Txakolina, ekaitzaren zain

Donald Trumpek Europako Batasuneko ehunka produkturi ezartzekoak dituen muga zerga berriek bete-betean joko dute euskal ardoa ere. Txakolinak AEBak ditu atzerriko merkatu nagusi.

Getariako txakolin mahastiak, Meaga ingurutik begiratuta. JON URBE / FOKU.
Iosu Alberdi.
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Erresuma Batua eta Ameriketako Estatu Batuak dira, hurrenez hurren, munduan euskal ardoek dituzten merkatu nagusiak. Euskal txakolinaren kasuan, ordea, AEBak dira esportazioen ehunekorik handiena hartzen dutenak. Gauzak hala, AEBetako presidente Donald Trumpek ezarri nahi dituen %25eko muga zerga berriek izan ditzaketen ondorioei so daude upategiak. Atzerapausorik ez bada, ostiralean jarriko dira horiek indarrean, eta Europako Batasuneko ehunka produkturi zuzenean eragingo diete.

Txakolinari dagokionez, hiru jatorri izen daude Euskal Herrian: Arabako Txakolina, Bizkaikoa eta Getariakoa (Gipuzkoa). Getariakoak du guztietan ekoizpenik handiena. Era berean, gipuzkoarrak dira AEBetako muga zergen ondorio gogorrenak jasan ditzaketenak. Sor-marka osatzen duten 32 upategiek euren ekoizpenaren %17 bideratzen dute esportaziora, eta 2017-2018ko sasoian esportatutako 419.000 litroetatik AEBetara bideratu zituzten 271.000. Gehien saltzen den herrialdea da, Frantziaren aurretik. Halere, Japoniako eta Eskandinaviako herrialdeetako merkatuak gora doazela diote sor-markan.

Getariako Ameztoi upategiaren kasuan, euren fakturazioaren %30-35 osatzen dute esportazioek, eta ia dena AEBetara bideratzen dute, %90-95 artean. Oso urrun daude Erresuma Batuko edota Japoniako merkatuak, Jon Bermudez Ameztoi upategikoteknikariaren esanetan: «Ikusi beharko da ea kontsumoa zenbat jaisten den. Oraindik goiz da ondorioak jakiteko».

Izan ditzakeen ondorioen zain dago Getariako Txakolina jatorri izeneko idazkari Ruth Mozo ere: «Ikusteko dago nola eragiten duen. Azkenik muga zergak %25ekoak badira, ziurra da esportatzeko arazoak izango ditugula eta portzentajeek behera egingo dutela».

Bizkaiko txakolinaren kasuan, Getariakoaren aldean txikia litzateke eragina, jatorri izen horretako idazkari tekniko Anton Txapartegiren esanetan: «Estatu Batuetara esportatzen dena ehuneko oso txikia da. Hiru edo lau upategi handiri eragin diezaieke, bolumen handienekoei». Izan ere, 36 upategik erabiltzen dute Bizkaiko Txakolina jatorri izena, eta euren salmenten %4 soilik dira esportazioak. Horien barruan AEBek badute garrantzia (%40-45 inguru), baina ez Getariako kasuan adina. Halere, eragin ditzakeen ondorioak aztertu zain daudela onartu du Txapartegik.

Trumpen zerga berrien ondorioak jasan ditzakeen upategi horietako bat Doniene Gorrondona da, Bakion (Bizkaia). Euren diru sarreren %25 esportazioetatik iristen da, eta horien erdia AEBetatik. Upategiko arduradun Itziar Insaustiren esanetan, zuzenean eragingo liekete muga zergek, besteak beste, ekoizten duten txakolin beltzaren %80k Atlantikoa zeharkatzen baitu. Izan ere, euskal merkatuan ez bezala, AEBetan txakolin gorria eta beltza dira nagusi. «Horri aurre egiteko, ezer gutxi egin dezakegu guk», azaldu du, etsita, Insaustik; Airbus eta Boeing enpresen arteko gatazkak eragin duenak «zur eta lur» utzi dituela nabarmendu du.

Esportazioetan beltza nabarmendu arren, zuria da Gorrondona upategiak gehien saldurikoproduktu, nagusiki Euskal Herrian egiten dituzten salmentei esker: upategirako bisitetan, inguruko ostalariei... Kanpoan, AEBetako merkatuak garrantzi berezia duen arren, Australia, Japonia eta Norvegiako merkatuetan ere badaude, besteak beste. Baita Erresuma Batuan ere, non salmentak gorako bidea hartuta baitzeuden. Badute beste koxka bat hor: brexit-a.

Beste merkatu batzuei atea irekitzean ikusten dute etorkizuna Araban ere. Tokiko jatorri izenaren kudeatzaile Jose AntonioMerinok azaldu du euren fakturazio osoaren %15etik goraAEBetako merkatuko salmentetatik eskuratzen dutela: «Balio oso garrantzitsua du». Merinoren iritziz, gerta daitekeenari aurre egiteko «prestatuta» egotea beste erremediorik ez dago, eta Arabako hainbat upategik Asiako hego-ekialdean irekitako merkatu berriak txalotu ditu, esaterako, Japonian, Malaysian eta Thailandian. «Lan egin behar da merkatu berriak bilatzeko. Kostua du, baina inbertsio bat da».

Txakolina, Basque Wine

Guztiek ere begi onez ikusi dute Eusko Jaurlaritzak ardogileekin adostu berri duen Ardoa Basque Wine Office euskal ardoaren bulegoa. Garapen Ekonomikorako sailburu Arantza Tapiak AEBetako merkatua «oso garrantzitsua» zela nabarmendu zuen ostegunean, ardogileekin bildu ostean: «Ez da ihes egin behar, aurkakoa, presentzia areagotu behar da». Merinok nabarmendu du bulegoaren irekierak «ilusioa eta segurtasuna» sorrarazten dizkiola, eta Mozok gehitu du bulegoaren bidez AEBetan promozioa areagotzeko asmoa adierazi diela Jaurlaritzak: «Aholkularitza tekniko eta enpresarialerako, eta formakuntza, ikerketa eta internazionalizaziorako lagunduko du. Jada martxan diren ekintzak, baina, agian, esfortzu indibidualak kolektibo eginez».

Mozok nabarmendu du euskal merkatuan ardoa «bertako produktu gisa» indartzeko lanean ari direla, baita gorantz doazen atzerriko merkatuetan presentzia areagotzen, Asian eta Eskandinaviako herrialdeetan nagusiki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.