urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Munduko ondarea

2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
«Zerrendan zein ez. Aurten zein hurrengo urtean. Datuak datuak dira. Zientzia zientzia da». Fanny Douvere Unescoko itsas programaren buruaren txioari haserrea dario: Australiako koral barrera arriskuan den ondarearen zerrendan sartzetik libratu da azken unean, mundu osoko zientzialariek eskatutakoaren kontra. Gobernuari belarritik tira egiteaz gain, egoera konpontzeko egitasmo eta konpromisoa eskatuko lizkioke erabakiak. NBEk uztailean bertan emandako datuen arabera, Australia azkena da aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan.

Munduko Ondarea —gizateriaren ondare deitzen zaio Hegoaldean gehienetan, espainolezko «humanidad» kopiatuta, ingelesez eta frantsesez World Heritage eta Patrimoine Mondial izan arren—, negozio handia da sarritan, turismotik begiratuta batez ere. Eta negozioarekin batera,geopolitika ere sartu da tartean Australiako kasuan; Juantxo Lopez Uralde politikari ekologista arabarrak zuzenean galdetu dio Espainiako gobernuari zergatik bozkatu duen Australiako gobernuaren alde.

Geopolitikari egotzi diote Erresuma Batuan Unescoren bileran hartutako beste erabaki bat: Txinan da biltzarra, eta Hong Kong-en aldeko jarreraren ordain gisa ikusi dute Liverpooli gertatutakoa. Joan den asteazkenean, munduko ondarearen zerrendatik kanporatzea erabaki zuten. Aspaldi ez zen halakorik jazo: leku bat baino gehiago ezarri izan dira arriskuan diren ondarearen zerrendan, baina kanporatzea, gutxitan gertatu da. 2006an Omani gertatu zitzaion, Arabiako orixaren bizileku ziren naturguneen eremuak murriztu zituelako herrialdeak, eta berdin egin zuten bizpahiru urte geroago Dresden hiriarekin (Alemania).

Elba ibaiaren inguruko kultur-paisaia zen Alemaniako hiriaren kasuan munduko ondare izendatutakoa, etaWaldschlösschen zubiaren eraikuntzak erabat itxuraldatu zuen ingurunea. Antzeko zerbait gertatu zaio Liverpooli; behinolako portu hiri garrantzitsuan, eraikin victorianoz osatutako itsasaldeko irudia ia erabat desagertu da azken hamarkadan, gune horretan egindako operazio urbanistikoen ondorioz. Hiru Graziak —Three Graces— izeneko Liverpoolgo portuko hiru eraikin garrantzitsuen parean, beste hiru «desgrazia» eraikitzea egotzi diete arkitektura adituek udalari. «Lotsarako eguna» deitu dio Liverpoolgo Udaleko Richard Kemp oposizioko zinegotziak asteon gertatutakoari, «Munduko ondare eta Europako kultur hiriburu izendatu arte, Beatles-ak eta futbolagatik baino ez ginen ezagun, jendea ez zetorkigun bisitatzera, bizitzera edo inbertitzera». Baina aitortzen du, halaber, espero zutela. Iaz atxilotutako Joe Anderson alkate ohiaren ustelkeria karguek hiriko itsasbazterrean egindako txikizioaren neurria ematen dute. «Horman eskegitako agiri bat» deitu izan zion Munduko Ondare izendapenari, burla haizez, 2012tik Unescotik iritsitako ohartarazpenei. Antzeratsu gerta dakioke aurki Stonehengeri, Londresek inguru horretan egin asmo duen errepidea eta tunela gauzatzen baditu.

Veneziak doi-doi lortu du zerrendan geratzea, azken asteotan bidaiari-ontzi handiei debekua ezarri eta gero. Munduko hiririk berezienetakoa izatearen prezioa, lekuaren beraren hauskortasuna da. Veneziara iristen den inork ere ez du lehen aldiz ikusten San Marko plaza; aurretik mila bider agertu zaizkio kanalen hiriaren irudiak telebistan, sakelakoan eta beste mila gailutan. Stendhal sindromerik izatera XXI. mendean, ez da begitik sartuko.

Munduko Ondarearen zerrenda horretako mila leku baino gehiagotatik hiruzpalau daude Euskal Herrian, batera edo bestera. Euskaldunokin lotura estua duten beste bi, gure mugetatik kanpo daude: Donemiliaga Kukulako San Millan de Yuso eta Suso monasterioak (Errioxa, Espainia), alde batetik, eta Kanadako Red Bayn euskal baleazaleen ondarea, bestetik.

Zerrendan diren Euskal Herriko leku gehienak gune ugari biltzen dituzten izendapen zabalagoen baitan daude: Donejakue Bidearen inguruan, esaterako, Euskal Herriko herrialde gehienetako eraikinak daude; batzuetan, nabarmenago adierazita ikuspegi turistikotik —Zuberoan Ospitalepeko eliza, kasu—, beste batzuetan, askorik nabarmendu gabe. Lizardoia eta Aztaparretako pagadiak esaterako, Zaraitzun eta Erronkarin.

Pentsa liteke, Europako pagadi zaharren zerrendan egoteko oinarrietako bat, hain zuzen ere, bisitari askok gunea ez hondatzetik datorrela. Hau da, Dresdenen edo Liverpoolen eraikuntza modernoek eragiten dutena, jendea egote hutsak eragin dezakeela naturgune batean.

Gurean baino ez dagoen leku bakarra, Bizkaia Zubia da —Unescoren webgunean, eta Loiuko aireportura iristen den edonork ikusten duenaren arabera, «Vizcaya Bridge»—. Hamabost urte dira Portugalete eta Getxo arteko zubiaren izendapenetik; agintariek zer-nolako lana izan zen hura lortzea azpimarratzen zuten, eta kamerariak bota zidan: hainbesteko ondare bada, ez zukeen horrelako lanik beharko, ez dut uste lobby lan handirik behar izan zenik piramideak sartzeko, ezta? Edozelan ere, hortxe dauka Bizkaiko Zubiak ondarearen ikurra. Anbizio pixka batekin, agian itsasadarreko ondare industrial aberatsera zabal zitekeen izendapena, baina Liverpoolen legez, horrek interes ekonomiko askoren aurka egingo zukeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.