Lehengoak egin du txapeldun

Adorea eta izaera lehiakorra izan dira beti Baskoniaren ezaugarriak. Dusko Ivanovicen eskutik berreskuratu ditu, eta hori izan da berriro ere ACB ligako txapeldun izateko gako nagusia.

Baskoniako jokalariak, herenegun, titulua ospatzen. Laugarrenez lortu zuen talde arabarrak ACB liga irabaztea. MANUEL BRUQUE / EFE.
mikel reina
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Gauzak txarto doazenean, konponbide ugari egon ohi dira. Horietako bat hasierako planera itzultzea da, oinarrietara. Josean Kerejetak hori pentsatuko zuen abenduan, Velimir Perasovic bota, eta Dusko Ivanovic bueltan ekarri zuenean. Baskoniaren filosofia eta izaera barruan daramatzan entrenatzailea da, eta beste behin ondo atera zaio apustua: herenegun ACB liga irabazi zuen.

IZAERA LEHIAKORRA

Denboraldia ezin izan zen okerrago hasi Buesa Arenan. Perasovicek ez zuen lortzen Baskoniaren DNA hori ezartzea taldean. Ez zen betiko taldea Baskonia, arima falta zitzaion. Aulkian aldaketa beharrezkoa zen, baina zalantza asko zeunden: nor eta zelan. Aukeretako bat 2019-2020 denboraldia ahaztea zen, eta entrenatzaile berri batekin hurrengoari begira lanean jartzea. Edozein entrenatzailek ez du hilabete batzuetarako kontratua sinatzen, are gutxiago hurrengo denboraldirako ziurtasunik gabe. Ivanovicek, ordea, bai. Kerejetak ez zuen beste aukerarik ikusi.

Konfinamendua ondo etorri zitzaion talde gasteiztarrari. Bihotzera jo zuen zuzen-zuzenean Ivanovicek, arazoaren muinera. Baskonia merezi zuen tokira itzularazi nahi zuen, baina, batez ere, burumakur zegoen taldea berreskuratu nahi zuen, eta duela hamar urte txapeldun izatera eraman zituen izaera ezarri, lehiakortasuna eta adorea oinarri hartuta. Espainiako Kopatik kanpo geratzea bereziki mingarria izan zen, txapelketa kuttuna delakobai klubarentzat, bai zaleentzat.

Dinamika aldaketarekin, albiste onak etorri ziren. Jayson Granger eta Luca Vildozak osatzeko denbora nahiko izan zuten. Utopia hutsa zen bientzat azken fase honetan titulua lortzea. Baina lortu zuten, eta argentinarra finaleko jokalari onena izendatuta, gainera. Inor ez zen ohartu sasoi honetan joko antolatzaileekin izandako arazoaz.

PATUAREN INDARRA

2002ko ekainaren 18a, 2008ko ekainaren 3a eta 2020ko ekainaren 30a. Egutegiaren begiratuta, Baskoniak asteartez irabazi ditu hiru ACB liga. Patuan sinisten dutenek begi onez ikusiko zuten herenegungo finala. Bartzelonaren aurka, asteartez eta Ivanovic aulkian. Duela hamar urteko tituluko osagai berdinak zituen. San Emeterioren ordez, Luca Vildozak jarri zuen superheroiaren kapa. Finaleko atariko egunean oso entzutetsua izan zen Pesicek Ivanovici garaikurrarekin egindako txantxa. Jakina da azken partidaren aurretik trofeoa ukitzeak zori txarra dakarrela, baina Bartzelonako entrenatzaileak mito hori apurtu nahi zuen. Patuaren indarra. Josean Kerejetak adierazi zuen, La Fonteta pabiloian, beste batzuetan falta izan zaien zorte hori izan dutela. Lehenengo,finalerdietan, Valentzia Basketen aurka, Jordan Loyden azken segundoetan huts egindako hirukoarekin, eta herenegun, Cory Higginsenarekin. Errealitateak, ordea, erakutsi du talde gasteiztarrak adorea atera duela unerik txarrenetan. Finalaurrekoan, bederatzi puntuz galtzen ari zen. Baina hirugarren laurdenetik aurrera, defentsako lan bikain bati esker, etxeko taldea hirukoak jaurtitzera behartu zuen. Apustua ondo atera zitzaion Ivanovici.

Finalean, berriz, Mirotic, Heurtel, Davies eta enparauek 28 puntu bakarrik sartu zituzten bigarren zatian. Defentsan, taktika eta teknika bainoago, gogoa behar dela berretsi zen beste behin.

DUINTASUNA

Bilbo Basket ere egon da azken fasean. Beste amaiera bat merezi zuen, hain denboraldi gogoangarria osatu ondoren. Alex Mumbruren taldeari ez zion mesede askorik egin konfinamenduak. Sasoiko garairik onenetariko batean zegoen etena baino lehen. Bizkaitarrek beren zigilu propioa ezarri dute ACB ligan, eta azken fasean berretsi zuten. Baskoniaren aurka galdu ondoren,suspertu, eta gainontzeko partida denetan ondo lehiatu ziren. Teneriferen kontra, gainera, merezitako garaipena eskuratu zuten. Hori izan da Bilbo Basketen marka: beti lehiatzen jakitea. Datorren sasoirako taldearen bizkarrezurrari eusten ari dira. Atzo bi sasoirako berritu zioten kontratua Quentin Serroni.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.