Europa politikoaren kartografia berria

Peio Barrenetxea - Kazetaria

2018ko uztailak 12
Europaren barne politika eraldaketa sakon bat pairatzen ari da. 2019ko maiatzeko hauteskundeei begira, hiru eredu politiko edo ardatzen inguruan antolatuko da nazioz gaindiko politika: Europar, eta hein txikiago batean estatu kideen, identitate etnokulturala defendatzen duten mugimenduak indartsu iritsiko dira, besteak beste, Salviniren erretorikak baimendu eta hauspotuta; bestetik, Europako Batasuna proiektu neoliberal gisa mantenduko lukeen Macron presidentearen planaren jardunbidea izango dugu aztergai, zeinak aurreko mugimenduen agerpenari zuzenean eragiten dien; eta azkenik, europazaleak diren eta austeritate politiken kontrako eredu alternatiboak garatu dituzten mugimendu transnazionalak.

Mapa politiko berri honek baditu hasieratik agerikoak zaizkigun hainbat albo-ondorio. Alde batetik, Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren itzal luzanga higatuz ari da azkenaldian, Bavariako CSU alderdiak migrazio politikan hartutako eskuin muturreko ildo aldaketak estututa. Merkelen botere politikoa ezbaian jarri duena ez da soilik migrazioaren krisitik eratorritako CSUren eszisio saiakera izan. Izan ere, Europako Batasunaren mailan, Alemaniako demokristauak barneratzen dituen EPP Europako Alderdi Popularraren ahots berriek kontserbadurismo nazionalistaren birharagitze bat dakarte esku artean, eta Europar proiektuaren sortzezko baloreak birrintzea dute jomugan. Hala Orbanek, Kurzek nola Salvinik Europako erakundeen kontrola bere gain hartu nahi dute. Austriako kantziler Sebastian Kurzek berak «borondatezko ardatz» izendatu zuen Italia eta Hungariarekin batera eratu zezaketen lankidetza diseinu berria. Indar xenofoboen batasun honek EPP euroalderdiaren barne-eztanda ekar lezake.

Eta bidea erabat leundu diete EBko estatuburu eta gobernuburuek. Pertsona errefuxiatuen eta migratzaileen etorrerak iazko eta 2016ko zifrekin konparatuz nabarmen behera egin duen arren, Batasunera iristen diren migratzaileentzat «zentro kontrolatuak» eraikitzea adostu zuten ekain bukaerako Europar Kontseiluko kideek, pertsona errefuxiatuen zioa erabakitzeke dagoen artean. Hala, giza migrazioa Europako proiektuaren desafio, zorigaitz, are aukera lez definitua izan den bitartean, giza haragi eta mehatxutzat ere jo da Lifeline eta Aquarius bezalako ontziek europar kostaldeetan porturatu ezin izana, Salvini Italiako Barne Ministroaren gozamenerako. Urteak dira Europako Batasunaren immigrazio politika zeharo segurtasun auzi bezala eraikia izan dela, eta framing horren bitartez, EBk gauzatzen dituen kanporatze praktikek eskuin muturreko liderren nahiak asebete dituzte.

Era berean, EPP alderdi kontserbadorearen biziraupenerako aldaketa ezinbestekotzat jo zuen Hungariako lehen ministro Orbanek, eta termino bertsuetan migrazioaren kontrako indar politiko berri bat sortzearen beharraz mintzatu zen. Europaren etorkizunerako eztabaidan ez da faltako, beraz, kontinente erdialdean Austrian, Hungarian, Bavarian uztartu den identitate etnokulturalaren gorentasunean inspiratutako etorkinen kontrako proiekturik.

Bestalde, 2019ko Europako Parlamenturako hauteskundeak begi bistan izaki, Emmanuel Macron presidentearen Europa bateratzeko plana erretorika xenofoboaren bazka bilakatu da. ALDE Europako Liberal eta Demokraten Aliantza alderdiarekin izango duen harremana ere zehaztu gabe dago. Ukitu paneuropearra duen «zaintzen duen Europa» ideiak asko du kosmetikatik. Eurogunearen erreformaren ikur izendatzearen ondotik, Macronen helbururik behinena itxura zaintzea izan da. Europar Kontseiluko goi bileran migratzaileen «zentro kontrolatuak» eratzeko akordio hutsa norberarengan aitorturiko garaipen bat da. Hartara, Europaren etorkizuna akordioak adosteko gaitasunen arabera erabakiko da. Ondorioz, Macronen estrategia eskuin muturraren nahietara makurtu behar izan da.

Hiritarren bizimoduetan erabateko eragina duten politika europarren goraguneak gehiengo debate europar bat eskatzen du. Diskurtso politikoa nabarmen europeizatu da, migrazioaren aferak ez baitu soilik Italiako kostaldea bustitzen, erantzun koordinatu eta adostu bat ematea ezinbestekoa da. Eta europar proiektuaren ustezko zaindari zein gaizki-esaleek debatearen europeizazioarekin bat egin izanagatik ere —hala negatiboki Salvini, Orbán, Kurzek, nola positiboki Merkel, Macron eta Sanchezek—, interes gutxi dago 2019ko udaberrian datozen Europar hauteskundeetan lehiakortasun politikoa nazioen mugaz gaindi aurkezteko. Irakurketa instituzional batetik abiatuta, transnazionalismo elektoralari muzin egin zaiola erakusten du interes falta horrek. 2018ko otsailean Erresuma Batuaren irteerak utziko lituzkeen —gutxienez— 46 eserleku zerrenda transnazionalei esleitzeari uko egin zion Europako Parlamentuak. Alderdi politikoen sistemak logika nazional batean txertatuta dirauen horretan, behetik gorako muga nazionalez gaindiko mugimenduak eratu dira. Mugimendu transnazional hauek Europar proiektuaren aldeko eredu alternatiboak defendatzen dituzte. Beraz egon badago alderdi, are mugimendu politiko berriek ekar litzaketen bizigarriak deuseztatzeko apeta saihetsezin bat, ebidenteki botere politikotik datorrena.

Establishment europarra ez da alderdi berriek izan dezaketen indarraz fio, eta egitura supranazionalak bahitu ditu. Gainera, migrazioarekiko desadostasunek alderdi tradizionaletan arrakalak eragin dituzte, EPPren kasuan katolizismoaren gailentasuna goratuz eta etorkinen kontrako jarrera laidogarriak nagusituz. Maila diskurtsiboan Europaren erreforma liberalago bat defendatzen duten liderrak eskuin muturreko gurarien neurrira eginiko eta hizkera apaingarriko konpromisoez harro ageri dira. Eta oldar horien kontra zutitu beharko dira Europako nazioz gaindiko proiektu politikoak, irtenbide supranazionalak proposatzeaz ez ezik, Europako eremu politikoa berrinterpretatu eta zer-nolako Europa nahi eta behar den garbi uzten dutenak.

Aquarius, Lifeline eta bestelako ontzi humanitarioen antzera, Europar Batasuneko politikaren lema eskuin muturrerantz zokoratu den elite baten eskuetan da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna