urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Demirtas eta gu

2020ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Estrasburgoko Giza Eskubideen auzitegiak atzera bota zuen Batasuna legez kanpo uztearen aurka ezker abertzaleak aurkeztutako helegitea, 2009ko uda hasieran. Epai gogorra eman zuen; ordurako estrategia aldaketan murgilduta zegoen mugimendua, baina Europak ere Espainiaren jokabidea babestea mugarria izan zen: artean udal batzuetan ordezkaritza izanda ere, gainontzeko erakundeetatik kanpo zegoen. Urte hartako otsaileko hauteskundeen ostean Eusko Legebiltzarretik ere geratu zen, doi-doi ehun mila boto nulu izan ziren, eta PSEko Patxi Lopez bihurtu zen mendebaldean lehendakari, PPk babestuta.

Estrasburgoren erabakia berrikusteko eskariari 2009ko azaroan erantzun zioten ezetz. Erakundeetan aritzeko eta politika egiteko bidea erabat itxi zitzaion; urte eta erdiko epea zeukan ordea, berriz hauteskunde ziklorik hasi aurretik, eta historia egiteko baliatu zuten. Hemezortzi hilabete beranduago, indartsu itzuli ziren erakundeetara Sortu alderdia eta Bildu koalizioak eratuta.

Europaren erabaki haren oihartzuna oso urrunera heldu zen, baita Euskal Herritik kanpo ere. Azaro hartan Istanbulen bizi nintzen, eta NTV telebistatik deitu zidaten elkarrizketa egiteko. «DTP Batasuna mõ?» (DTP Batasuna ote da?) galdetzen zuten. DTP Batasun Demokratikoaren alderdia kurduen aldeko indar garrantzitsuena zen, hogei diputatu zituzten Ankaran, eta hainbat udal garrantzitsutako alkatetzak, baina Turkian ere ilegalizazio-danborrak entzuten ziren. Handik aste gutxira, 2009ko abenduan gauzatu zuen mehatxua Auzitegi Konstituzionalak «estatuaren, herrialdearen eta nazioaren batasun zatiezinaren aurkako ekintzen gune nagusia» zela argudiatuta.

Hortik aurrerakoak oso desberdinak izan ziren, ordea. Europako erakundeek gogor kritikatu zuten Turkiako auzitegien erabakia, eta berdin egin zuten herrialdearen barruan ere estatuaren demokratizazioa bultzatzen zutenek. XX. mendearen zati handiena gobernatu zuen militarismo errepublikanoaren ondoan, indar demokratikoen artean zirudien Recep Tayyip Erdoganen AKP alderdiak ere. «Turkia alderdi politikoen hilobi bihurtu da; alderdiak ixteak ez dio inolako onurarik ekarriko Turkiari. Auzitegi Konstituzionalak Espainian Batasunaren kasuarekin alderatu du, baina ez dago nondik heldu adibide horri», esan zuten AKPko diputatu bik.

Hamaika urte beranduago, adibide bera erabili du Erdoganek asteon, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Selahattin Demirtas buruzagi kurdu espetxeratua askatzea agindu duelako amorratuta.

2010ean, DTP ordurako legez kanpo zegoela, mugimendu kurduak Bakearen eta Demokraziaren alderdia sortu zuen, gizonezko eta emakumezko bana izendatuz alderdi buru: Selahattin Demirtas eta Gültan Kõ?anak. Biak ere espetxean dira, terrorismoa egotzita.

«Guztiz erabaki politikoa da, badakigu zer daukan atzetik. Estandar bikoitzak darabiltzate; aurretik Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Batasuna alderdiaz hartutako erabakian terroreaz hitz egitea ere galarazten du. Demirtas berriz, Kobaneko protestetan egondako heriotza askoren erantzule da». 2014ko udazkenean, Estatu Islamikoa izeneko taldeak Sinjar hartu ostean jo zuen Siriako kurduen esku zegoen Kobaneren aurka. Hiria guztiz setiatu zuten jihadistek, Turkiako mugatik izan ezik, baina Ankarak ere muga itxi zuen, dozenaka jihadistari erabateko askatasunez Siriara joaten uzten zien artean. Kurduak protesta egitera deitu zituen Demirtasek: jihadisten atentatuen eta Turkiako errepresioaren ondorioz dozenaka lagun hil zituzten. Baina Demirtasi berari ezarri zioten espetxe zigorra. Erdoganek argi ikusi baitzuen buruzagi kurdua Turkia guztiko ezker demokratikoaren lider garrantzitsuenetakoa bihurtu zela.

«Demirtasi so, terrorista bat ikusten dugu. Ez dugu onartzen Estrasburgoren erabakia, gure borondate nazionala eta gure auzitegiak ukatzen dituelako», esan berri du Devlet Bahçeli barne ministro eta MHP eskuin muturreko alderdiko buruak. Erdoganen errepublika presidentzialistak otso beltz ultrak ditu aliatu.

Neo-otomanismorantz egindako biraketa horretan, berariaz urrundu da Europatik eta Sirian kurduei babesa eman dien Washingtondik; aliantza interesatuei eutsiz era berean Qatarrekin, NATOn jarraituz eta Errusiarekin bi herrialdeen interesekoak ziren akordioak eginez. Ez du inor harritu Erdoganen amorruak eta Estrasburgoren erabakiaren aurka egiteak. Selahattin Demirtas, esaterako, preso dago oraindik, lerrook idazterakoan. Baina Turkiako Giza Eskubideen aldeko erakundeek gogorarazi diote presidenteari bere adierazpenak konstituzioaren aurkakoak direla: 90. artikuluan onartzen du Estrasburgoren eskumena Turkiako auzitegien erabakietan.

Ziegatik bidali du mezua Demirtasek: «Bizia herriaren alde. Egunik egun indartu ezazue itxaropena eta batasuna. Sinets iezadazue, irabaziko dugu. Hemen gaude. Zuek ere ba al zaudete?». Eta turkieraz gero: «Jaramonik ez oihuei, euren beldur eta ahultasunak ezkutatu nahian ari dira. Izan ausart, altxa zaitezte jazarpenaren aurka. Zuzen gabiltza, indartsu eta gogoz. Elkarrekin irabaziko dugu, ez kezkatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.