Garairik zailenean, gozatzen

COVID-19aren ondorioz hainbat eten izan dituen arren, sasoiko garai onenean dago Surne Bilbo Basket. Etxean sendo aritzea, defentsa indartzea eta funtsezko jokalarien ekarpena handitzea izan da gakoa.

Alex Mumbru Surne Bilbo Basketeko entrenatzailea aginduak ematen, denboraldi honetako partida batean. L. RICO / EFE.
ainara arratibel gascon
2022ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Gabonak baino aste batzuk lehenagotik omikron aldaerak hankaz gora jarri zuen dena. Kirola ez da salbu izan, eta bereziki saskibaloian partida sako utzi dituzte bertan behera. Alanbrean daude talde guztiak, eta lehiatzeko erritmoa hartu ezinik. Baina, paradoxa badirudi ere, denboraldiko garairik gozoena bizitzen ari da Surne Bilbo Basket. Azken lau partidak irabazi ditu segidan, eta, besteak beste, larunbatean denboraldiko lehen garaipena lortu zuen etxetik kanpo, Obradoiroren aurka. Asteburu honetan baliteke beste urrats bat egitea jaitsiera postuetatik are gehiago aldentzeko, igandean Betis azken sailkatuaren pabiloian jokatuko baitu (12:30). Pixkanaka puzzlearen piezak egokituz doa Alex Mumbru entrenatzailea.

Aurreko denboraldian azken partidan lortu zuen salbazioa Bilbo Basketek. Denboraldi honetan galdu egin zituen aurreneko bost norgehiagokak, eta txapelketako talderik kaskarrena zen defentsan. Batez beste 90 puntu jaso zituen. Gainera, iragan sasoian bezala, hainbat jokalari zeuzkan min hartuta.

Gauzak goitik behera aldatu dira, ordea. Larunbatean sasoiko zazpigarren garaipena lortu eta gero, arnasa hartu du. Hori bai,oinak lurrean ditu Mumbruk. «Aurreko asteburuko garaipenak konfiantza ematen digu lanean jarraitzeko. Baina igandean partida garrantzitsua dugu. Badakigu nondik gatozen, eta COVID-19ak eragindako egoerak erakutsi digu garrantzitsuena egunez egun begiratzea dela, psikologikoki indartsua izatea, eta lanean tinko aritzea». Argi du ezin dutela lo hartu. «Sailkapena oso estu dago, eta uste dut hala izango dela denboraldia amaitu bitarte».

Taldea «gogoz, konfiantzaz eta ondo» ikusten du. «COVID-19a tarteko eten asko izan ditugu. Baina bai psikologikoki eta bai joko aldetik eusten jakin dugu». Batez ere etxean egin duten lana nabarmendu du. «Oso emaitza onak lortu ditugu». Miribilla gotorleku bihurtu dute. Urriaren 17tik ez dute galdu bertan. Sei partida jokatu dituzte, eta denak irabazi. ACBko talde bakarra da bitarte horretan etxean partidarik galdu ez duena. Hori bai, sufritutako garaipenak izan dira. Guzitetan hamar puntutik beherako aldea izan dute. Kanaria Handiaren kontrakoan izan ezik. «Miribilla beti izan da gure gotorlekua, aurreko sasoian asko antzeman genuen zaleen falta».

Etxetik kanpo garaipenen bat lortzea falta zitzaien sailkapenaren erdialdera salto egiteko, eta larunbatean lortu zuten. «ACB ligan gero eta zailagoa da etxetik kanpo irabaztea, eta izan ditugun aurkari gehienak sailkapenaren goialdean zeuden taldeak izan dira». Txarrenari onena atera dio, hala ere. «Joventuten, Valentziaren, Teneriferen eta Baskoniaren aurka, adibidez, oso ondo lehiatu ginen, nahiz eta garaipenik ez lortu. Hala segituz gero, ziur nago halako egunen batean lortuko dugula halako partidaren bat irabaztea. Psikologikoki talde indartsua garela erakutsi dugu».

Gustura dago taldea izaten ari den lehiatzeko moduarekin. «Uste dugu talde honek hazten segitzeko tarte handia duela». Lesioek ez diote horretan lagundu. «Horrek beti dakar eten bat taldearen garapen tekniko-taktikoan. Lesioak izan ez bagenitu, taldea urrats bat aurrerago egongo litzateke arlo horretan; ziur nago».

Besteak beste, zortzi partidatan aritu dira bi joko antolatzaile nagusiak gabe: Jonathan Rossell eta Rafa Luz. Pixkanaka jokalari horiek osatuz doaz, eta sasoirik onenera gerturatzen ari dira. Luz da horren adibide. Gorabeheratsu hasi zuen denboraldia, baina, lesioa gainditu ostean, funtsezko jokalaria da. Bizkaitarrek daramaten bolada onean hark ekarpen handia egin du. 11 puntu sartu eta lau asistentzia banatu ditu lau partida horietan, batez beste. Bi joko antolatzaileak min hartuta egonda, Stefan Peno fitxatu zuten. Taldeak ez zuen ezaugarri bat eman dio serbiarrak: presio handiagoa aurkariaren joko antolatzailearengan.

Defentsan aurrerapusoa

Batez ere etxean, jaitsi egin da jaso dituzten puntu kopuruaren batezbestekoa: 85etik 77 puntura. Etxetik urrun 92,5 puntu jaso dituzte: ACB ligako kopururik handiena. Hor badute zer hobetua.

Beste postu batzuetan jokatzen ari diren hainbat jokalarik ere eman dute aurrerapausoa. Damien Ingelsek fisikoa eman die hegal pibot postuan, eta hortik saskiratzeak lortzeko ahalmena Angel Delgadok. Bestalde, kanpotik, eskumuturra berotu duteLudde Hakansonek, Valentin Bigotek eta Andrew Goudelockek Bigotek gorabeheratsu hasi zuen sasoia, baina hamabi partida daramatza bederatzi puntu baino gehiago sartzen. Hakansonek 19 puntu sartu zituen Obradoiroren kontra, eta Goudelockek erasoko ardura hartu du norgehiagoka estuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.