Bide honetan ibiltzen badaki

Eibarrek ez du ziurtatua datorren sasoian ere Lehen Mailan jokatzea, baina aukera asko ditu. Azken hamar jardunaldietan zazpi puntu atera beharko ditu, eta baliteke gutxiagorekin ere aski izatea. Aurreko hiru denboraldietan, atera izan ditu zazpi puntu edo gehiago azken hamar partidetan.

Eibarreko Fabian Orellana eta Valladolideko Nacho Martinez baloia lortzeko lehian, buruz, aurreko igandeko norgehiagokan. JUAN HERRERO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Eibarrek ez daki datorren denboraldian ere Lehen Mailan jokatuko duen. Ez, behintzat, oraindik. Bidearen zati luzeena osatua dauka, baina azken pusketa falta zaio. Luis Aragones zenak zioen dena azkeneko hamar partidetan erabakitzen dela, eta koska hori geratzen zaio Jose Luis Mendilibarren taldeari. Egon zitekeen erabakita edo ia erabakita, baldin eta aurreko igandean Ipuruan gertatu zena gertatu izan ez balitz.Valladolidi 1-0 irabazten zihoan 89. minutuan, baina kareletik behera egin zion ihes igande eguerdi horretako arrantza oparoak Eibarri. 38 puntu edukitzea eskuan izan, baina 35 ageri zaizkio sailkapenean.

Gozo baino gozoagak ziratekeen 38 puntu haiek, beste lau bat puntu gehiagorekin oso gertu geratuko baitzen altxor preziatua eskuratzetik. Ez du ematen lorpen zaila denik hamar partida falta eta lau puntu eskuratzea; gauzak nola dauden ikusita ere, ez du korapilotsua ematen, zazpi bat puntu gehiago aterata Eibarrek ondo lotua izango bailuke Lehen Mailan jarraitzeko aukera; baita gutxiago aterata ere, agian. Baina komeni 42 puntura heltzea, estutasunak beste batzuen etxe bueltan uzteko.

Azkeneko hamar jardunaldi hauetan, atera behar lituzke Eibarrek zazpi puntu horiek, eta taldearen maila ona da heldulekurik sendoena. Jokoan erregular dabil ia liga osoan, nahiz eta azkeneko txanpa honetan pixka bat behera egin duen. Aurkari batzuen jokatzeko moduak ere izan du eragina horretan. Bidea zein den badaki, behintzat, eta dabilen bide horretan oinez jarraitu baino ez du egin behar.

Estatistiken maitaleentzat ere bada datu lasaigarririk. Datuen joanari erreperatzen bazaio, iraganari alegia, baikortasun erabatekoa baino ezin da marraztu Eibarren paper zurian. Izan ere, urrutira jo gabe, azken hiru denboraldiak kontuan hartzen badira, denetan lortu ditu orain teorian behar adina puntu, edo gehiago.

Hiru denboraldi horiek dira, hain zuzen, Mendilibarrenak. Zaldibarkoa aulkian zela lortutako uztak konfiantza ematen du orain ere, bera baita aulkiaren jabe. Duela hiru denboraldi atera zuen kopururik txikiena azkeneko txanpa honetan. 36 punturekin heldu zen azkeneko hamar partiden atarira, eta zazpi gehiago batu zituen, 43 osatzeko. Hurrengo sasoian, puntu kopuruak gora egin zuen: 41ekin ekin zion bukaerako zatiari 29. jardunaldian, eta 54raino heltzea lortu zuen taldeak. Hortaz, hamahiru puntu batzeko gai izan zen; jokoan jarritako 30etatik ia erdiak, beraz. Aurreko denboraldian ere ia marka bera egin zuen azken hamar partidetan, hamabi batu baitzituen. 39 zeuzkan hamar partida falta zirenean, eta 51raino igo zuen azkeneko datua.

Puntu gutxien, orain

Zenbaki festarekin jolasean segitze aldera Mendilibarren aurreko hiru denboraldiak eta laugarren hau alderatzen jarraituz, orain dauzka puntu gutxien garai honetan. Baina ez da beldurtzeko zenbakirik tartean. Izan ere, oraingo 35 puntuak baino bat gehiago zeuzkan duela hiru sasoi: 36. Aurreko denboraldikoa parean jarriz gero, orain baino lau puntu gehiago zeuzkan, eta duela bi sasoi, seikoa da batetik besterako koska. Jakina da ez dela abiapunturik egokiena, baina ez luke deskalabrurik eragin behar. Eibarrek ez baditu etxeko lanak behar bezala egiten, ez da izango oraingo puntu kopuruagatik, hemendik aurrera lana behar bezala egiteko gai izan ez delako baizik. Haatik, taldeak ez du erakutsi txarrena pentsatzeko seinalerik. Ezin da ezkutatu taldeak ez duela sekulako abiadura hartu aurreko hiru denboraldietako azken hamar partidetan, eta puntu kopuru handia eskuratu eta izan zuela joera lehengo erritmoari ez eustekoa. Gogoan izan behar baita Mendilibarren taldeak Europarako abentura gogoan ekin izan ziola aurreko bi denboraldietan azken txanpari, eta ez zela gai izan aurkarien erritmoari eusteko. Baina horrek ez du esan nahi gero mailari eusteko larri ibili zenik. Ezta gutxiago ere.

Kontuan hartu beharko dazertarako gai diren Huesca, Rayo eta Celta ere, jaitsieran baitaude, baina Eibarrentzat onena da bere esku dagoela mailari eustea, eta ez dagoela inoren menpe. Etxeko lanak ondo bete baino ez du egin behar, eta lehen ere erakutsi du gai dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.