Deabru gorrien metamorfosia

Erik Ten Hag entrenatzaileari esker, Manchester United indartsu bat ikusteko esperantza berreskuratu dute zaleek. Kontraerasoan oinarritutako estiloak joko landuari egin dio tokia. Jokatzeko era berria txertatzeko asmoz, udako fitxaketen merkatuan 247 milioi euro gastatu dituzte.

Erik Ten Hag Manchester Unitedeko teknikaria aginduak ematen, Old Trafforden. PETER POWELL / EFE.
Iñaki Berastegi.
2022ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Ole Gunna Solskjaerrek zuzendutako Manchester Unitedek aise menderatu zuen Reala 2021eko otsailean. Europa Ligako final-hamaseirenetako joanekoan, Turinen (Italia), 0-4 gailendu ziren deabru gorriak, eta itzulerako partida hutsean amaitu zen Manchesterren (Ingalaterra). Ordu hartan, kontraerasoak baliatu zituen talde txuri-urdina astintzeko. Bihar, ordea, Realak oso bestelako aurkari bat izango du aurrean. Deabruak dira oraindik ere, baina itxura aldatu dute.

Emaitza kaskarrak pilatzearen ondorioz, iazko azaroan, Solskajer kargutik kendu, eta Ralf Rangnicki eman zioten taldea gidatzeko ardura, denboraldia amaitu arte. Erik Ten Hag herbeheretarra da orain Manchester Unitedeko entrenatzailea. Aspaldiko Ajax indartsuena osatu eta gero, Premier League txapelketara jauzia eman du, noraezean zegoen talde historiko baten bidea zuzentzeko asmoz. «Duela hemezortzi hilabeteko taldearekin alderatzen badugu, esango nuke taldeak mentalitate indartsuagoa duela orain, eta hori entrenatzaile talde berriak lortu duen zerbait da», nabarmendu nahi izan du Paul Parker Manchester Unitedeko jokalari ohiak. BBC eta Talksport hedabideentzat lan egiten du gaur egun.

Mentalitatea ez ezik, taldea ere dezente aldatu da. Ligako aurreneko bi partidak galdu eta gero, Ten Hagek taldea gehiago indartzeko beharraz ohartarazi zuen. Kasu egin zioten. Azkenerako, 247 milioi euro gastatu dituzte udako fitxaketen merkatuan: Lisandro Martinez eta Anthony ekarri dituzte Ajaxetik, Carlos Casemiro Real Madriletik, Christian Eriksen Brentfordetik, Tyrell Malacia Feynoordetik eta Martin Dubravka ordezko atezaina Newcastletik iritsi da. «Bereziki atzeko lerroa aldatu da. Raphael Varane ere berria dela esan genezake, aurreko denboraldian, lesioak direla eta, nekez jokatzen zituelako hiru partida jarraian».

Sir Alex Ferguson 2013an erretiratu zen, eta ostean David Moyes, Ryan Giggs, Louis van Gaal, Jose Mourinho, Ole Gunna Solskjaer, Michael Carrick, Ralf Rangnick eta Erik Ten Hag eseri dira Old Traffordeko aulkian. Europa liga bat eta bi kopa irabazi arren, ezin izan dute Premier League eskuratu, eta kezkagarriagoa dena: kosta egin zaie liga aurreneko lau sailkatuetan amaitzea. «Talde hau oraindik ez dago Manchester United bezalako talde historiko bati exijitzen zaion maila horretan. Halere, Sir Alex Fergusonek taldea utzi zuenetik, uste dut hau dela abiapunturik onena».

Lau garaipen kateatu dituzte orain deabru gorriek. Azkena, igandean, 3- 1 Arsenal liderraren aurka. «Ez dut uste hamaikakoan aldaketa asko egin beharko lituzkeenik. Aspaldiko partez, jokatzeko moduan ziurtasuna ematen du taldeak, eta sentipen horri segida eman behar zaio». Gutxi jokatzen ari den Cristiano Ronaldo eta oraindik titular izan ez den Carlos Casemiro izan daitezke berritasunetako bi. «Aproposa litzateke Ronaldok hasieratik jokatzea. Taldea ondo ari den arren, nabari da aurrelari peto baten beharra dutela, eta Ronaldok bera nor den erakusteko gogo hori dauka. Casemirok ere hasieratik jokatzea behar du».

Joko landua

Izenetatik haratago, taldearen jokatzeko modua da gehien aldatu dena. Kontraerasoa zuen oinarri Solskjaerren taldeak, eta joko landua egiten du Ten Hagenak. «Asko aldatu da, bai. Solskajerren taldea ez zen gai partidak kontrolpean izateko. Aldiz, Erik Ten Hagen asmoa hori da: partida kontrolpean izatea, irabazteko aukera gehiago ematen dizulako. Eriksenekin, Bruno Fernandesekin eta Casemirorekin hori lor dezake. Hiru horiei esker, talde bezala joango dira erasora, eta defentsako trantsizioan taldea ez da bitan zatituko».

Irabaztea ez baita nahikoa Manchester Uniteden gisako talde historiko batentzat. Gehiago eskatzen zaio, eta hori egitea zilegi da. «Sir Alex Fergusonek erakutsi zidan Manchester Uniteden lehen helburua irabaztea dela, eta bigarren helburua, baina lehenengoarengandik oso gertu dagoena, zaleak entretenitzea». Trantsizio hori egin ahal izateko, Parkerren ustez, «gakoa» iritsi diren jokalari berriak izan dira. «Irabazteko mentalitatea eta jokatzeko modua eman dizkio entrenatzaileak taldeari, eta hori aldagelan txertatzeko, funtsezkoak izan dira berarekin batera etorri diren jokalariak».

Hortaz, duela hilabete baino aurkari gogorragoa izango du aurrean Realak. «Liverpoolen aurkako lehen 45 minutuak aspaldiko onenak izan ziren. Edonola, ez dut uste talde hau Europa liga irabazteko gai denik. Eraikitze prozesu bat abiatu duen taldea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.