Ustelkeria, Tunisiaren trantsizioaren traba

Hilabete honetan beteko dira zazpi urte Zine El Abidine Ben Aliren aurkako matxinada hasi zenetik. Presidenteak bere mesedetan baliatu zuen ustelkeria izan zen matxinada eragin zuen motiboetako bat. Zazpi urteren ondoren, praktika hori orokortu egin da.
Yusef Xahed lehen ministroaren jarraitzaileak, Kasbah jauregiaren parean, iaz, Tunisen.
Yusef Xahed lehen ministroaren jarraitzaileak, Kasbah jauregiaren parean, iaz, Tunisen. MOHAMED MESSARA / EFE

Ricard Gonzalez -

2018ko abenduak 5
Tunisian ez zen izan inolako amnistia legerik, baina Zine El Abidine Ben Aliren diktadura eroriz geroztik ez dute kartzelatu polizia kargudun ia bat bera ere. Abdelkrim Laabidi salbuespen bat da. 2015ean sartu zuten kartzelan, eta han egon zen urte eta erdian. Ez zen izan, ordea, Magrebeko herrialdeaz bi hamarkada baino gehiago jabetu zen terrore erregimenean parte hartzeagatik. Haren bekatua: aurre egitea Tunisiako aireportua darabilten ustelkeria sareei. Laabidi, hain zuzen, aireportuko segurtasun arduradun gorena zen; huraxe dute sarbide eta irtenbide bai salgaiek eta bai diru beltzak. Laabidiren istorioa lekuko argia da zenbateraino sartua dagoen ustelkeria estatuaren erraietan eta Tunisiako gizartean.

«Salaketa bati esker, zazpi maleta atzemateko agindu ahal izan nuen; guztira, 21 milioi zeramatzaten; mafia sare batek aireportutik irtenarazi nahi zuen dirua, eta, gero, Golkora bidali. Halaxe hasi zen dena», gogora ekarri du Laabidik, zeina 51 urteko gizon ile-urdinkara baita, betiere serio plantakoa. Hurrengo asteetan, antzeko beste zenbait operazio zapuztu ahal izan zituen. «Erantzukizun hori aduana departamentuari zegokion, baina, nire kalkuluen arabera, agenteen %50 ustelak ziren», gehitu du. Handik gutxira, komunikabide batzuek Laabidiren kontrako difamazio kanpaina bati ekin zioten; denak ere mafiaren interesei loturiko komunikabideak ziren. Erorarazteko, lehenik, benalista izateaz akusatu zuten Laabidi, eta, gero, islamista izateaz.

Jazarpenaren azken kolpea, berriz, epaitegi batean salaketa bitxi batek ekarri zion: gizon batek ziurtatu zuenez, auto batean ikusia zuen Laabidi, alboan jihadista ezagun bat eserita zeukala, 2013an Mohamed Brahmi politikari progresista erailtzeaz akusaturiko jihadista ezaguna bera. «Epaiketan, gizonak aitortu egin zuen, damuturik baitzegoen, dirua ordaindu ziotela deklarazio faltsu hura egiteko. Epaileak artxibatu egin zuen kasua», azaldu du Laabidik, eta sumario bat du bere historiaren egiaztagarri. Kartzelatik irtendakoan, GKE bat sortu zuen, eta, orain, ustelkeriaren kontrako borrokan dihardu, gorputz eta arima. Izurri erabatekoa da ustelkeria Tunisian, zeina Udaberri Arabiar deritzenen eraginpeko herrialde bakarra baita diktadura baten, kaosaren edo gerra zibil baten mendean erori ez dena.

Iraultzaren txingarra

Behatzaile gehienen ustez, besteak beste Ben Aliren klanaren ustelkeriak piztu zuen Tunisian iraultzaren txingarra. Matxinada hura, hain zuzen, Wikileaksen filtrazio batek herritar gehienen susmoak —diktadorea zeharo suntsitzailea zela— berretsi eta egun batzuetara sortu zen. «Ideologiarik gabeko erregimen bat zen. Gobernariek aberastea beste helbururik ez zuten. Kleptokrazia bat zen, argi eta garbi», adierazi du Olfa Lamlum politologoak. Paradoxaz, handik zazpi urtera, herritar askok beren buruari galdetzen diote ea orain ustelkeria ez ote den are nonahikoagoa.

«Lehen, soilik presidentearen familiaren inguruan zegoen ustelkeria. Orain, ordea, demokratizatu egin da. Funtzionario asko lanean hasiak dira lehendik zeuden mafia sareekin», salatu du Laabidik. Transparency International-ek urtero argitaratu ohi duen sailkapenaren arabera, Tunisia 74. tokian dago, Txinaren eta Serbiaren pare ia-ia. Metodologia horrek ez du aukerarik ematen Ben Aliren erregimenaren garaiko egoerarekin konparatzeko, baina adierazgarria da Tunisiak iaz 2012ko puntuazio berbera lortu izana ia. Alde horretatik, ez aurrera ez atzera dago herrialdea.

2016ko udan, Yusef Xahedek lehen ministro kargua hartu zuen, eta ustelkeriaren kontrako gurutzadari ekingo ziola hitzeman zuen. Logika horri jarraikiz, joan den hilean, Energia ministroa kargutik kendu zuen, bai eta beste lau goi kargudun inguru ere, petrolio hobi batzuen esplotazioarekin zerikusia zuen eskandalu batengatik. Hilabete batzuk lehenago, Inbertsioetako ministroa kargugabetu zuten, eta kartzela zigorra ezarri zioten hiru urterako, iruzur egiteagatik. Hala ere, herritar askoren iritziz, efektu kolpeak baino ez dira neurri horiek guztiak.

