Ipuruako giltzak galduta dabil

Etxean jokatutako 11 partidetatik bakarra irabaztea lortu du Eibarrek. Xepe Gallastegik uste du taldeak baloia edukitzen duela, baina gol aukera gehiago sortzea falta zaiola. Ipuruako partidetan Mendilibarren taldea 4-4-2ko sistemarekin jokatzearen aldekoa litzateke jokalari eta teknikari ohia.

Eibarrek Sevillaren aurka jokatu zuen bere azken partida etxean. Espainiarrek irabazi zuten. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Aurtengo denboraldian etxeko giltzak galdu dituela ematen du Eibarrek. Orain arte etxean jokatu dituen 11 partidetatik bakarra irabaztea lortu du, Granadaren aurka. Gainontzeko hamar bisitariak gutxienez puntu bat eskuratuta atera dira Ipuruatik, eta hori ez da oso ohikoa. Gauzak bere onera itzuli nahi badituzte, etxeko sarraila aldatu beharko dute eibartarrek.

Espero baino puntu gutxiago atera ditu Ipuruan talde gipuzkoarrak, eta uste baino gehiago handik kanpo. Normalean alderantziz izaten da, baina, orokorrean, «beti bezala, justu xamar» ikusten du bere talde kuttuna Xepe Gallastegik (Eibar, Gipuzkoa, 1957). Ondo ezagutzen du kluba Gallastegik, 20 urte baino gehiago eman baititu Eibarren, jokalari eta entrenatzaile modura. Egoera ikusita, argi du sasoi honetako xedea zein den: «Aurten, inoiz baino garbiago, helburua atzetik hiru talde uztea da, eta maila mantentzea».

Etxeko balkoitik bista paregabeak ditu. Ipurua ondoko etxebizitza dorrean bizi da, eta etxetik atera gabe ikus ditzake Eibarren partidak zuzenean. Puntu gutxi eskuratu baditu ere, ez du uste beste taldeak hobeak izan direnik: «Sevilla kenduta, inor ez da Eibar baino gehiago izan Ipuruan. Norgehiagoka onak egin ditu etxean talde handien aurka, eta galdu egin ditu, baina ez dira gehiago izan».

Beste sasoiekin alderatuta, joko aldaketa bat ikusi du talde gipuzkoarrean. Denboraldi honetan «baloi gehiago, eta gol aukera gutxiago» ari da izaten Mendilibarren taldea, Gallastegiren ustez: «Taldea ez da hainbeste iristen aurkarien areara. Aurreko denboraldietan baino erdiraketa eta erremate gutxiago ari dira egiten». Baloia inoiz baino gehiago ari da izaten Eibar, baina baloia aurkaria baino gehiago edukitzea ez du lotzen ondo jokatzearekin: «Ondo jokatzea zer da? Taldeak zuk nahi duzuna egitea, eta askotan egitea. Eta uste dut ez dela egin nahi duena egiten ari».

Gallastegik uste du etxean, behintzat, taldeak 4-4-2 batekin jokatu beharko lukeela, eta aurkaria «deseroso» sentiarazi: «Emaitza hoberenak joko sistema horrekin lortu ditu: goian presioa egin, eta erdiraketa eta erremate asko lortuz. Hori etxean ez luke aldatu behar».

Zaleen falta ere giltzarritzat jo du Eibarrek bizi duen egoera azaltzeko: «Egia da orain ez daudela zaleak zelaian, eta Ipurua bezalako zelai txiki batean oso garrantzitsuak dira. Taldeari intentsitatea eta tentsioa ez galtzen laguntzen diote».

Jokalarien adina gauza batzuetarako eragozpena bada ere, beste zenbaitetarako onuragarria da eskarmentu handia duten jokalariak izatea taldean. Gallastegik argi du mailari eutsiz gero aldagelan dagoen esperientzia handiari esker izango dela: «Multzo sendoa dago. Jokalariak ohartuak daude egoeraz, eta badakite egoera honetan nola jokatu. Ez dira urduri jarriko».

Hilabete gogorra

Lau aurkari zuzenen kontra arituko da Eibar datozen lau asteetan: Valladolid, Elx, Huesca eta Cadiz. Egutegia ikusita, Gallastegik uste du aukeran hobea dela horrelako taldeen aurka erreskadan jokatzea: «Nahiago dut denen aurka segidan jokatu, tartean Real Madril, Bartzelona eta horrelakoekin lehiatzea baino. Horien aurka, azken finean, badakizu galdu egin behar duzula, eta beste partidetan baino esfortzu fisiko handiagoa egiten duzu. Nire ustez, hobe da horrela. Jokalariekhilabete gogor bat datorrela jakin behar dute, eta denboraldiko helburuen %80 hor joango direla».

Aurkari zuzen horien hainbat partida ikusi ditu Gallastegik, eta ez du uste Eibar baino gehiago direnik: «Oso partida parekatuak izango dira, eta denek izango dute galtzeko beldurra. Golak sartzeko asmoz eta irabazteko asmoz joan behar du Eibarrek».

Beheko aldean dauden talde guztiei gol falta sumatzen die: «Asko kostatzen zaie partidak irabaztea, eta uste dut datozen jardunaldietan berdinketa asko egongo direla beheko taldeen artean. 38 puntutan, edo gutxiagotan, egongo da langa». Horretara iristeko, aurkariak beren arean giltzapetu beharko ditu talde gipuzkoarrak, eta erdiraketa eta erremate asko egin, hori baita Eibarren garaipenen giltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.