Beste aro bat hasiko dute

Euskotren liga larunbatean hasiko da, lau talderekin: Arraun Lagunak, Donostiarra, Hondarribia eta Orio. Xubane Uribarrena, Erika Gonzalez, Ania Perez eta Ohiane Iraola arraunlariek taldeen asmoen berri eman dute. Bideoa elkarrizketaren amaieran.

Erika Gonzalez , Ohiane Iraola, Ania Perez eta Xubane Uribarrena, Donostiako kaiko arranplan. GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Hasita daude arrauneko liga guztiak, bat izan ezik: Euskotren liga. Larunbat honetan hasiko da, Santanderren (Espainia), eta ligako lau taldeetako arraunlariak irrikaz daude lehiari ekiteko. Hala eman dute aditzera Arraun Lagunakeko Xubane Uribarrenak (Trintxerpe, Gipuzkoa, 1999), Donostiarrako Erika Gonzalezek (Errenteria, Gipuzkoa, 1997), Hondarribiako Ania Perezek (Irun, Gipuzkoa, 1999) eta Orioko Ohiane Iraolak (Tolosa, Gipuzkoa, 1992).

Nola ikusten duzue liga?

XUBANE URIBARRENA: Aurreko urteetan ez bezala, ez da talde bat egongo oso goian eta besteak oso atzetik. San Juan joan denez, Oriori jarri zaio presioa, dena irabazi behar duela eta abar, baina hori eramaten jakin behar da. Lau taldeok despistatzen bagara, ikusi da prestaketako estropadetan ETE ligakoak gu hainbeste badirela, eta gure ligarako ere balioko digu horrek, lo ez hartzeko.

OHIANE IRAOLA: Urtetik urtera estuago daude gauzak, eta sekulako lehiakortasuna dago emakumezkoen arraunean; ikusi besterik ez dago nola hasi den ETE liga. Hori oso ona da, ikusgarritasuna ematen baitio gure jardunari.

ANIA PEREZ: Borroka polita izango da, ikusgarria, gero eta lehiakortasun handiagoa dagoelako. San Juan falta denez, besteon arteko tarteak txikiagoak izan daitezke.

ERIKA GONZALEZ: Lehen urtea izanik liga honetan, asko gozatu nahi dugu. Orio koska bat gorago dago, baina saiatuko gara ahalik eta gehien gerturatzen.

Zein dira bakoitzaren helburuak?

X.U.: Gorantz joatea pixkanaka, eta Oriori ahalik eta gerra gehien ematea. Baina beste bi taldeei ere begiratu behar diegu, ezuste handiak hartzeko arriskua baitago estropada guztietan, lanak behar bezala egin ezean. Guk gurea egin behar dugu, etenik gabe, eta, banderak irabazteko aukerak baditugu, horiei ondo heldu behar diegu.

O.I.: Helburu jakinik ez daukagu. Negu oso ona egin dugu, eta lan horri etekina atera nahi diogu. Ondo egiten baditugu gauzak, hobetzen jarraitu behar dugu, uda polita izan dadin.

A.P.: Gure helburu nagusia mailari eustea da, eta presioa edo ezusteren bat ematea prestaketako estropadetan aurretik izan ditugun taldeei.

E.G.: Ligan mantendu nahi dugu, eta ea banderaren bat irabazteko gai garen. Mailari eusteko lehian, Hondarribiak behar luke gure arerio.

Zer izango da liga hau, Orio alde batetik. eta beste hirurak bestetik?

X.U.: Espero dut ezetz. Nazkatuta nago entzuteaz San Juan ez dagoela, eta orain dugula besteok aukera zerbait egiteko, hura ez dagoelako. Orain Oriori jarri zaio presioa, nahiz eta iaz hauek banderarik irabazi ez eta guk bai. Ez zait iruditzen Orio izango denik iazko San Juan, errazago egin baitezake kale, nire ustez.

O.I.: Gu behetik gora gatoz, pauso txikiak ematen. Orain heldu zaigu irabazteko aukera, baina uretan egin behar da lana; hitzek ez dute balio. Ez dago arrazoi pisutsu bat esateko gu garela faboritoak, ez dugulako ezer egin oraindik.

Hondarribian nola ikusten duzue Oriorena?

A.P.: Oriok sekulako emaitzak lortu ditu prestaketa garaian, eta nahiko argi geratu da oso indartsu dagoela. Baina horrek ez du esan nahi udan gauza bera gertatuko denik, besteok ere lan egin dugulako. Xubanek dioen bezala, ez dira harrapaezinak, eta presioa egin diezaiekegu besteok. Lehia polita izango da.

O.I.: Faboritoak garela entzutea berria da niretzat, beti egon bainaiz faboritoa izan ez den taldean. Beti iruditzen zait badela talde bat indartsuagoa, eta uretara horrela atera behar dela uste dut. Zeure buruari hobetzeko erronka jartzea da lehendabiziko lana, eta horrekin lortzen badugu besteak baino hobeak izatea, primeran.

Ohiane, zure taldekide batek neguan esandakoa da hau: «Irabazten badugu, esango dute San Juan ez dagoelako dela, eta min ematen dit horrek».

O.I.: Minik ez dit ematen, baina gure lana ezkutuan uzten du. Iazko mailatik gora ez badugu egiten, beste taldeek pasatu egingo gaituzte. Hobetzea da gakoa, eta horretan ari gara. Nork daki San Juan egonda norbaitek aurrea hartuko ez zionik aurten? Gu iaz asko hazi ginen, eta ia beti bigarren egin izanak, irabazi ezinda geratzeak, asko indartu gintuen arlo askotan. Gure lana buru aldetik zailagoa izan zen, eta ez genuen etsi.