«Baliteke Xahedek zintzo jokatzea, baina gainez egin dio bere eginkizunak», bota du Laabidik. Langintza horrek duen zailtasunaz jabetzeko, gogoratu besterik ez dago zenbait kalkuluren arabera BPGaren erdia ekonomia ezkutuari dakiokeela. Axraf al-Awadi da Tunisiako I Watch gobernuz kanpoko erakundearen arduradun gorena, eta, haren iritziz, gobernuak orain baliabide gehiago darabiltza ustelkeriaren kontrako borrokan, baina ez dira nahikoa: «Gai horretan hitzemandako gauza batzuk soilik bete ditu. Esaterako, ez dira behar beste baliabide erabili lege jakin bat betearazteko: hain zuzen, gobernua behartzen duena agiri publiko guztiak herritarren eskura jartzera, eta administrazioaren gardentasuna bermatzera».

Xawki Tabib da Ustelkeriaren Kontrako Borrokaren Agentzia Nazionaleko presidente prestigiotsua, eta ohartarazpen larri bat egin zuen «lobby mafiosoak» estatuko erakundeetan infiltratu izanaz. Besteak beste, «segurtasun taldeak, justizia eta alderdi politikoak» aipatu zituen, bai eta komunikabideak ere. Tabiben ustez, erremediorik jarri ezean, baliteke herrialdea diktadurara itzultzea berriro.

Tabiben mezua alarmista samarra da, ez baita ageri ezein erakunde edo pertsona nabarmenik gai izango denik estatu kolpe arrakastatsu bat emateko. Nolanahi ere, agerikoa da herritarren desilusioa, gero eta handiagoa, eta horrek ahuldu egiten du sistemaren zilegitasuna. Zenbait inkestaren arabera, herritarren %80 ingururen iritziz, herrialdea «okerreko bidean doa». Hortaz, ez da harritzekoa ozta-ozta erroldatuen %20k bakarrik eman izana botoa joan den maiatzeko udal hauteskundeetan, demokrazian egindako lehendabizikoetan.

Legegintzaldirako eta presidentetzarako azkeneko hauteskundeetan, Nida Tunis alderdia izan zen irabazle, eta haren gorabehera kaotikoek balio dute klase politikoarekiko urruntze hori ulertzeko. Alderdia eratu eta sei urtera, oraindik ez da gai izan kongresu nazional bat antolatzeko. Horretan ahalegindu zen aldi bakarrean, haren fakzio batzuetako zenbait ordezkarik elkar joka amaitu zuten. Tirabira nagusi bat zuten: herrialdeko presidente eta Tunis alderdiaren sortzaile Beji Caid Essebsi 90 urtekoaren semea tematua zegoen alderdiaren buru jartzera, eta aita ordezkatzera. Orain, gaur egungo ministro Xahedek ere nahi du presidente izan, eta horrek zatikatzera eraman du Nida Tunis.

Sokatira hori irabazteko, Essebsi gaztearen fakzioak bat egin du UPLrekin, Slim Riahiren alderdiarekin, zeinari Berlusconi tunisiarra ere esaten dioten. Riahik hamabost diputatu ditu, eta flirtean ibilia da Xahedekin, hari Justizia Ministerioa eskatzeraino. Lehen ministro matxinoak ezezko behin betikoa eman eta gero soilik jo zuen Nida Tunisen besoetara, ideologiarik gabeko alderdi baten aldera, zeinak boterea baitarabil oinarri bakartzat. «Alderdi politikoak dira Tunisiaren trantsizioaren ahulgunea. Ennahdakoak [islamista moderatuak] ez beste guztiak oskol hutsak dira, alderdiaren sortzaile handinahiaren zerbitzura dihardutenak», esan du herrialdean bizi den ikertzaile batek, Rosa Alvarezek.

Bizi baldintzak ezin hobetu

Ustelkeriaz harago, iraultza osteko aldian aritutako sei gobernuek batez besteko herritarren bizi baldintzak ezin hobetu izana da herriaren desilusioaren arrazoi nagusietako bat. Hain zuzen, bizi baldintzak hobetzea zen, hainbat askatasun politiko eskuratzearekin batera, jende oldearen eskaera nagusia 2011ko urtarril gori hartan. Alabaina, langabezia eta inflazioa areagotu egin dira, eta horrek higatu egin du herri klase xeheen erosahalmena. Hein batean, txikitu egin delako dinarraren balioa; lau urteotan, balioaren %60 galdu du. Ekonomistek erreforma liberalizatzailerik ezari egozten diote errealitate gordin hori; herritarrek, berriz, klase politikoaren berekoikeriari eta hura bere baitara bildu izanari.

Hori esanik, trantsizioak ez ditu behaztopa horiek bakarrik ekarri. Iraultza garaian askaturiko energiak gizarte zibil indartsu baten inguruan sendotu dira. Esaterako, iaz, parlamentuak genero indarkeriari buruzko lege eredugarri bat onartu zuen, zeinaren bidez indargabetu baitzuten arau bat bortxatzaileari modua ematen ziona kartzelara ez joateko baldin eta bere biktimarekin ezkontzen bazen. Eta hilabete honetan, herrialde arabiarretan lehenbizikoz, lege bat onartu dute arraza diskriminazioaren kontra, zeina izurri erabatekoa baita eskualde osoan. Eppur, Tunisia si muove.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna