Frantziako Tourra

Nagusirik gabe izan dira nagusi

Primoz Roglicen galera akuilua izan da Jumbo Vismarentzat, eta distira egin du Tourreko bigarren astean: bi etapa irabazi ditu, Kussekin eta Van Aertekin, eta garaipenaren lehian sartu du Vingegaard. «Gauza asko gerta daitezke oraindik», ohartarazi du Jon Iriberrik, taldeko biomekanikariak.

Sepp Kuss Jumbo Vismako kidea etapa garaipen bat ospatzen. CHRISTOPHE PETIT-TESSON / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Tour hasiera beltza izan zuen Jumbo Visma taldeak. Erorikoek hankaz gora jarri zioten lasterketa frantziarra irabazteko helburua. Lehenik, Tony Martin joan zen lurrera; gero, Robert Gesink; eta alarma guztiak piztu ziren Primoz Roglicek ere asfaltoaren kontra talka egitean. Mailatuta bukatu zuen hirugarren etapa, eta ekinean jarraitzeko ahalegina egin arren, lasterketa utzi beharrean izan zen sei egun geroago. Kolpeek eta zauriek ez zioten gorputza zukutzen uzten. Hori hala, liderrik gabe, eta hutsune handi batekin gelditu zen talde holandarra. Esloveniarrarekin maillota irabazteko aukerarik ezean, iparra galduta gera zitekeen. Haatik, abaildu ordez, akuilatu egin du lemazainaren galerak, eta protagonista izan da Tourreko bigarren astean, bi etapa irabazi eta sailkapen nagusian iraultzarako itxaropena piztuta.

«Garaipenek Primozek utzitako zuloa psikologikoki konpentsatzeko balio izan digute», azaldu du Jon Iriberrik (Antzin, Nafarroa, 1994). Biomekanikariak seigarren urtea du Jumbo Visman, eta goratu egin du taldeak mendiko azken etapetan eman duen maila. «Kussek aurtengo etaparik menditsuena irabazi zuen herenegun Andorran, eta Van Aertek, berriz, etaparik mitikoena, Mont Ventouxen. Garbi dago taldea oso ondo prestatu dugula Tourraren bigarren zatirako». Bereziki harrigarria izan zen Wout Van Aertek Mont Ventouxen erakutsitako ahalmena, igotzailea ez den heinean. «Ez, ez da eskalatzailea, baina sekulako indarra dauka. Bagenekin ondo moldatzen zela mendian, iaz ere oso maila ona eman baitzuen. Munduan dagoen ziklistarik moldakorrena dela esan daiteke. Hura ikusita, Sean Kelly eta Gianni Bugno datozkit gogora».

Libre dabiltza Roglicen uztarrian egon beharko luketen txirrindulariak. Jonas Vingegaard ere ari da askatasunaz gozatzen; ez etapen ehizan, baizik eta sailkapen nagusiaren lehian. Katebegi nagusia izateko ardura hartu du herbeheretarren egituran, eta oraingoz, presioak ez dio gainezka egin. Hirugarren postuan helduko dio azken asteari, Tadej Pogacarrengandik (UAE) 5.32ra. Hain zuzen ere, Vingegaard da orain arte liderra sufriarazi duen txirrindulari bakarra. Mont Ventouxeko egunean bertan izan zen. Erabakimenez egin zuen eraso, eta gurpiletik atera Pogacar. 40 segundo atera zizkion gainean. Nahiz eta maldan behera aldea osorik galdu, Pogacar menderagarria dela erakutsi zuen danimarkarrak.

Oso mutil «apala» dela azpimarratu du Iriberrik. «Errepidean, lehiakorra eta ausarta da. Erasokor jardutea gustatzen zaio. Debutari bat ikusten duzu Mont Ventouxen liderrari eraso egiten, eta pentsa dezakezu lotsagabea dela. Baina lehiatik kanpo, oso isila da, baita lasaia eta zintzoa ere. Oso erraza da harekin lan egitea». Nabari da jaramon egiten diela Iriberriren aholkuei, maila aparta baitu erlojuaren aurka; hirugarren izan zen Tour honetako lehen erlojupekoan, aurtengo Euskal Herriko Itzuliko saioan bezalaxe. Alta, Iriberrik uste du maldan gora izan duela garapenik handiena. «Oso herrialde laua da Danimarka. Hortaz, 2000 metrotako mendietan horren sendoa izateko, lanketa sakona egin behar izan du Jonasek».

Gakoa, Pogacar bakartzea

Mendate gogorrak igoko dituzte datozen egunetan: bihar Peyresourde, Val Louron-Azet eta Portet kateatuko dituzte, eta etzi, Tourmalet eta Luz Ardiden. Horietakoren batean lehertuko ote da Pogacar? Badu itxaropena Iriberrik. «Aukera, egon, badago. Bi etapa menditsu gelditzen dira oraindik, eta gauza asko gerta daitezke. Logikoa ez litzateke izango, Pogacar izan delako indartsuena eta erregularrena orain arte. Baina begira iaz guri zer gertatu zitzaigun... Zergatik ez pentsatu aurten alderantziz gertatuko dela?». Garbi du Vingegaardek bere esku dagoen guztia egingo duela. «Erasora jo zuen Mont Ventouxen, baita Andorran ere, eta ekinean jarraituko du gelditzen diren mendiko etapetan».

UAE taldeak ez du lasterketa kontrolatzeko ahalmenik, eta horri etekina atera behar zaiola uste du biomekanikari nafarrak. «Liderrak ez du talderik indartsuena, beraz, funtsezkoa izango da ahalik eta lasterren taldekiderik gabe uztea. Taldea zenbat eta lehenago desegin, orduan eta aukera gehiago izango da lasterketa apurtzeko». Jumbo Visma ahulduta gelditu da, Roglicez gain, Gesinkek eta Martinek ere etxerako bidea hartu behar izan baitute. Hori horrela, Ineosek izan dezake giltza. «Ez dakigu zer-nolako estrategia edukiko duen. Podiuma helburu polita izan daiteke beraientzat, eta baliteke ausart jokatzea». Atseden hartu ondotik, gaur itzuliko dira ziklistak lehiara, iheslarientzat egokia izan daitekeen etapa malkartsu batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.