Donostiarraren kasuan, estreinako aldia duzue Euskotren ligan. Sortzen dizue ilusio berezirik?

E.G.: Liga ezberdina da; telebista da, eta gauza berri asko daude. Gozatu nahi dugu ligan, eta borroka egin.

Iaz ETE ligan zeundeten; prestaketa ezberdina izan da aurtengorako?

E.G.: Bai, ezberdina da, eta lan eskakizuna igo egin da.

A.P.: Ni berria naiz taldean eta arraunean, baina antzeman nien taldekideei zerbait berezia esan zigutenean Euskotren ligan ariko ginela, San Juanek uko egin eta gero. Animatu egin ginen denok, eta gogo handiarekin gabiltza. Entrenamenduak ere aldatu egin ziren orduan, eta eskakizunak gora egin zuen, beti goi samar eduki dugun arren.

Ematen du emakumezkoen bi ligen arteko aldea ez dela handia, ezta?

O.I.: Ia hasieratik daramat traineru estropadetan, eta orduan bazen taldeen arteko bereizketa, ia-ia jakina izaten zen zein postutan ibiliko zen bakoitza. Orain, bi ligekin lehiakortasun handia dago, eta ETE ligako batzuk gai dira Euskotreneko batzuei irabazteko, eta horrek esan nahi du ona izaten ari dela bilakaera.

Erika, zuk ETE liga ezagutu zenuen iaz, eta lehiakorra dela ez dago dudarik.

E.G.: Bai. Banderak irabazi genituen, eta liga geureganatu ere bai, baina Hibaikak asko estutu gintuen. Liga ezberdinak dira Euskotren eta ETE, eta, jarrita dauden bezala, bat da nolabait goi mailakoa, horra igo egin behar baita behetik.

Euskotrenen talde gehiago lehiatu beharko lirateke?

O.I.: Hurrengo pausoa horrek beharko luke. Gu irrikaz gaude talde gehiago izateko.

X.U.: Azkenean, lau talderekin beti aurkari berberak ditugu, eta talde gehiago lehiatzeak beste zerbait emango liguke motibazio aldetik.

Ania, zer aurkitu duzu arraunean?

A.P.: Bi pentsamolde neuzkan hasieran: ez nuela lekurik izango taldean eta ETE ligan egongo ginela. Kirola egiten nuen lehendik, eta ez nuen uste hain gogorra izango zenik. Kanoan ibiltzen nintzen, eta dietak egiten genituen, baina hau ez dut inoiz ezagutu. Oso sasoi ona behar da arraunean, eta burua indartsu izan behar duzu.

Zer aldatu da emakumezkoen traineruen arteko lehian hasierako urte haietatik?

O.I.: Orion bakarrik ibili naiz traineruan, eta entrenamenduak oso orokorrak ziren hasierako urte haietan. Orain, zehatzagoak dira. Lehen, hiru serie egiten genituen, ordu erdikoak, eta, orain, biziagoak eta motzagoak dira serie horiek, gure lehiaketako distantziara egokituak.

X.U.: Duela bost urte hasi nintzen traineruan; patroia nintzen, eta neure buruari galdetu nion ea non sartu nintzen. Ohianek esan duen bezala, orain lanak zehatzagoak dira, eta gorputzak ere eskertzen du hori, sasoi puntu hobea daukagu orain, eta emaitzetan antzematen da.

O.I.: Gizonezkoak bezala entrenatzen gintuzten, eta ez gara berdinak fisiologikoki. Denbora behar izan dute prestatzaileek konturatzeko guk beste lan bat behar dugula; gainera, gure estropadak gizonezkoen erdiak dira.

E.G.: Entrenamenduak aldatu dira, beste dinamika bat dago orain. Dena aldatu dela esango nuke.

Distantzia aipatuta, gizonek bezala jokatu beharko zenukete, lau luzetara?

O.I.: Nik jarriko nuke horrela, baina ulertzen dut ez izatea horrela oraindik, taldeen arteko aldeak murriztean. Etorri behar luke. Berdintasuna nahi dugu, baina pausoz pauso joan behar dugu. Hala ere, arraunean asko egin da aurrera bide horretan, beste kirol batzuen aldean.

A.P.: Telebistari interesatzen al zaio gure estropadak hogei minutukoak izatea?

O.I.: Prestatuak gaudela ez da dudarik; trainerilletan hamabost minututik gorako estropadak jokatzen ditugu.

X.Z.: Hori horrela da, eta, entrenamenduei dagokienez, gure lanak eta erritmoak lan batzuetan gizonenak baino biziagoak dira, lehiaketako distantzia motzagoa baita gure kasuan. Gizonezko batzuek esan izan digute ez lituzketela nahi gurea bezalako entrenamenduak, ia beti erritmo azkarrekoak izaten direlako.

Donostiako bi taldeen arteko lehia ere badu aurtengo Euskotren ligak.

X.U.: Beste bizigarri bat da bi taldeontzat, zein izango Donostiako talde onena, nahiz eta gu ez gaituzten hartzen donostiartzat. Guretzat bada modu bat Donostiako indartsuenak garela erakusteko. Garbi utzi nahi dut eztabaida ez dagoela arraunlarien artean, ondo moldatzen gara elkarren artean. Guretzat kirol lehia da.

E.G.: Eztabaida gehiago da arraunetik kanpoko jendearen artekoa, gure artekoa baino. Uretako lehia polita da, bestela.

[youtube]https://youtu.be/gft2cxrU-qc[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.