Ondorengoa noiz iritsiko zain

Munduko Txapelketako gizonezkoen errepideko proba jokatuko da bihar, Anberest eta Leuven artean. Euskal herritarrek 2003koa dute azken domina: Igor Astarloak urrea kolkoratu zuen orduan. Txapeldun ohiak ez du uste bihar Alex Aranburuk lekukoa hartuko dionik, lider gisa ariko den arren.

Igor Astarloak 2003an irabazi zuen Munduko Txapelketa, Hamiltonen, Kanadan. VINCENT JANNINK / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Flandriara bideanerantzun dio Igor Astarloak (Ermua, Bizkaia, 1976) BERRIAren deiari. Han jokatzen ari dira Munduko Txapelketarenmendeurreneko aldia, eta txapeldun ohien galara gonbidatu dute ermuarra. 2003an lortu zuen ortzadar elastikoa, Hamiltonen (Kanada). Geroztik, euskal herritarrek ez dute dominarik ere lortu gizonezkoen errepideko lasterketan. Menturaz, baliteke bihar amaitzea agorraldia, Alex Aranburu Espainiako selekzioaren buru izango baita. Ezkiotarrak askatasun osoa izango du bere aukerak jorratzeko, sasoi honetan aurrerapauso nabarmena eman eta gero.

Astarloak gustura pasatuko lioke lekukoa, baina, «errealista izanda», ez du uste Aranburu garaipenaren lehian sartzeko kapaz izango denik: «Aurkari asko ikusten ditut haren gainetik. Faborito nagusiak oso sasoi onean iritsiko dira, eta oso zaila izango da ezustekoa ematea». Eta oilarrak elkarri begira geratuko balira, bestelako ziklistak horren gertutik zaindu gabe? «Ez dut uste halakorik gertatuko denik. Ibilbidea oso gogorra izango da, eta selekzio nagusiek ez dute hari-mutur solterik utziko. Txirrindulari guztiek oso garbi edukiko dituzte beren eginkizunak».

Klasiko itxurako proba izango da, bai distantzia aldetik 268 kilometro, baita profilari dagokionez ere 2.562 metroko desnibela metatuko dute muino laburrez jositako bi zirkuitutan. Aproposa dirudi Aranbururentzat, baina munduko txapeldun ohiak eszeptizismoari eusten dio: «Ibilbide horretan duen guztia erakuts lezake, baina ez dut uste bere onenean dagoenik. Eta, Munduko Txapelketa irabazteko, derrigorrezkoa da puntu-puntuan izatea». Puntu hori aletuz, zer behar da munduko txapeldun bihurtzeko? «Klasikoetan erabakigarriak diren ezaugarri berberak aipatuko nituzke: abiadura, balizko esprint batean nagusitzeko, eta erresistentzia handia. Zortea ere sartu du zerrendan: «Adibidez, nik irabazi nuenean, ez zidan inork jarraitu eraso egin ostean».

Hori bai, egun bakarreko proba izan arren, Munduko Txapelketa ez da klasiko bat; alde batetik, selekzioka lehiatzen delako: «Ez zaude ohiko taldekideekin, eta harremana eta konpenetrazioa ez da berbera. Niri arraro samarra egiten zitzaidan». Lortzen den sarian ere badago aldea: «Ortzadar maillota urte oso batez janzten duzu, eta denboraldi hori oso berezia izaten da, aparteko oihartzuna izaten duzulako. Sentsazio mundiala da».

Astarloa da zirrara hori sentitu duen azken euskal herritarra. Ia hogei urte igaro dira ordutik. Zer arrazoi dago lehortearen atzean? «Faktore asko hartu behar dira kontuan. Askotan, euskal herritarrek lanean jardun behar izan dute, momentuko talde-buruaren mesedetan. Eta, lider izanda ere, oso lasterketa zaila da. Begira bestela Alejandro Valverderi: irabazteko moduan izan da behin baino gehiagotan, baina garaipen bakarra baino ez du lortu». Inguruko taldeen filosofiak ere ba omen du zerikusia: «Afizionatu mailan klasikoak lehiatzen dira batik bat, baina behin profesionaletara iritsita, nire garaian behintzat, zuzendariak itzuliekin itsutzen ziren. Bai Abrahamek [Olano] eta bai nik Espainiatik kanpo genbiltzala irabazi genuen Munduko Txapelketa. Hura Mapein zebilen, eta ni, Saecon. Ez dut uste kasualitatea denik».

Mesede egin zien, beraz, Italiako taldeen mentalitateak. Hain justu, italiarra da Astarloak hautagai nagusi gisa jo duen txirrindularietako bat: Sonny Colbrelli. «Oso harreman ona dut harekin, baina, laguntasuna alde batera utzita, uste dut sasoi ikusgarria duela oraintxe bertan». Ez dio gezurrik: egurrean aritu da Europako Txapelketan eta Italian jokatu diren klasikoetan. Wout Van Aert aipatu du hurrena. Flandriarrak etxean aritzearen abantaila izango du, Remco Evenepoelek bezala. Mathieu van der Poelek eta iazko garaileak, Julian Alaphilippek, osatuko lukete faboritoen multzoa, ermuarraren irudiz.

Errebantxa hartu nahian

Aurrez, emakumezkoen errepideko proba jokatuko da gaur. Herbehereetako selekzioa Olinpiar Jokoetako arantza ateratzen saiatuko da, orduan ihes egin zion garaipena lortuta. Talderik indartsuena izango du berriz ere, lidergoa Anna van der Breggen, Annemiek van Vleuten eta Marianne Vosen esku utzita. Haiei aurrea hartzen saiatuko dira Lotte Kopecky belgikarra, Lisa Brennauer alemaniarra eta Elisa Longo Borghini italiarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.