Bulegoan asmatzearen balioa

Bi urte bete dira Roberto Olabek Realaren futbol zuzendaritzako kargua hartu zuenetik. Gasteiztarrak bi sasoi prestatu ditu ordutik. Lehen apustuetan, kale egin zuen. Asier Garitano agudo kaleratu zuen klubak, eta fitxaketak ez ziren espero bezain ondo aritu. Bigarren aldian, bete-betean asmatu du.

Roberto Olabe Jokin Aperribairekin hizketan, Zubietako harmailetan. GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Egitura. Hitz horrek izugarrizko garrantzia du Jokin Aperribai Realeko presidentearentzat. Debarrak uste du antolaketa on batekin lortzen dela arrakasta, eta oinarri sendoa sortzera bideratu du kluba 2008. urtean kargua hartu zuenetik. Zelaikoek ez-ezik, bulegoko lanek ere berebiziko garrantzia dute Aperribairentzat, eta, lan horietarako, bi lagun izan ditu kantoi harri: Lorenzo Juarros eta Roberto Olabe. 2016ra artean, biak elkarrekin aritu ziren klubean. Olabe joan egin zen gero, baina kirol arloko arduradun nagusi gisa itzuli zen 2018. urteko martxoaren azkenean.

Gasteiztarrak bi urte bete berri ditu Realeko futbol zuzendari gisa. Hura da jokalarien koordinatzailea Zubietako harrobitik Anoetako zelairaino. Lehen taldearen antolaketan bi sasoi egin ditu Ekuadorko Independiente del Valletik itzuli zenetik: joan zena eta egungoa.

Bi sasoi horietan, argi geratu da antolaketa onak zenbat balio duen futbolean. Goi mailan bereziki: presa handiagoaz aritu beharrak, unean unekoaren garrantziak, asmatu beharra ekartzen du. Emaitzen agintea da; kale egindako apustuek, taldearen porrota ez ezik, kargua galtzea ekar diezaiokete arduradunari.

Olaberi dagokionez, gazi-gozoa izan da 2018tik gaurdaino egindako bidea. Luzera begira abiatu asmo zuen proiektu bat hankaz gora joan zitzaion lehen sasoian; Asier Garitanoren eta haren taldearen alde egindako apustua oker atera zitzaion. Ruben De la Barrera —Olaberekin Qatarreko Aspire futbol eskolan aritutakoa— izan zen kluba uzten lehendabizikoa, herrialde hartara itzultzeko. Handik gutxira, ordea, klubak Garitano bera kaleratu zuen; abenduan amaitu zen luzerako izatea espero zuten proiektua. Laburra izan zen.

Halaber, joan zen sasoian ekarritako jokalariak ere eskas aritu ziren. Sandro Ramirezek eta Theo Hernandezek ez zuten nahi besteko errendimendurik eman, eta ia oharkabean amaitu zuten Realeko ibilbidea. Dena den, Olaberi guztia ez zitzaion oker atera orduan. Mikel Merino fitxatu zuten txuri-urdinek, eta erdilari nafarra ondo aritu da ordutik. Behin taldera eginda, bere kalitatearen printzak erakusten hasi zen, eta, sasoi honetan, urrats bat gehiago egin, eta taldearen bizkarrezurra osatzen duen jokalari multzoko ezinbesteko pieza bilakatu da.

Orain, aldeko haizea

Joan den sasoiko planifikazioan, arrakastak baino orbanak gehiago izan ziren, baina, denboraldi honetan, oso bestelakoa izan da egoera. Olabek fitxatutako jokalari gehienak izugarri ondo ari dira aurten: Natxo Monreal, Martin Odegaard, Cristian Portugues, Alex Remiro eta Alexander Isak dira horren adibide. Modibo Sagnan da salbuespena; atzelaria Bigarren MailakoMirandesera joan zen, utzita, neguan.

Hain justu, ekarritako jokalariak dira Realaren bolada onaren eragile nagusietakoak. Txapelketen etenaren aurretik, garai ezin hobean zen Donostiako taldea; laugarren zen ligako sailkapenean, eta Espainiako Kopako finalerako txartelaren jabe.

Deigarria da Olabek ekarritako jokalari asko utzita iritsi direla Donostiara. Theo, Sandro eta Odegaarden kasua da. Norvegiarra bi urterako etorri da, utzita. Ekarreretan ez ezik, jokalariak uzterako garaian ere bizkor aritu da Olabe. Sagnanez gain, Jon Guridi eta Martin Merquelanz ere Mirandesi utzi dizkio, etorkizunerako prestatu daitezen. Oso ondo aritu dira. Alex Sola, berriz, Numantzian dago, utzita, ekainera arte; Kevin Rodrigues, Leganesen; Raul Navas, Osasunan; eta Jon Bautista Belgikako Kas Eupenen egon da oraintsu arte.

Aritzeko era, berea

Teknikari berezia da Olabe. Futbola ulertzeko modu jakin baten arabera antolatzen du egitekoa; bere estiloa du, han-hemenka edandakotik sortua. Ez hori bakarrik; bulegotik jaitsi, eta soropilera gerturatu ohi da sarri, eta komunikabideekin ere bildu izan da, mahaiaren bueltan bere egitekoaren nondik norakoak xehatu, azalpenak eman eta kazetarien iritziak jasotzeko. Prentsaren aurrean agerraldiak ere egin izan ditu.

Realera itzuli zenean, hiru urte pasatxorako sinatu zuen kontratua Olabek. Hala, gaur-gaurkoz, 2021eko ekainera arteko hitzarmena du talde txuri-urdinarekin. Eroso ari da egun, eta, ondo bidean, klubean segituko du aurrerantzean. Alabaina, koronabirusaren krisiak, futbolarien egunerokoan ez ezik, eragina izan du Olaberen egitekoan ere. Oraindik ez dute erabaki fitxaketekin zer egin, eta utzitako jokalariak zain daude beraiekin zer gertatuko den. Bulegoan asmatzeko egunak ere badira, balioa handia duenez gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.