urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Itxaropenerako unea

2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Badoa munduko presidenterik boteretsuena eta arriskutsuena. Eta hori gertatzeko hiru egun falta direla, munduak kezkaz eta itxaropenez eusten dio arnasari. Koliseoaren aurkako erasoaren ostean Donald Trumpek aliatu izandako asko eta asko ihesi joan zaizkio, eta alderdi errepublikanoa bera egoera berrira egokitzeko ahaleginetan dabil. Alderdia baino, alderdiko ordezkari ezagunenak, politikoki bizirauteko ekinetan, ia lau urtez bultzatu, babestu eta ia gurtu dutena egun gutxian aldatzeko. Arratoiek trumpismoaren ontzitik arineketan ihesean dirudite, baina ezin ahaztu 75 milioi estatubatuarrek bozkatu zutela beste lau urtez agintean jarrai zezan.

Washington hiriburua gotortuta eta militarki hartuta dago, eta hiria iparraldetik eta ekialdetik inguratzen duen Maryland estatuan ere larrialdi egoera dute asteazkeneko kargua hartzeko ekitaldiaren bezperatan. Pandemiak eta Trumpek duela hamaika egun egindako deialdiek—orain Kapitolioaren erasoa sustatu izana ukatuta ere— izan dute eraginik: publikorik gabeko kargu hartzea izango du Joe Bidenek.

Eta ezin ahaztu zelan doazen Trumpen agintaldiaren azken egunak, ahalik ontzi gehien errez: heriotza-zigorra aspaldi ez bezala erabili dute, hamarkada asko dira hainbeste exekuzio ez direla egon Estatu Batuetan, urtero jende gehien exekutatzen duten herrialdeen zerrenda beltzean egonda ere. 70 urtean lehen aldiz emakumezko bat exekutatu dute, agintaldiaren amaieran. Kuba terrorismoa sustatzen duten herrialdeen zerrenda beltzera itzuli dute, Obamak atera zuen zerrendara. Mike Pompeo lotsagabeak, Irani zer leporatuko, eta Al-Qaedako jihadista suniten talde bati babes ematea egotzi dio xiita integristen erregimenari! Ez du gatazka nuklearra aipatu, hain gutxi Teheranek giza eskubideak urratzea —hori isilarazten bat datoz agintari guztiak, baita Europakoak ere—.

Lagun batek egunotan kontatzen zuen Donald Trumpen garaipenaz egin zioten iruzkina, artean Londresen bizi zela: «Gauza ziklikoa da: lehen ere Margaret Thatcherrek irabazi ostean iritsi zen Ronald Reaganen garaipena, eta orain brexit-a nagusitu eta gero heldu da Trump presidentetzara». Baziren alde garrantzitsu bi, horratik: lehena, Hillary Clintonek aurkariak baino nabarmen boto gehiago lortu zituela, edozein sistematan presidente egiteko beste, baina hautes kolegioaren sistemak eman ziola Etxe Zuria Trumpi. Bigarrena, eta aurrekoa baino garrantzitsuagoa: Trumpena lau urterako zen artean, brexit-a betiko dela. «Hamarkadak joango dira Erresuma Batua berriz heldutasunez nazio izateko, eta agian ordurako ez da Erresuma Baturik izango: Eskoziak alde egiten badu —hala egin beharko luke— eta Ipar Irlandak errepublikarekin bat egiten badu —hala egin lezake—. Orain adiskidea New Yorken bizi da: «Hemen, Martin Luther Kingen urtebetetze egunean, urtarrilaren 20an, aro berri bat jaioko da. Zibilitatea eta dezentzia itzularaziko ditu gutxienez. Hala espero dut». Bai, AEBetakoa lau urterako baino ez zela esan zien Londresko adiskideei.

Nik ez. Iazko primarioetan esan nuen, AEBetako sistema politikoan logikoena presidente batek bi agintaldi egitea dela. Eta herrialdearen egoera ekonomikoak berriz ere hala gertatuko zela sinetsarazten zuela. Mundu guztiari eragin dion pandemiak sistemaren ezinak agerian utzi ditu, herrialdea gidatzen lemazainik okerrena zegoela nabarmendu du eta etengabeko gezurrak ezin ezkutatzea eragin du. Baita herritarren osasuna erdigunera ekartzea ere: ezinezkoa da, esate baterako, txertoa pribatua izatea, helburua pandemia gainditzea baldin bada behinik behin.

Trump badoa, eta edozein antifaxistarentzat berri pozgarria da hori. Badakigu erraz zapuztu daitekeela, baina itxaropenerako tartea dator Etxe Zurian supremazista zurien ordezkaririk gabe. Eta paradoxa bat, amaitzeko: herenegun iragarri zuten Boiseko Jaialdiaren antolatzaileek iaz atzeratutako saioa aurten ere ezingo dela egin, orain bertan dagoen ziurgabetasunak eta antolatzeko behar den denborak zuhurtzia eskatzen baitu. 1987an antolatu zen lehen aldiz, Ronald Reagan agintean zela; 1990ean hurrena, George Bushen agintaldian; eta bost urterik behin hortik aurrera 2015era arte. Hau da, presidente guztien agintaldietan egin da Boiseko Jaialdia... Trumpekin izan ezik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.