Txingarrak hauspotzeko garaia

Liga bukatzeko hamar jardunaldiren faltan, jaisteko postuetan ageri dira Eibar eta Alaves, orain arte 23na puntu batuta. Oso bolada txarrean daude emaitza aldetik, baina zelaiko jardunak dio oraindik bizirik daudela. Gipuzkoarrek egutegi zaila edukiko dute; samurragoa izango da arabarrena.

Alaveseko eta Eibarreko jokalariak elkarren artean lehian, lehen itzulian Mendizorrotzan jokatutako partidan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Ataka zailean iritsi dira Alaves eta Eibar Ligako azken geldialdira. Gauzak orain diren bezala bukatuko balira, Bigarren Mailara jaitsiko lirateke. Hamar jardunaldi gelditzen zaizkie amaiera dramatiko hori saihesteko. Badago denbora. Eta gaitasuna? Azkenaldiko emaitzek ezetz diote: azken hamar lehietan bost puntu bildu ditu Alavesek, eta lau Eibarrek. Joerarik txarrena duten taldeak dira. Sailkapenak, ordea, tartea zabaltzen dio esperantzari: salbazio postuak bi puntura dituzte soilik. Eta sentipenak ere itxaropentsuak dira. Badaude txingarrak errautsen artean. Hala, hauspoari gogotik eragitea dagokie azken txanpan.

Bi taldeek hamabigarren jardunaldian jo zuten goia. Eroso ziren sailkapenaren erdialdean: hamargarrena zen Eibar, eta 11. Alaves. Orain ere elkarren segidan daude; behe-behean, ordea. Mendilibarren taldea 26. jardunaldian erori zen putzuan, eta azken-hirugarren postuan helduko da sasoiaren azken zatira. Gipuzkoarrek 11 jardunaldi daramatzate irabazi gabe, baina, halere, agintariek konfiantza osoa erakutsi diote teknikariari. Ez dute ahazten Mendilibarrek azken urteetan egin duen lan ikusgarria, eta gai ikusten dute berriz ere taldea Lehen Mailan mantentzeko.

Alta, lan handia du egiteko Zaldibarko entrenatzaileak, batik bat erasoko jokoari dagokionez. Izan ere, Eibarrek 22 gol besterik ez du sartu orain arte; ate aurrean gutxien asmatu duen taldea da, Getaferekin batera. Horretaz landa, Ipuruan aurrerapausoa eman beharrean da: bertan bederatzi puntu besterik ez du lortu orain arte, eta neurketa bakarra irabazi. Areago, atsedenera behin ere ez da markagailuan aurretik iritsi. Gainera, penaltien %37 baliatu ditu bakarrik: zortzitik hiru. Gabezia horiek gaindituz gero, aterako da zulotik, lehiakorra izaten jarraitzen baitu. Ekimena izaten eta ausart jokatzen ahalegintzen da, eta defentsan gauzak nahiko txukun ari da egiten: azken hamar sailkatuen artean gol gutxien jaso duen taldea da (33), Getaferekin berdinduta.

Osasunak aurkari zuzenen kontra kale egin du azkenaldian, soilik bi puntu lortu baititu, Valladolid, Elx, Huesca eta Cadizen kontra. Bada, oso egutegi gogorra izango du aurrerantzean. Etxean Levante, Reala, Alaves, Betis eta Bartzelona hartuko ditu, eta Real Madrili, Granadari, Atletico Madrili, Getaferi eta Valentziari egin beharko die bisita. Lehen itzulian, 11 puntu batu zituen aurkari horien kontra. Bestalde, azken lau denboraldietan, gutxienez hamabi puntu lortu ditu bukaerako hamar jardunaldietan. Gehien iaz lortu zituen: hamabost. Orain uzta bera izango balu, 38 punturekin amaituko luke. Aski mailari eusteko. Baina lehien erdiak irabazi behar ditu horretarako.

Zelaitik haragoko arazoak

Alavesek lau jardunaldi daramatza zuloan sartuta, sei irabazi gabe, eta azken-aurreko postuan iritsi da etenaldira. Abelardo Fernandezek akuilua izan behar zuen arabarrentzat, baina kontrako erreakzioa eragin du oraingoz. Bederen, taldeak itxura duina eman du Betis, Cadiz eta Atletico Madrilen kontra. Puntu bakarra bildu du, baina zazpi izan zitezkeen lasai asko. Garaipenak gertu dirudi; alta, garesti ari da ordaintzen defentsako ahuldadea. 44 gol jaso ditu orain arte, eta horietako asko ekidin zitezkeen banakako akatsen ondorio izan dira. Erasoan, berriz, Lucas Perezen talentuaren falta ari da sumatzen. Abelardok alboratu egin du, engaiamendu falta leporatuta. Bestelako zurrumurruek ere gaiztotu egin dute taldearen inguruko giroa.

Urak irabazi ahala baretu ohi dira, eta, horretarako, dituen baliabideei zukua atera behar die Abelardok. Lucasenak egin du jada, baina Ponsek eta Peleteirok, adibidez, ekarpen garrantzitsua egin dezakete. Joseluren golak eta Pellistriren txinpartak ezinbesteko dira oraindik ere. Egutegia da Alavesek darabilen beste argudioetako bat, ez baita makurregia: Celta, Vila-real, Huesca, Levante eta Granadaren aurka ariko da Mendizorrotzan, eta Athletic, Valentzia, Eibar, Elx eta Sevillaren aurka etxetik at. Zortzi puntu lortu zituen talde horien kontra lehen itzulian. Uzta bera lortuta, agur esango lioke Lehen Mailari. Iaz zazpi puntu lortu zituen azken hamar lehietan, eta sei 2019an. Haatik, 2018an hamasei bildu zituen, eta hamabost 2017an. Antzeko kopuru baten beharra izango du mendeurreneko sasoia elitean finitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.