartuko dituen erabakien zain, Fidalgok ez du uste horrek askorik eragingo dienik eurei. «Gure kultur eskaintza bi herrietako publikoarentzako izaten da beti». Urretxuko Udaleko zinegotziak uste du herritarrek «gero eta beldur gutxiago» daukatela kultur aretoetan sartzeko. «Azken batean, kutsatzerik ez delako izan horrelako espazioetan». Horregatik, Fidalgok eta Serranok abendura arteko emanaldiekin «gozatzeko» dei egin diete herritarrei.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak urteko txostena aurkeztu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak 46 biktima aitortzeko eskatu du

Oihane Puertas Ramirez

1961etik 1997ra bitartean jasan zituzten erasoak. Sei hil egin zituzten, eta 28 torturatu. Eskatu dute kalte ordainak zehazten dituen legea aldatzeko
Esperientzia ezagutarazteko egindako mahai ingurua, atzo Donostian. ©JON URBE / FOKU

Euskal curriculuma: paperetik praktikara

Irati Urdalleta Lete

'Euskal curriculuma: egungo esperientziak eta etorkizuneko aukerak' jardunaldiak egin dituzte Donostian. Hutsuneetatik zer eraikitzen ari diren ekarri dute hizpidera.
AHTaren Bergarako obrak, artxiboko irudi batean. ©Andoni Canellada / Foku

AHTaren Bergarako lotunerako 145 milioi euro eman ditu Europak

Berria

Bilboko Portuko Agintaritzara 14,3 milioi euro bideratuko dizkio, «garraio sareak hobetzeko» diru laguntzen barruan.

Steilasko kideen agerraldia, gaur, Hezkuntza Departamentuaren aurrean. ©STEILAS

Hezkuntza publikoan «behin-behinekotasuna makillatu nahi izatea» egotzi dio Steilasek Nafarroako Gobernuari

Ion Orzaiz

Behin-behinekotasunaren aurkako legearen onarpena erraztu izana egotzi die Geroa Bai, Ahal Dugu eta EH Bilduri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...