«Batu egin nahi dugu, ez banatu»

Lehen aldiz, erremonteko bi enpresa daude: bata, Oriamendi 2010; eta bestea, Nafarroan martxan jarri berri dutena. Haren bozeramaile Josemi Leatxek dio horrek «mesede» egingo diola kirolari.

Xanti Uterga, pilota jotzear, artxiboko argazki batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Ondo bidean, erremontea martxan jarriko da hilabete amaieran, koronabirusagatik hiru hilabete luzez etenda egon ondoren. Aldaketa garrantzitsu batekin itzuliko da, lehen aldiz bi enpresa egongo baitira: bata, Oriamendi 2010, azken hamar urteetan erremontea kudeatu duena; eta bestea, Nafarroan sortu berri dutena.

Erremontistak libre izan dira nahi zutenarekin kontratua sinatzeko, Oriamendik martxoaren 31n eten baitzien hitzarmena. Bakoitzak bere hautua egin du. Hala, hamabostek Oriamendin jarraituko dute: Urrizak, Barrenetxea IV.ak, Endikak, Ansa II.ak,Juaneneak, Segurolak, Zubirik, Goikoetxea V.ak, Arruartek, Zalduak, Etxarrik, Aizpuru III.ak, Labakak, Larrañagak eta Urrutia II.ak. Beste hamaseik, berriz, enpresa berriaren alde egin dute: Oriamendin ari ziren Utergak, Zeberio II.ak, Matxin III.ak, Ionek, Ezkurra II.ak, Azpirozek, Garcesek, Agirrezabalak,Aldabek, Barricartek, Otanok eta Beñatek; erremontea utzia zen Eloyk; eta debuta egingo duten Jabalerak, Saldiasek eta Larretxeak.

«Batzera gatoz, ez banatzera. Ez goaz inoren aurka, erremontearen alde baizik». Hasi orduko, argi utzi nahi izan ditu gauzak Josemi Leatxek, enpresa berriko eledunak (Agoitz, Nafarroa, 1961). Azaldu duenez, «aspaldikoa» da asmoa. «Denbora daramagu ikusten erremontea okerrera doala. Gauza batzuk egin dira, baina ez dute balio izan. Horregatik, duela hamar hilabete lanean jarri ginen. Erremontearen eragile nagusiekin bildu ginen: pilotariak, Oriamendi, Nafarroako Gobernua, Erremontearen Fundazioa, Eusko Jaurlaritza eta komunikabideak. Gure asmoa azaldu genien, eta Oriamendiri ez beste guztiei gustatu zitzaien. Hori ikusita, aurrerapausoa eman genuen».

Leatxek azpimarratu du Oriamendiri «elkarlanean» aritzea eskaini diotela. Haren ustez, «onena da erremontearentzat, baita Oriamendirentzat ere. Bi enpresa egonda, lehiakortasunak gora egingo du, eta gauza ezberdinak egin daitezke. Bestela, erremontea hil egingo da». Baina ez dira ados jarri. «Oriamendik esan digu berak bere proiektua duela, eta pilotariak dituen bitartean horri eutsiko diola. Guk eskua luzatua dugu, baina argi dugu honek ez duela atzera-bueltarik. Hemen gelditzeko etorri gara. Uste dut gai izan gaitezkeela erremontea suspertzeko».

«Oso pozik» dago osatu duten erremontista koadroarekin. «Hamasei nahi genituen, eta hamasei lortu ditugu. Proiektuarekin oso konprometituta daude guztiak, eta nahasketa polita dugu, beteranoak eta gazteak baitaude. Maila handikoak dira guztiak».

Oriamendik bezala, enpresa berriak ere hilabete amaieran hasi nahi du partidak jokatzen. Hasieran, frontoi laburrean ariko dira enpresa berrikoak: Agoitzen lehenbizi, eta Iruñean gero. Baina Leatxek argi utzi du pilotaleku luzean ere jokatu nahi dutela, Galarretan eta Euskalen, besteak beste. Oriamendi da Galarretaren jabe eta Euskalen erabileraren jabe. Beraz, ados jarri beharko dute. «Logikak dio bi enpresa egonda euren artean lehiatu beharko luketela. Bestela, zer? Bi txapelketa egongo dira? Eta biak herren? Pertsona adimentsutzat daukat Joxe Mari Barrenetxea [Oriamendiko burua], eta badakit erremontea maite duela. Uste dut berandu baino lehen ados jarriko garela. Bestela, beste aukera batzuk bilatuko ditugu».

Uterga, «aldatzera behartua»

Xanti Uterga (Doneztebe, Nafarroa, 1984) da enpresa aldatu dutenetako bat. «Behartutako aldaketa» izan dela dio. «Eskaintza egin didan enpresa bakarrarekin sinatu dut». «Sinetsita» dago Oriamendirekin izan dituen «tirabirak» direla 2010etik haren enpresa izandakoak eskaintzarik egin ez izanaren arrazoia. «Iazko udan izan genituen lehenak, Fundazioarekin izandako negoziazio batzuetan bitartekari lanak egin nituenean. Gero, binakakoan ere eduki genituen: adierazi nuen ez nintzela ados lehiaketa sistemarekin, eta baja hartu nuen. Osatu egin nintzen, baina enpresak ez zidan tokirik egin. Beste horrenbeste egin zidan gero Sagardoaren Txapelketan. Azkenekoa, berriz, itxialdiaren osteko entrenamenduen harira izan da. Serio ez aritzea eta Galarretara joateari uko egitea leporatu didate. Lanagatik —Doneztebeko alkatea da— eta familiagatik —bi seme-alaba ditu—, etxean entrenatzea eskatu nien. Ez nuen erantzunik jaso. Eta nik badakit batzuk etxean entrenatu direla, adibidez, Azpeitian. Nik konplitu dut. Beraiek eman beharko dituzte azalpenak».

Argi du: «Ordaindu» egin du «argiegi» hitz egitea. «Agian, horregatik ez didate ezer eskaini. Nik badakit egiarekin ari naizela.Ez dut zertan isildu». «Penaz» doa. «Batez ere, ezingo dudalako gehiago jokatu Galarretan. Urte asko egin ditut han, eta ikusle asko lagunak nituen. Pena ematen dit hori berriro ez bizitzeak».

Baina «aurrera» begiratu nahi du. «Ilusioz» dago proiektu berriarekin. «Ziur naiz gauza berriak biziko ditugula. Lagun artean ariko gara. Kirol arloan, berriz, akuilu izango da. Nik argi dut ona dela beste enpresa bat egotea. Zenbat eta jende gehiagok izan interesa erremontean, orduan eta hobeto». Leatxek egin bezala, berak ere ez du aterik itxi nahi. «Agian, izango dugu aukera Galarretara itzultzeko, baina hori Oriamendiren esku dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.